Brigadak2018

Palestinako brigada feminstaren kronika berria: Errepresioa, tortura eta kartzela

Bizirik behar gaitu, libre izateko


Ramallah-Jerusalem bideko Check pointEtxera itzultzeko astebete falta zaigu, hamarnaka testigantza, hamarnaka lagun. Herri baten erresistentzia berau osatzen duten pertsonen bizipenetan datza eta Palestinaren kasuan errepresioaren aurka egunerokotasunean borrokatzen eta jarduten dutenen kideengan gorpuzten da.

“Hizkuntza da gure territorio libre bakarra” urte luzez oihu egin dugu baina herri honetan beraien egiaren ahotsa da territorio libre bakarra.

Territorioa bera okupatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak baditu Israelek. Jakina den bezala, israeldar armadak kontrolatutako hainbat eta hainbat “check-point” daude Zisjordania eta Gaza osoan, bertatik kontrolatu eta oztopatu ditzakete palestinar herritarren mugimendu guztiak. Honetaz gain lurralde osoa gune desberdinetan dago banatuta. A gunea Palestinar Autoritatearen esku dago, B gunea administratiboki PA-ren esku baina eskumen militarra israelek dauka eta C gunea Israelen esku gelditzen da guztiz. Guzti hau, teoria hutsa da, noski. Errealitatea oso bestelakoa da, Israeldar estatuak eraikitako errealitate bat baita. Okupazioa hedatzeko estrategia legez, israeldar kolonoen asentamentuak Zisjordaniako eremu osoan zehar daude, 250 asentamentutik gora, eta etengabeko hedatze prozsuan.

Bolibiako brigadaren kronika: Bolibiako Aberri eguna

Abuztuaren 5a da eta arratsaldeko 15:30ak dira, autobusean gaude jada Potosírako joateko Boliviaren burujabetasunaren 193. urteurrena ospatzeko. Columna Sur deritzon eragile politikoko partaide batek gonbidaturik gaude eta eurekin batera joango gara.

Halako batean, La Paz-etik irten gara Oruro-rako bidean, han Columna Surreko beste kide batzuk hartzeko. Gauak egunari lekua kendu dio eta hotzak bereak eta bi egiten hasi da. Bidai luze eta hotzaren ondoren, iritsi gara Potosí-ra goizaldeko 4:00ak direnean. Autobusetik irtetzean 8º zero azpitik gaudela esan digute, eguzkia noiz agertuko zain irrikitan gaude.

Denok batera La Casa de la Moneda izeneko eraikinera hurbildu gara eta kalean polizia ugari dakusagu. Goizeko 6:00ak inguru dira eta poliziak ez digu aurrerago joaten utzi. Columna Surreko kide batek aurrera egiteko baimena dutela eta polizia buruak ezetz. Azkenean apur bat atzera egin eta Casa de la Moneda aurrean hartu dugu lekua. Egunak argitzen duen heinean jendea gerturatzen ari da, bai herritarrak eta bai gobernuko agintari eta antolatzaileak ere. Hauen artean, oso azpimarragarria da Casa de la Monedan Boliviako jatorrizko janzkera duten indigenak ere sartzen ari direla. Tarteka musika desfile militarrak igaro dira gauden lekutik hurbil.

Goizeko 10:00ak dira dagoeneko eta hainbeste itxaron ostean, hara non agertzen zaigun Evo Morales presidentea. Columna Surreko partaide bat oso adi zegoen uneoro eta lehenago entsaiaturiko leloak oihukatzeko keinua egin du: “¿Quién se rinde? ¡Nadie se rinde! ¿Quién se cansa? ¡Nadie se cansa! ¿Qué queremos? ¡Evo de nuevo! ¿Qué queremos? ¡Evo de nuevo!”. Mundu guztia argazkiak egiten ahal duen bezala, une hunkigarria. Handik gutxira Evok hitzaldia eskaini du. Jarraian Columna Surrekoek Evoren eta prozesuaren aldeko desfilean parte hartzeko gonbitea egin digute. Desfilean zehar kale bazterrean Evoren aurkako herritarrak daude “¡Bolivia dijo no!” eta antzerakoak oihukatzen. Izan ere, aurtengo otsailaren 21ean Evo berriro aurkeztu ahal izateko erreferenduma ospatu zen ezezkoa nagusitu zelarik, bozka gutxi batzuen aldeaz izan bazen ere. Noizean behin laranja zatiak edo eskutan duten edozer gauza harrika jaurti digute. Oso desfile luzea izan da, arratsaldeko 16:00ak arte iraun duena. Honen bukaera Casa de la Moneda inguruan izan da herritarrek, agintariek eta poliziak ongi etorria txalo artean eman diguten bitartean.

Mexikotik brigada feministaren lehen kronika!

Uztailaren 30ean heldu ginen San Cristobal de las Casas hirira, Txiapas, brigadako bost kideok. Laster konturatu ginen “ahorita ahorita” erritmora ohitu behar genuela eta hori zela eta, gauean elkartu ahal izan genuen bostok. Egunsentiarekin batera paperak mahai gainean jarri eta Askapenaren lehen brigada feministari forma ematen hasi genion. Denbora gutxi daramagu Txiapasen, baina jada kontziente gara erronka asko ditugula egiteko eta geure mendebaldeko feminismo ikuspegiak guztiz irauliko duen beste perspektiba bat ezagutuko dugula hemen. Horretarako etorri gara eta gogotsu gaude.

