ATZO GAUR ETA BETI, EUSKAL HERRIAK NATORI EZ!

Gaur, martxoak 12, 38 urte bete dira Hego Euskal Herriak Espainiako Estatuak NATOn duen partehartzeari buruzko errefenduma erabat errefusatu zuenetik. Bestetik, datorren apirilaren 4an AEBren eta Europako hainbat estaturen artean erakunde kriminala sortu zuen Washingtongo Itunaren 75. urteurrena izango da. Aliantza "defentsibo" gisa aurkeztua, errealitateak helburu hauei erantzuten zion: alde batetik, SESBen eta haren aliantzen aurkako batasun militarra sortzea, eta, bestetik, Europa AEBetako kapitalaren mende jartzea eta komunismoaren aurrerapena saihestea. Laburbilduz, burgesia atlantistaren interesak gauzatzeko tresna nagusia eraikitzea.

Funtzio hori historian zehar garatzen joan da lurralde-hedapenarekin eta aliantzaren funtzioak indartzearekin, goi-bilera bakoitzean nazioarteko koiunturari erantzunez. Lurralde-hedapenari dagokionez, NATOk 32 kide ditu gaur egun (Suedia eta Finlandia izan dira azkenak sartzen), eta horrek Europa osora hedatzea ekarri du, batez ere, Europa ekialdera . Horri guztiari beste bazkide batzuekin egindako akordioak gehitu behar zaizkio, erakunde kriminalaren irismena handitzen dutenak. Adibidez, Bosnia eta Herzegovina, Georgia, Moldavia eta Ukraina, estatu kide ofizialak izan gabe, erakundearen Vilnako goi-bilerara joan ziren 2023ko ekainean, eta lehen lerroko papera betetzen dute Errusiaren aurkako gerran. Ukrainaren kasuan, 2008ko goi-bileran hura sartzea planteatu zen, Errusiaren hesitzea areagotuz eta herrialdea atlantiar inperialismoaren kontrolpean mantentzen saiatuz; 2014ko estatu-kolpearen eta Donbasseko herri-errepubliken aurkako gerraren arrazoietako bat izan zen, baita 2022ko Errusiaren operazioarena ere.

NATOren 2010eko Lisboako Goi-bileran erakundearen hedapena Europako kontinentetik haratago zabaltzea erabaki zenetik, munduan zehar bazkideekin dituen harremanak indartu eta areagotu egin ditu. Ondorioz, 32 estatu kideez gain, harremanak ditu kide ez diren beste 40 estatu eta nazioarteko erakundeekin. Horren adibide dira Kolonbia (bazkide formala 2019tik), edo Indo Pazifikoko zenbait estatu (Australia, Japonia, Hego Korea eta Zeelanda Berria). Inperialismo atlantistaren eta Txinaren arteko gatazkan duten garrantziagatik, estatu horiekiko lankidetza indartu egin da, eta denak egon dira NATOren azken bi goi-bileretan: 2022an eta 2023an.

NATOren hedapenak eta AEBk beste eragile batzuekin egindako beste akordioek, hala nola estatu sionistarekin, munduko gastu militarraren % 74,3a kontrolatzera eraman du. Hori bereziki nabarmena da Europaren kasuan, izan ere, Estatu Batuen hegemoniaren krisi-testuinguruan, Europar Batasuna erabat lerratu da atlantiar inperialismoaren interesekin. Horren adierazle da 2023an sinatutako "Defentsarako Iparrorratz Estrategikoa" eta Europar Batasunaren eta NATOren lankidetza-deklarazio bateratua.

75 urte hauetako ibilbideak argi erakutsi du NATOren hedapen estrategiak handitzen jarraituko duela, Jugoslavia, Libia edota Sirian izandako esku-hartzeek frogatzen duten bezala. Halaber, garrantzitsua da gaur egungo gatazketako batzuetan izaten ari den papera gogoraraztea, hala nola lehen aipatutako Ukrainako gerran, Sahelen (Frantziar estatuak esku hartzeko mehatxuetan) eta Israelgo estatu sionistaren alde Palestinar herriaren aurkako genozidioan. Kasu honetan, Yemen erasotzera iritsi da, Palestinar herriari elkartasuna adierazteko egindako ekintzengatik.

