OTANi ez! Ez hemen ez inon!

32 urte igaro dira 1986ko martxoaren 12 hartatik. Orduan, Hego Euskal Herriak, gure herriko historia antiinperialistaren erabaki esanguratsuenetako bat hartu zuen: 931.367ak, hau da, emandako bozken %62-ak, ezezko borobila eman zioten OTANi. Erabaki hura historikoa izan zen arren, Euskal Herriak egun egitura politiko-militar horretan indarrez sartuta jarraitzen du, eta hau giltzarri da estatubatuar eta europar estrategia inperialista garatzeko.

Bloke sozialista eraitsi zenetik, OTANek, bizi-bizirik irauteaz gain, kide gehiago bildu ditu bere jardun bidegabea sendotzeko. Gainera, bere eraginpeko eremua zabaldu egin du; nonahi muturra sartzeko bere ustezko eskubidea erabiltzen duen bitartean, isilpean nahiz agerian. Ekialdeko Europan 90. hamarkadan ezartzekoa zen kapitalismo basatia bultzatzeko, Jugoslavia zaharraren aurkako bonbardaketekin hasi zuen bere jardunbidea, eta Iraken, Afganistanen eta Libian jarraitu zuen, betiere toki bakoitzeko lehengaiak zakuratuz. Era horretara, OTAN bloke kapitalista-inperialistak behar duen tresna politiko-militarra da, bere mundu mailako nagusitasuna mehatxatu edo zalantzan jar lezakeen edozer eragozteko martxan jartzen dena. Testuinguru honetan kokatzen dira Siriako eta Ukrainako azken esku-hartze erdi-gordeak. Bertan, kaosa eta gatazka zibilak sustatuz, OTANek lurralde horiek desegonkortu eta, aldi berean, kontrolpean hartu nahi ditu, Errusia eta Txinaren aurka AEBek daramaten borroka geopolitiko gordinean katebegi estrategikoak diren heinean.

Baina OTANen eragina ez da soilik bere ofentsiba militarretara mugatzen. OTANek, bere ekinbidea gauzatu ahal izateko, ezinbestekoak ditu bere ekintza militarra posible egiten dituen aktoreak lagun izatea. Zentzu horretan, Euskal Herrian ere baditugu adibideak. Horien artean ikus ditzakegu, Euskal Herriko ehun produktiboan oso hedatuta dagoen industria militarra; honen finantzazioan ezinbestekoak diren instituzio publiko edota bankuak; eta nola ez, unibertsitateak, inbestigazio teknologikoan zein alienazio ideologikoan eragin zuzena dutenak. Guzti hauen konplizitatea ezinbestekoa da OTANen boterea ulertzeko. Horrez gain, azkenaldian zeresan handia eman duen Bilboko portuaren papera ere salatu nahiko genuke, bertatik ateratzen baitira, besteak beste, Euskal Herrian zein estatu espainolean ekoizten diren merkantzia militarren zati handi bat.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi Bardeetako tiro poligonoa OTANen parte diren hainbat ejerzitutako militarrek maniobra militarrak burutzen baitituzte gero eta sarriago bertan. Ez da kasualitatea azken urteotan maniobra militarren kopuruak gora egin izana, izan ere, AEBen eskuhartze politikak medio, Europar Batasunaren eta OTANen parte diren herrialdeen babesarekin, mundu mailako joku zelaia zeharo kakaztuta baitago. Siria, Libia, Irak, Afganistan edota Serbia gainetik hegan egin duten aliantza kriminalaren hegazkinak Bardeetan entrenatu dira, mundu mailako hegemonia mantendu eta herrialde horietan dauden baliabide naturalen jabe egiteko. Ingurugiroari, Euskal Herriaren burujabetzari eta, batez ere, inperialismoaren aurka borrokatzen duten herriekiko elkartasun internazionalistari zor diogulako, premiazkoa da Bardeetako tiro poligonoa desegitea.

Horregatik, Askapenatik munduko edozein txokotan gertatzen den edozein eraso inperialistaren aurrean mobilizatzera konprometitzen gara. Esku-hartze hauen konplize izateari uzteko, industria militar, instituzio, banku, portu zein unibertsitateen inplikazioa salatuko dugu eta Bardeetako tiro poligonoaren itxieraren bidean lan egiten jarraituko dugu. Izan ere, inperioagatik inbadituak eta suntsituak diren herriei egin diazaiokegun ekarpenik handiena Euskal Herri internazionalista bat eraikitzea baita.

Egoera honen aurrean eta OTANi emandako ezezkoaren 32. urteurrenean gauden honetan, Askapenatik, bere garaian herriak ebatzi zuen bezala, egitura politiko-militar horretatik irteteko premia aldarrikatu nahi dugu; eta aldi berean, herritarrei OTAN desegin dezagun borrokan segitzera dei egiten diegu.


Gora Euskal Herria antiimperialista!

OTANi ez! Ez Euskal Herrian ez inon!