Newroz eguna, Kurduen erresistentzia eta askapen borroka aldarrikatzeko eguna.

Kurdistango askapen mugimenduak erabiltzen duen irudia erabiliz, historiak bi ibai ditu. Bata boteredunek idatzitako historia ofizialaren ibaia, bestea herriarena. Mendeak dira Mesopotamia ibarrean eta Ekialde Hurbilean, unean uneko bertako agintari boteredun eta munduko potentzia zapaltzaileek arpilaketa ematen dela aberastasun metaketa xede.


Sykes-Picot, Lausanne, EB-Turkia akordioa errefuxiatuen kontrolerako... asko dira aipa ditzakegun gertakari eta izen propioak Mesopotamia ibarrean eta Ekialde Hurbilean oro har dagoen aberastasunaren arpilaketari eusteko. Eremuko lehengaien aberastasuna eta duen kokaleku estrategikoa, funtsezko garrantzia dute inperialismoarentzat.


Kapitalismoak herri langileak zapalduta behar ditu bizirauteko, herriei euren burujabetza bahitu behar die aurrera egin ahal izateko. Horregatik herri langileak ezinbesteko atakan kokatzen ditu, zapalkuntza honek harekin dakarren heriotza isilik onartu edo bizi ahal izateko borrokatu.


Borroka hau da herrien historia osatzen duen ibaia, eta bestelako gertakariak azpimarratzen dira bertan. 70. hamarkadan, Kurdistanen eta Turkian oro har, kemalismoak ezarrita zuen erregimen zapaltzaileak erresistentzia handia piztu zuen honi aurre egiteko, eta honekin batera eta honen baitan hasi zen jaiotzen kurdu izatearen kontzientzia zuen gazte talde batek osatutako korrontea.


1978an inflexio puntua ezarri zen historia honetan, kurduen askapen mugimenduaren sorrera eta herri gisa abiatutako askapen borrokaren hasiera urtea. Kurdu eta langile izatearen kontzientziak bat eginda ekin zioten, eta hala jarraitzen dute egun ere. Amedeko espetxeko erresistentzia, lehen ekintza armatuak, Konfederalismo Demokratikoa, Jinealoji, Kobane, autonomia aldarriak Bakurreko udaletan, Surreko erresistentzia, Afrin, Shengal, Gare...


Kurdistango herria bere historia idazten ari da, eta honekin batera herri guztiak zapaltzen gaituen kapitalismoa borrokatzen.


Horregatik Askapenatik adierazi nahi diogu herri borrokalari honi geure elkartasun internazionalista, herri langile guztiok zapaltzen gaituen estruktura horren kontra borrokatzen direlako. Aurten bereziki, duela aste gutxi hamarnaka milaka hildako eragin dituen lurrikararen ondorioak pairatzen jarraitzen duten honetan. Ukaezina da estatu turkiarraren ardura behar bezalako azpiegiturak ez eraikitzeagatik, herri kurduaren ukapenaren beste adibide bat.


Turkiako ejerzitoarekin (gerrila kurduaren kontra arma kimikoak erabiltzen dituena) lankidetza estua duen ejertzito espainol berak okupatzen du gure herria, turkiar estatuarekin akordio ekonomikoak adostutako enpresak geure kontura aberasten ari dira era berean (Iberdrola, BBVA...), Euskal Herriko unibertsitateek turkiar estatuarekin akordio armamentistikoak dituzten enpresekin akordioak dituzte, euskal alderdiek NATO indartzeko balio duten aurrekontuei ez diete aurre egiten espainiar parlamentuan... hau da, geu ere herri gisa zapalduta izateak aukerak ematen dizkio klase kapitalistari geurearekin batera beste herriak zapaltzeko.


Askapenatik beti esan dugun moduan, internazionalistak garelako, borroka internazionalistaren lehen pausoa Euskal Herrian emango dugu; esan bezala, geure herria askatzearekin lagunduko baitugu gainontzeko herri langileak askatzen. Horrek batzen gaitu.


Eta borroka horretan lagun ditugun herri horietatik guztietatik ikasiko dugu.


Aurten Newroz eguna Euskal Herriko hainbat txokotan ospatuko da; hainbat erresistentzia eta elkartasun su piztuko dira, eta su horiek piztearekin batera herri gisa bizirik gaudela aldarrikatuko dugu, aske izatearen hautua egin dugula eta horregatik eta horretarako borrokatuko garela. Su horiek piztearekin batera geuk ere bizitza erresistentzia dela aldarrikatuko dugu.


