2023KO BRIGADAK: GREZIATIK 1. KRONIKA

GREZIA MODERNOA, SUBORDINAZIO ISTORIO BAT

 

 

Historia luzea du Greziar nazioak, baina honen historia modernoa laburtu beharko bagenu, 1829 urtea ezarri beharko genuke, Otomandar inperioarengatik independizatu zen urtea, hain zuzen ere. Denborarekin herrialdearen mugak eta biztanleriaren jatorria aldatuz joan diren arren, ukaezina da bilakaera honetan, greziarrek atzerriko potentziekiko izan duten dependentzia politiko, ekonomiko eta militarra. Ez da kasualitatea beraz, Greziar Erreinuaren lehenengo urteak arautu zituzten hiru alderdiak, Alderdi Errusiarra, Frantsesa eta Ingelesa izatea, bakoitzak ikuspegi politiko propioa izanik ere, heuren jatorrizko herrien interesen alde ekiten zutelarik.

 

Iraultza liberalen eta nazio estatuen sorreraren mendean zehar, hainbat gerrak eragin handia eduki zuten Greziar Erreinuaren bizitza politikoan, ekialdean zeuden otomandarrak arerio politiko nagusiak izan zirelarik. Garai honetan, greziarrek nabarmen egin zuten aurrera mugen hedapen geografikoari dagokionez.

 

Kontuan hartu beharra dago XIX mendea industrializazioaren urteak izan zirela Britania Handia, Alemania edota Italiako bezalako herrietan. Europako hainbat erresuma eta errepublikak euren ekonomia modernizatu zuten eta honek klase gizartearen sorrera ekarri zuen. Grezian ordea, oso bestelako garapen sozioekonomikoa gauzatu zen, Europako beste potentzia nagusiekiko dependentzia zela eta, ez baitzen urte haietan zehar inolako industriarik garatu. Horren ondorioz, ez zen sekula Grezian produkzio bitartekoen jabetza eta ekonomiaren gaineko kontrola zuen burgesia nazional indartsurik egituratu, eta horren ordez, norberaren posizio soziala indartu eta kanpoko herrien interesen menpe jardungo zuen aristokrazia baino ez zen existitu.

 

Venizelos eta Metaxasen moduko politikariek arautu zuten barne mailako politika XX mendean zehar, baina ahultasuna eta beste potentzia batzuekiko menpekotasuna agerikoa zen oraindik ere, eta Lehenengo Mundu Gerra heldu zenean, Otomandarrek ez zuten greziarren neultratasuna onartu. Gerra Handia 1918an bukatu zen, nahiz eta handik hilabete batzuetara Greko-turkiar Guduak egin zuen eztanda. Greziako Erreinua eta sortu berria zen Turkiako Errepublika hiru urtez borrokatzen egon ostean, guda amaierara heldu eta bien artean lurralde eta biztanleriaren banaketa egin zen. Esate baterako, Esmirnako hiriko biztanleria guztia helendarra izanik ere, hiria Turkian mantendu zen, bertako herritar guztiak Greziara bidaliz. Aldi berean, gehiengo islamiarra zeukan mendebaldeko Traziako lurraldea, Greziaren barne gelditu zen eta gobernuak minoria bezala onartu zituen.

 

[...]

CELAC-UE gailurra: karabelen belak zabaltzen?

[EUS] [CAS] [ENG]

Iritzi artikulua
Iñaki Etaio, Askapenako kidea

 

Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoa (CELAC) eta Europar Batasuneko estatu eta gobernu buruek uztailaren 17an eta 18an Bruselan egindako goi-bilera aurreko goi-bileratik 8 urtera heldu da. 2015eko irudiak bilatzean, Evo, Correa, Rousseff, Santos, Merkel, Rajoy, Hollande, Tsipras... ikusiko ditugu. Denbora tarte horretan gertaera asko gertatu ziren. Eskuinak eta ultraeskuinak arnasa hartu zuten Abya Yala– Latinoamerikan (Bolsonaro, Estatu-kolpea Bolivian, Limako Taldearen gorakada, Guaido txotxongiloaren auto-aldarrikapena eta Venezuelako ordezkari zilegi gisa Estatu askok onartzea, bereziki europarrek...). CELAC, Bravo ibaiaren hegoaldean dauden estatuen elementu integratzaile gisa, oso ahulduta geratu zen. Amaitu berri den gailurrera, eskualdeko indarren beste korrelazio batekin iritsi zen, sozialdemokraziarantz dezente eskoratuagoa eta, horri esker, makroeskualde hori ahots bateratuagoarekin eta sendotasun handiagoarekin aurkeztu zen Europa kolonial eta inperialista zaharraren aurrean (azken hamarkadetan, munduko taulan zuen eragina ez galtzeko ahaleginetan dabilen Estatuen batasuna, hain zuzen). Europar Batasuna oso behartsu heldu zen gailur honetara, Ukrainako gerrak nabarmenki areagotu duen energia- eta lehengai-iturrien premiaren menpe.

 

Parte-hartzaileek sinatutako hotsandiko adierazpenaren 41 puntuak irakurtzen baditugu (Nikaraguaren salbuespenarekin, Ukrainako gerrari buruzko erreferentziak ez partekatzeagatik), paperean geratuko diren topikoak aurkituko ditugu (erresiliente hitza agertu behar zen... eta agertu zen), nahiz eta puntu batzuk garrantzitsutzat jo daitezkeen, ikuspuntu sinboliko batetik baino ez bada ere. Esklaboen salerosketa gizateriaren aurkako krimentzat onartzea adibide horietako bat da. Ez du ezer konpontzen, baina Europako kapitalaren jatorrizko metaketaren elementuetako bat mahai gainean jartzen du. Kubarekiko blokeoari dagokionez lurraldez kanpoko xedapenen aurka agertzea beste puntu garrantzitsu bat da; are gehiago, EBk AEBekiko izan duen mendetasun eta lerrokatze historikoa kontuan hartuta, Ukrainako egungo gerra-egoeran areagotu dena. CELACek Malvina uharteei buruz historikoki izan duen posizioa EBk berak aintzat hartzea ere nolabaiteko oihartzuna izaten ari da. Giza eskubideen errespetuaren gai korapilatsuari dagokionez, adierazpenak eskubide horien definizio zabala jasotzen du, eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalak eta garapenerako eskubideak ere barneratuz; eta, giza eskubideei heltzean, objektibotasunaren eta hautakortasunik ezaren beharra aipatzen du, baita politizazioa eta bi neurri desberdin erabiltzeari uzteko beharra ere. Europa zibilizatuaren ustezko nagusitasun morala apur bat minduta atera omen zen...

 

[...]

2023KO BRIGADAK: ITALIAR ESTATUTIK 1. KRONIKA

FAXISMOAREN HAMAIKA AURPEGIEN AURKA: ANTIFAXISMO SOZIALA

 

 

Milaneko gure kontrapartea ZAM (Zona Autonoma Milano) espazioko kideak izan dira. Poliziarena zen abandonatutako eraikin okupatu bat gestionatzen dute, baina haien lanaren funtsa auzokideekiko egiten dituzten proiektuak dira: irratia, palestra (ginmasioa), antzerki gela, liburutegia, kontzertuetarako gela, sukaldea, hiri baratzea…. Dena den, proiektu guzti hauen helburua auzoan balore eta anti-gorputz antifaxistak hedatzea da. “Antifaxismo soziala” deitzen den teoria darabilte: hau praktika antifaxista ulertzeko forma berria da, ez dena talde faxistekiko gatazka eta aurkakotasunera mugatzen (nahiz eta haien borrokaren ezinbesteko alderdia izaten jarraitzen duen honek). Izan ere, planteatzen dutena antifaxismo integrala da, lurraldeetan balore antifaxistak hedatzen dituena eguneroko praktikaren bitartez. 