Begirada Europan jartzen badugu, gastu militarra indartzeaz gain, indartu egin dira diskurtso hegemonikoaren aurka egiten dutenen kontrako politikak: estatuen errepresio mekanismoak indartzea, gerra-diskurtsoa zabaltzea eta bloke inperialista atlantistarekin lerrokatzea, zentsura, kazetari eta erakundeen jazarpena, faxismoaren legitimazioa eta zuritzea, etab. Ildo horretan, garrantzitsua da herri langileen erresistentziaren eta antolaketaren deslegitimazioa eta kriminalizazioa azpimarratzea. Erresistentzia palestinarrari, eta lehenago Donbasseko errepublikari, zilegitasuna kentzearekin batera, borroka horiekiko elkartasun-adierazpenak debekatu eta erreprimitu egin dira. Azken aste hauetan, gainera, Europako politikoei entzun diegu gerrarako prestatu behar garela. Berriro ere, langileria bidali nahi dute burgesiaren interesak gerran defendatzera, dagoeneko gerran ez bageunde bezala; kapitalak langile-klasearen esplotazioa handitu behar duen bakoitzean gogortu egiten den gerra horretan baikaude, bakeaz eta giza eskubideez hitz eginez ezkutatzen saiatzen direna.


Euskal Herrian indar politiko guztiak, inplizituki edo esplizituki, Europar Batasuna eta NATO erakundeak onartzen eta zilegiztatzen dauden honetan, beharrezkoa da 1986ko erreferendumaren espirituari berriro heltzea, bertan Hego Euskal Herriak ezetz esan baitzion NATOri. Beharrezkoa da, eta gure erantzukizuna da, gerra inperialistaren edozein aurrerapen eta legitimazio geldiaraztea (bai Europatik kanpo, bai barruan). Palestinar herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan, eta inperialismo atlantistak herri langileen aurka egiten duen erasoaldiaren testuinguru orokorrean, inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu sozialdemokraziaren irtenbiderik gabeko bideen aurka egitea, sistema kapitalistaren basakeria eta bere genozidioak, NATO, Europar Batasuna, Espainiako eta Frantziako estatuak onartzera kondenatzen gaituztenak.

Horren guztiaren aurrean, Askapenatik klase borroka indartzera dei egiten dugu, Euskal Herrian eta gainerako herri langileekin batera, ofentsiba inperialistari aurre egin ahal izateko modu bakar gisa.

BRIGADAK 2024: ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA ANTOLATU!

Gero eta argiagoa da gaur egungo ofentsiba inperialistaren aurrean internazionalismoa ezinbesteko borroka-tresna dela. Testuinguru honetan, Palestinako herriaren aurkako erasoak potentzia inperialisten eta ordena burgesaren basakeria eta hipokrisia berrestsi ditu. Haien helburuak bete ditzakeen bitartean nazioarteko itun eta akordioetan ezkutatzen dira, baina, krisi-egoeran edo herri langileen erresistentziaren aurrean daudenean, akordioak alboratu eta sarraskira jotzen dute.

Horren guztiaren aurrean, bi aukera daude: langileen amorrua ordena burgesa zalantzan jartzen ez duten bitartekoen bidez bideratzea, hau da, egungo status quo-a normalizatzea eta onartzea; edo, beste alde batetik, erasoaldi hau geldiaraziko duen erantzukizuna herri langileon antolakuntzan kokatzea. NATOren, sionismo genozidaren, EB neokolonialaren eta arrazistaren, eta gero eta handiagoa den faxismoaren aurrean, antolakuntza eta borrokan sakontzeko, ezinbestekoa da iraganetik eta egungo beste esperientzia batzuetatik ikasten duen kontzientzia internazionalista garatzea.