Palestinako brigadaren kronika: emakume palestinarren mugimenduak ezagutzen

Astebete pasa da Jerusalem atzean utzi eta Zisjordaniako (West Bankeko) hiri nagusiak bisitatzeari ekin geniola, Betlehem, Hebron, Ramallah eta Nablus urrenez urren. Hasieratik nabaritu dugu hiri bakoitzean egoera ezberdina dela, okupazioak aurpegi asko dituela. Errealitate hauek ezagutzeko eragile eta herritar ezberdinekin bildu gara. Harreta guztia okupazio sionistaren joku maltzurrean jarrita genuela, jabetu ginen bazela beste zerbait deseroso sentiarazten gintuena, palestinar gizonezkoak espazio publikoaren jabe eta protagonista nagusiak direla, emakumeak espazio pribatuetara mugatuz. Kaleak gizonenak dira, dendak, tabernak, taxiak, autobusak, hostalak, jatetxeak... beraien esku daude. Emakumearen esku gelditzen dira haurren zaintza eta etxeko betebeharrak. Zaila da gure ikuspegi okzidentala baztertu eta errealitate hau ulertzea. Baina ahalegin berezia egin dugu horretan, beraiengana iristea zertxobait kostatu zaigun arren. Ramallah-ra iritxi arte gure emakumezko kontaktu guztiekin biltzen ginenero gizonezko bat jartzen baitzen tartean, konfiantzazko gunea kenduz.

Hebronen bertako familia baten etxean lo egiteko aukera izan genuen, ezkertiarrak eta okupazioaren kontrako erresistentzian lanean dabiltzanak. Etxeko pareta barrura mugatzen ginenean konturatu ginen, susmatzen genituen patroi berdinak errepikatzen zirela. Gizona da hitza duena eta emakumeak beraientzat lanean dabiltzala. Afal orduan gizonezkoa bakarrik esertzen zen gurekin hitzegitera, emakumeak janaria prestatu eta zerbitzatzen zigun bitartean. Berdina gertatzen da etxeko txikienen artean ere, seme zaharrenaren hitzak du balio gehien, alaba etxeko betebeharrak egiten dabilen bitartean. Egoera honetaz jabetu ginenean, zaharrak berri; nola ez zaigu ba ezagun egingo ezkertiar gizonen zapalkuntza? Euskal Herrian urte luzez borrokatu dute eta borrokatzen diardugu emakumeok margenetatik zentralitatera joateko. Aliatuak lortu ditugu, asko, baina zapalkuntzak anitzak dira kapitalismo patriarkar honetan. Horregaitik borrokan indarra gara, zutabeak gara, Palestinar emakumeak bezala.

Badira borroka eremu pribatuan egiten duten emakumeak, palestinar erresistentziaren lurzoru indartsua diren emakumeak. Beraiek hezten dituzte etorkizuneko neska eta mutil borrokalariak. Badira ere borrokaren lehen lerroan daudenak, frontean. Horren adibide dira Union of Palestinian Wonen Committees-eko kideak


1980an sortu ziren, askapen nazionalaren baitan ezkerreko proiektuari patriarkatuaren aurkako borroka txertatzeko, betiere klase perspektiba batekin. Gaur egun Zisjordanian eta Gazan antolaturik daude, herri mugimenduaren parte direlarik. Lan ildo anitz dituzte, batez ere emakumeen boteretzean pausuak ematea eta Palestinar herriaren eta okupazioaren kontrako borrokan perspektiba feminista batekin borrokatzea. Feminismoa, emakume langileen borroka, gatazkaren ondorioetan osatze prozesu bat ematea edo presoekiko elkartasuna dira beraien borrokaren oinarria. Palestinar emakumea zapalkuntza hirukoitz batetan kokatzen dute; okupazioa, patriarkatua eta kapitalismoa.



Beraien diskurtsoa oso gertu sentitu genuen, euskal feminismoak ere aspaldi ezaugarritu baitzuen zapalkuntza hirukoitzaren teoria. Guk, emakume gazte moduan, bertako gazte feministen inguruan galdetu genuen. Pozez harritu gintuen UPWCren barnean neska gazte talde bat zegoela entzuteak. Hauekin egoteko aukera izan genuen, eta hirugarren intifadan emakume gazteak hartu duten parte hartzeaz hitzegin ziguten, kalean zein unibertsitateetan egiten ari diren borrokaz.  Garrantzia handia ematen diete belaunaldi arteko loturari, jakin badakite esperientzia eta indarraren loturak egiten duela feminismoa indartsu.


Memoria historikoan lan handia dute palestinar emakumeak, itzalpetik ikusgarri egin nahi dira eta horretarako argi esan zigun errefuxiatuen kanpamendu batean emakume taldea sortu zuen emakumeak: “Kontatu ezazue zein indartsuak garen eta borroka honetan ezinbestekoak garela”.

Orriak