 

[...]

 

 

 

Faxismoaren aurka, apurtu kapitalaren Europa!

Langileon nazioarteko borroka eguna igaro berri den honetan, beste baten aldarria egin nahi dugu gaurkoan, borroka horrek ez baitu etenik izan behar, ezta une batean ere. Maiatzaren 9a faxismoaren aurkako garaipenaren eguna da, II. Mundu Gerran Alemania nazia sobietarrei errenditu zitzaien eguna, eta garaipen hori ekarri nahi izan dugu lehen lerrora azken urteotan nagusiki, memoria antifaxista berreskuratzeko. Gure memoria ezabatzeko eta distortsionatzeko saiakeran, makinaria kapitalistak Europaren Eguntzat izendatu zuen gaurkoa. 1950ean, Robert Schumanek, garaiko Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak, maiatzaren 9a hautatu zuen Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa (gaurko Europar Batasunaren aitzindaria) eratuko zuen adierazpena egiteko. 80ko hamarkadaz geroztik, “Europaren Eguna” izenpean estali nahi digute memoria antifaxista. Gaur, Europaren Eguna eta Europar Batasuna izendapenen ondotik zerrendatuko dizkigute “demokrazia”, “elkartasuna” eta “segurtasuna”. Ukrainako gerrak aukera ederra eman die manipulazioan sakondu eta “batasun eta elkartasun europarraren” beharra aldarrikatzeko. Burgesiaren batasun eta elkartasun europarra, ordea, gerra deklarazioa da; gerra langileon aurka.

 


Zentzu horretan, egunotan bereziki Europar Batasuna zuritzen saiatuko badira ere, ezin digute ikuspegia lausotu. Europar Batasuna, behin eta berriz azpimarratu dugun moduan, burgesiaren klase interesei erantzuten dien instituzioa da, eta bere baitan darama izaera faxista, behar duenean zorrozten duena herri langileon aurka. Europar Batasuna, “europarron segurtasunaren” eta “balio europarren” defentsan, Ukrainako armada faxistak finantzatzen eta armatzen ari da, eta estatu kideak gastuak areagotzen ari dira defentsan nahiz ikerketan. Badirudi Iparrorratz Estrategikoa zeritzon plan estrategikoa ere oharkabean igaro dela, baina ez dira oharkabean igaroko militarizazio hedatua, base eta entrenamendu eremuetako ariketa militarrak (baita Bardean ere), inteligentzia analisietarako gaitasunen garapena eta informazio-manipulazioaren aurkako tresnak, hezkuntza arloko planak... Eta ez dira inolaz ere ari oharkabean pasatzen “pobreen” aurkako diskurtsoak, etorkinen kontrako politikak, matxismoa, jabetza pribatuaren diktadura bera, iritzi eta prentsarako askatasun eza; ezta, era berean, aipatutako alienazio mediatiko-ideologikoa, gizartearen militarizazioa, Estatu poliziala eta Segurtasun Nazionalerako legeak ere. Kapitalak erail egin behar du, bizi nahi badu, eta krisi garaiotan, faxismoa da bere tresnetako bat.

 


Beraz, horri guztiari aurre egiteko, berreskura dezagun herri langileon borrokarako potentziala, zapalkuntzarik gabeko mundu bat eraikitzeko. Bide horretan, antola gaitezen eta egin diezaiogun aurre faxismoari, tokian toki, fronte desberdinetatik. Jar gaitezen halako erakunde kriminalei aurre egiteko norabidean, Euskal Herri sozialistara eramango gaituen prozesu iraultzailea antolatuz, instituzio horiek suntsitzeko gai izango den prozesua ereinez.

 


Maiatzaren 6an eta 9an Gasteizen eta Donostian ikusiko dugu elkar.

 


Apurtu kapitalaren Europa!

Orriak