Internazionalismoa iraultzarako tresna bezala praktikan jartzen dugunok, argi aldarrikatzen dugu elkartasuna norbere herriaren eta besteen erresistentzia eta borrokarako eskubidea defendatzean oinarritzen dela. Elkartasuna herrion arteko harreman zubiak eraikitzeko tresna da, sozialismoa sortzera bidean batzen gaituen lan- tresna. Baina elkartasun hori antolakuntzarik gabe egiten bada, airean geratzen diren borondate oneko baina eduki gabeko mezuetan geratzen da. Ezinbestekoa da elkartasun internazionalista antolatzea; ezinbestekoa da herrion arteko antolakuntzan aurrera pausoak ematea.

Norabide horretan kokatzen dugu aurten martxan jartzen dugun brigada kanpaina. Brigadek herrion arteko harremanetan sakotzen laguntzen diguten aldetik, gure borrokak ere indartzen laguntzen dute. Izan ere, brigadisten lana Euskal Herrira itzultzean hasten da, bestelako prozesuetan ezagututako borroka moldeak gurera ekarriz eta amankomunean dugun etsai berdinaren aurka martxan jarriz.

Honekin batera, aurten egingo ditugun formakuntza saioen bidez, egungo koiuntura aztertzeko eta borrokarako beharrak identifikatzeko aukera izango dugu. Zehazki, Europa eta Abya Yalako askapen borrokak ezagutzeko tartea izango dugu. Herriek bizi duten egoera eta ofentsiba inperialistaren aurrean antolatutako mugimenduen errealitatea ezagutzera joango gara: herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu, besteak beste. Bestetik, azken urteetan abiaturiko ofentsiba inperialista indartzen duten mugimendu eta alderdi faxisten gorakada ere landu beharreko gaia dugu.

Hori guztia dela eta, aurten ere, elkartasun internazionalistaren antolakuntza jarri nahi dugu zentroan, bi eremutako antolakuntza, Euskal Herrian egin beharrekoa eta nazioartean egin beharrekoa.

Gaurtik aurrera, eta apirilaren 9a bitarte, brigadetan izena emateko epea zabalik egongo da. Jarri gurekin harremanetan brigadak@askapena.eus helbidean.

Elkartasuna internazionalista antolatu!

Hamaika herri, borroka bakarra!

Gora Euskal Herria internazionalista!

Sionismoarekiko konplizitateak amaitu arte, antolatu eta borrokatu! [EUS] [CAS] [ENG]

Azken irakurketa argitaratu genuenetik, gogortu egin da Palestinaren egoera, eta geure begiz ari gara ikusten nola ari den kolonizazio sionista herri palestinarra sarraskitzen. Etengabean ari dira giza eskubideak urratzen, eta horren aurrean, AEBk, NATOk eta beren aliatuek —hala nola Europako estatuek— babesa adierazi diote kolonizazio sionistari. Areago, merkataritza hitzarmenak sinatzen eta armez hornitzen jarraitzen dute, besteak beste. Europan, gainera, antolakunde palestinarren nahiz Palestinarekiko elkartasun agerraldien aurkako errepresioak ez du etenik. Beste behin, agerikoa da halako gatazkak ezin direla ulertu egungo koiuntura markotik kanpo: AEB eta bere aliatuak hainbat frontetan ari dira borrokan, sistema kapitalistan beren hegemoniari eusteko. Horregatik ari da NATO presentzia areagotzen Mediterraneoan; ejertzito espainiarra ere ari da parte hartzen, gerra itsasontziak, hegazkinak eta helikopteroak bidaliz, adibidez. Macronek berak ere dei egin du Hamasen aurka borroka egiteko nazioarteko indar bat sor dadin. Aipatutako ezerk ez du lortu herri palestinarrarekiko eta haren erresistentziarekiko elkartasuna oztopatzea eta ezkutatzea. Testuinguru honetan, eta aurreko komunikatua abiapuntutzat hartuta, honako hau adierazi nahi dugu:

 

 

•    Nazioarteak esku hartu dezala eskatu da; nagusiki, negoziaketa prozesua bultzatzeko dei egin da. Nahiz eta nazioarte kontzeptua AEBz eta bere aliatu atlantistez haragoko multzo zabalagoa izan, horiek ordezkatzen dute, momentuz, erantzuna baldintzatzeko adinako gaitasuna. Eta aktore horiek entitate sionista babestuz ari dira esku hartzen, baita Estatu espainol eta frantseseko gobernuak eta Europar Batasuna ere. Estatu sionistak, urte luzez, krimen horiek guztiak egin ahal izan ditu, eta hori posible izan da hainbat jokabideri esker, hala nola jarrera ekidistanteak, ustezko status quoaren defentsa, Israelekiko harremanen normalizazioa, basakeria sionistaren aurrean ezer ez egitea, eta maila guztietako konplizitateak. Denek ala denek ahalbidetu dute egungo herri palestinarraren sarraskia.

 

[...]

Palestina aurrera! [EUS] [CAS] [FR] [ENG]

1948ko Nakba (“hondamendia”) hartu ohi da abiapuntutzat, herri palestinarra desagerrarazteko eta Israelgo estatua sortzeko desjabetze eta garbiketa etnikoaren proiektua azaltzerakoan. Nakba aurreko hamarkadetan, ordea, Britainiarren Balfour-en Adierazpenak (1917) sionistei Palestinako lurretan kokatzeko “baimena” eman zien. Britainiar Inperioaren babesa berebizikoa izan zen kolonizazio sionistarentzat.. Areago, Nazio Batuen Erakunde sortu berriak, Palestinako lurren inguruan erabakirik hartzeko inolako zilegitasunik gabe, Israelgo estatu sortu berriaren nagusitasuna sendotu zuen.

 

Ordutik, Israelgo estatuak uneoro izan du nazioarteko potentzia nagusien babesa. Intifadek (Palestinako herriaren altxamendu orokortuek) behartutako polarizazioaren ondorioz, “bake elkarrizketak” bideratu ziren. Osloko Akordioek amaitu zuten prozesua. Emaitzak, ordea, bakea baino sufrimendu handiagoa ekarri zuen palestinarrentzat:  lurraldeak gehiago zatitu ziren; Autoritate Palestinarra sortu zen, gehienetan Israelgo estatu-aparatuaren hedapenerako jardun duena; harresiak, checkpointak, biztanleria kontrolatzeko egiturak eta abar eraiki zituzten... Azken batean, bazterkeria, pobrezia eta etsipena areagotuko zituzten erabakiak eta inposaketak.

 

Ez dago Palestinara sartzerik, Israelen eskuetatik pasa barik. Batetik, Zisjordania, zatikatuta, Autoritate Palestinarrak Israelekiko duen kolaborazionismoaren menpe, guda demografikoaren etengabeko biktima, askatasunez mugitzeko ezinean. Bestetik, Gazako Zerrenda, blokeatuta, Hamas-ek 2007an hauteskundeak irabazi ostean zigor egoera iraunkorrean bizi izan dena, ateratzeko eta sartzeko baimenik gabe, Israelgo estatuaren erabateko kontrolaren menpe, ur eskasiaz, elektrizitatea egunean bi orduz, kaltetutako azpiegiturak... Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Palestinako mugetatik at erbestera bizitzera behartutakoek ere ziurgabetasunean oinarritutako bizitzak dituzte, Siria eta Libanoko kasuetan  bereziki.

 

Gaur egun, 5200 preso politiko palestinar daude kartzela sionistetan, 170 adin txikikoak. Horietako 1264 atxiloaldi administratibopean. Atxiloketa figura horren bitartez, palestinarrak bahitzen dituzte kartzela sionistetan, kargurik eta epaiketarik gabe, zehaztu gabeko denboraldi luzez. Eta ez da errepresio molde bakarra: palestinar oro izan daiteke eraila, edozein unetan, palestinarra izate hutsagatik, izan armadaren eskuetan, izan kolonoenetan.

