Brigadak2018

Bolibiako brigadaren kronika berri bat: Bolibiako lanbideez hausnartzen

Mundu globalizatuan bizi garela diogu eta hiri handiak horren seinale direla. Hala ere, Boliviako hiriburura etorrita, hori guztiz horrela ez dela suma daiteke.

 

Egun batzuk eman ditugu La Pazen eta iristean arreta deitzen duen lehenetariko gauza dagoen “Cholita” mordoa da. Cholitak jatorri indigena duten eta janzkera tradiozionala daramaten emakumeak dira. Hauetako asko saltzaileak dira, “Caserak”; merkatuetan, kaleko postutxoetan edo, zuzenean, kaleko iskina batean edozein produktu saltzen dutenak. Baina haientzat saltzaile izatea ez da ogibide hutsa, bizitzeko modu bat baizik. Horren bitartez jendea ezagutu, bizilagunekin hitz egin edota ondoko postuetako eta lagunak diren beste Caseritekin egoteko aukera dute. Zahartzaroan ere euren postuetan darraite egunero-egunero. Pobreziak eragindako behar bat dela pentsa daiteke, Boliviako Gobernuak, ordea, 60 urtetik gorako adinduei hilero ordainsaria ematen die bere garaian kotizatu ez bazuten ere. Orduan, zergatik jarratizen dute salmenta postuetan? Bizitza ez dutelako beste modu batez irudikatzen.

Argentina-Uruguayko brigadaren kronika: Herri ekonomia

Argentinako administrazioaren informeetan milioika langabetu ageri dira, edo beste modu batera esanda, paperetan azaltzen ez diren milioka langile daude. 90.hamarkan neoliberalismo basatia nagusitu zenetik, Argentinako sistema produktiboak ezin izan ditu barneratu bere baitan biztanleriaren sektore zabalak. Globalizazio baztertzaileak soldatapeko lana pribilegio bilakatu du, eta ez dago ugazaba nahikorik “soberan” dagoen lan indarra erosteko.

Ondorioz, gaur egun, populazioaren %30ak sare ekonomikotik kanpo egiten du lan. Erregularizazio orotik at, errealitate honek langilearekiko dakartzan gabezi eta arrisku guztiekin: sindikatuetan afiliatzeko ezina, inongo eskubide eta babesik ez izatea, muturreko prekarizazioa eta ziurgabetasuna edota poliziaren errepresioa. Azken hamarkadetan Argentinako 24 probintzietan eguneroko ogi bihurtu da ekonomia paraleloan lan egitea. Baina, herri argentinarraren sektore hauek, injustizia gogor honen aurrean makurtu beharrean, tinko mantentzen dira sistema sozioekonomikotik kanpo. Asistentzialismoaren menpeko bihurtu ordez, euren lana sortu dute, auzo xumeetan, ahazturiko periferietan.

 

Bolibiako brigadaren bideo-kronika: Cochabambako mARTadero gune autogestionatua ezagutzen

Mexikoko brigadaren kronika berria: beste mundu feminista bat eraikitzen

Mercedes Oliverak “La Pax Neoliberalia y la construcción de otro mundo posible” modulura gonbidatu gintuen. Hau “Repensándonos desde la economía feminista emancipatoria” diplomatura barruan sartzen den modulua dugu; eta antolatzaileak CESMECA (Centro de Estudios superiores de México y Centroamérica) eta CDMCH (Centro de Derechos de la mujer de Chiapas) dira. Aste batez Jules Falquet, feminista materialista frankofono mugimendu barruan kokatzen den borrokalaria, izan zen geure irakaslea. Jules Falquet frantsesa izan arren, landutako feminismoa Ameriketan kokatzen du, bertan bere izaera feminista eta lesbiana aurkitu baitzuen, Txiapasen eta Salvadorren hain zuzen.

Orriak