Azken kronika Bolibiatik: JALLALLA BOLIBIA!

Hiru aste eta gero Bolibiako brigada iritsi da amaierara. Aldaketa prozesuan sakontzeko eta herri indigenen borroka ezagutzeko asmoz iritsi ginen abuztu hasieran Santa Cruzera eta aste hauetan zehar errealitatea ahalik eta ikuspuntu zabalenetik ikusten saiatu gara. Irakurri osorik


Orain dela 10 urte hasi zuen Bolibiak aldaketa prozesu hau eta orduz geroztik asko aldatu da herrialdea. Atzera bueltarik gabeko aldaketa sakonak eman ditu Evoren gobernuak. Garrantzitsuena herri indigenen aitortza izan da. Orain arte eskuin oligarkia zuriak zuen nagusitasuna eta arrazismoa arazo larria zen Bolibian. Gaur egun herritar guztiak legearen aurrean berdinak dira eta honek indigenen autoestimuan asko eragin du. Orain 36 herri indigenak daude errekonozituak, beren hizkuntza, ohitura eta kulturekin.
Bestetik aldaketa ekonomikoek ekarri dutena ere azpimarragarria da. Aldaketa prozesua eman arte ekonomia kanpora begira egiten zen eta gaur egun bolibiar herritarrak dira ekonomiaren protagonista. Enpresak nazionalizatuz, politika fiskalen bidez… hamar urte hauetan Latino Amerikan gehien hazi den herrialdea izan da Bolibia, pobrezia  eta analfabetizatze tasak modu ikusgarrian jaitsiz.


Mugimendu sozialak izan dira prozesu honen protagonista. Beraiek hartu dute gobernuaren giltza eta boterea herriarengana itzuli da. Hasieratik demokrazia partehartzailearen aldeko apustua egin dute eta honen adibide da 2009ko konstituzio berria herritarren artean osatu izana.


Prozesu guztiek bezala, honek ere baditu bere kontraesanak. Hamar urte oso gutxi dira kolonizazioak eta neoliberalismoak gogor astindu zuen herri honen historiarentzat. Gainera, 2005ean Evo hauteskundeak irabazita iritsi zen gobernura eta honek antzinako egiturak berrantolatzea ekarri du, hauekin hautsi eta berriak sortzea baino. Eskuinarekin ere negoziatu behar izan dute eta honek aldaketak motelago egitea ekarri die.


Latino Amerikan bizitzen ari den eskuinaren gorakadak eta azken erreferendumean ateratako emaitzek egoera zailean utzi dute Bolibia. Hausnarketa momentuan daude orain. Baina badakite prozesua geldiezina dela eta sinesten jarraitu behar dutela aurrera egin ahal izateko. 2019an izango dira hurrengo hauteskundeak eta oraindik hiru urte luze dituzte aurrean dituzten erronkak gainditzeko.
Gu ere saiatu gara Euskal Herritik elkartasuna adierazten eta baita gure borroka lau haizetara zabaltzen. Beroa izan da Bolibiarren aldetik jaso dugun elkartasuna. Beste behin ere ikusi dugu zein garrantzitsua den internazionalismoa eta herrien arteko elkartasuna. Elkarrekin lortuko dugu herriak aske izatea!


Mila esker eta aurrera Bolibia!

JALLALLA BOLIBIA!