Newroz Piroz Be!
Biji Berxwedana Kurdistan!
Gora Euskal Herria internazionalista!

M11 MANIFESTAZIOA: "NATO EZ! EUSKAL HERRIA ANTIINPERIALISTA!"

"NATO-EB ez! Euskal Herria antiinperialista!" manifestazioari atxikimenduak

Badira aste batzuk larunbateko mobilizazioari begira atxikimenduak biltzen hasi ginela.
Zerrendara batu nahi baduzu, oraindik garaiz zabiltza.

 

Bete lotura honetako formularioa: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdQUYBkYJAyVsSd8_2boSiYNUpXQZ6YPRVohWTCdfKkOUsBzw/viewform

 

Martxoaren 11n, Bilbora!

 

NATO EZ!

EUSKAL HERRIA ANTIINPERIALISTA!

Badatoz 2023ko brigadak!

Che Guevara komandanteak elkartasuna herrion arteko xamurtasuna dela esan zuenetik sei hamarkada baino gehiago pasatu diren arren, inoiz baino agerikoagoa da elkartasun internazionalista herrien arteko ezinbesteko tresna dela. Urte luze hauetan,  ehunka izan dira  prozesu iraultzaile ezberdinetara joan diren militanteak, borroka moldeak gertutik ezagutu eta bueltan Euskal Herrian, praktika iraultzaile horiek oinarri hartuta, askotariko lanak egin dituztenak Euskal Herriko prozesu iraultzailea bera elikatzeko eta nazioarteko herri langileen borrokei ere ekarpena egiteko.

 

Internazionalismoa norberaren askapen borroka nazioarteko estrategia batean kokatzea da, zapaltzen gaituen sistema osoa suntsitzeko xedea, alegia, nor bere herriaren mugetatik haratago joatea. Internazionalismoa elkartasuna praktikan jartzea ere bada, eta horren baieztapen nagusia langileriaren askapena buru izango duen praktika bultzatzea da. Euskal Herriko langileriaren askapena nahitaez munduko langileriaren askapenarekin lotuta dago. Euskal Herriko borrokan antolatuta gaudenoi gainontzeko askapen borrokekin batzea dagokigu halabeharrez, hala ez bada, norberaren borrokak ez baitu etorkizunik izango.

 

Hain zuzen ere, zentzu hori dute brigadek, elkartasun internazionalistari ezin baitzaio begi bakarrez begiratu. Elkartasun internazionalista, munduko beste herri langileei babesa eta elkartasuna emateaz haragoko zerbait da, borroka berean gaudela ulertzea da. Elkartasunak, eraginkorra izan dadin, beste herrien prozesuen garapenerako baldintza errealak sortzen lagundu behar du. Horretan lagundu ezean, elkartasunak ez baitu zentzurik. Eta baldintza horiek sortzeko, geure askapen prozesua elikatzeak eta, era berean, Euskal Herri internazionalista eraikitzeak du sekulako pisua, elkartasuna horrela eraginkortzen delako.

 

Aurtengo brigadak norabide horretan zentratu nahi ditugu. Brigadisten lana, beraz, Europako, Ekialde Hurbileko eta Abya Yalako askapen borroken ezagutza euskal herriratzea izango da. Azken hilabeteetako gertakariek argi utzi dute, beste behin ere, Europar Batasunaren egitura inperialistak apurtu ezean ez dela askapenik izango, horregatik, ezinbestekoa da europako herri langileon arteko harremanak indartzea. Hori dela eta, Europako herriek bizi duten egoera eta ofentsiba inperialistaren aurrean antolatutako mugimenduen errealitatea ezagutzera joango gara.

 

Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu. Herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu, besteak beste. Ekialde Hurbilari dagokionean  inperialismoaren eta kolonialismo sionistaren aurkako herri erresistentziak ezagutuko ditugu.

 

Hori guztia dela eta, aurten elkartasun internazionalistaren antolakuntza jarri nahi dugu zentroan, bi eremutako antolakuntza, Euskal Herrian egin beharrekoa eta nazioartean egin beharrekoa.

 

Gaurtik aurrera, eta apirilaren 9a bitarte, brigadetan izena emateko epea zabalik egongo da. Jarri gurekin harremanetan brigadak@askapena.eus helbidean.

 

Elkartasun internazionalista antolatu!
Gora Euskal Herria internazionalista!
Hamaika herri, borroka bakarra!

Orriak