 

Bestalde, garrantzitsua da argitzea, beste kolonialismo mota batzuekin alderatuta, kolonialismo sionista asentamenduetan oinarritutako kolonialismoa dela, eta lurraldea kontrolatzeko, palestinarrak beren herrietatik, hirietatik, laborantzarako lurretatik... bidaltzen eta desjabetzen dituztela, gero kolonoak biziko diren koloniak eraiki ditzaten. Eta ezin dira ahaztu beste hamaika jazarpen egoera: armada israeldarraren esku hartzeak auzo, herri eta etxe palestinarretan; armatutako kolonoen erasoak; Jerusalengo etxeetatik kanporatu dituzten milaka palestinar, gero kolonoek har ditzaten haien lekuak; kolonoen pogromak palestinarren aurka, “arabiarrak akabatu” deiadarka, Israelgo armadaren babespean...

 

Hori guztia ez litzateke posible potentzia inperialen eta Nazio Batuen Erakundearen laguntzarik gabe. Egun ere Estatu sionistak potentzia inperialista nagusien (AEB eta EB) konplizitate esplizitua du oraindik. Konplizitate horren isla dira Estatu sionistarekiko lankidetza militarrak, Israelgo industria militarraren finantzazioa ikerketa-proiektuak eta teknologiak salerosiz, normalizazio akordioak Arabiar Emirerri Batuekin, Bahreinekin, Sudanekin eta Marokorekin... Denek ala denek argi erakusten dute potentzia kolonial eta inperialistek normaltzat, onuragarritzat eta, are gehiago, beharrezkotzat dituztela estatu kolonial eta kriminal batekiko harremanak.Europar Batasunak eta bere aliatuek, Israelgo estatuak martxan jarritako genozidio eta garbiketa etnikoa publikoki babestu dute. Bi parteen arteko laguntzarik agerikoena egun hauetan debekatzen ari diren elkartasun keinuetan daukagu: Alemanian eta Frantziar estatuan, ondorioz ipar Euskal Herrian ere, Palestinaren aldeko mobilizazio oro debekatu dute, Italian manifestazioak kolpez desegin dituzte, Erresuma Batuan Palestinako bandera debekatu dute eta hainbat pertsona atxilotu dituzte, Palestinaren aldeko antolakundeak debekatzen saiatzen ari dira, etab.


Kolonizazio sionistaren eta bere konplizeen historiaren aurrean, palestinar herriaren erresistentzia gailendu nahi dugu, lehenik britainiar kolonizazioaren eta mugimendu sionistaren hastapenen aurkakoa (1936-1939 matxinada), eta ondoren, kolonizazio sionistaren eta inperialismoaren aurkakoa. Palestinarren erresistentzia hainbat modutan garatu da: izan borroka armatuaz, izan kartzeletakoaz, herri antolakuntza eta desobedientziaz… Herri palestinarra ez da izan eta ez da biktima bat, ekiteko gai ez dena; hamarkadetan zehar egindako borrokaren eta duintasunaren eredua da.

 

Ezinbestekoa da, beraz, egun gertatzen ari dena aztertzeko testuingurua kontuan hartzea eta ulertzea; hau da, argi izatea potentzia kolonial baten aurka ari den herri baten askapen borroka dela, eta inperialismo estatubatuarrak eta bere aliatuak ardura zuzena dutela horretan. Horrek esan nahi du herri palestinarrarekiko elkartasuna adierazi behar dugula, kolonizazio sionistari aurre egiteko edozein borroka molde erabiltzen duela ere. Beharrezkoa da diskurtso eurozentristetatik eta paternalistetatik aldentzea herri palestinarrak eraso sionistei indarrez erantzuten dion bakoitzean, larunbateko ofentsiba militarraz geroztik, areagotu egin direnak. Diskurtso horiek argi adierazten dute palestinarrek ezin dutela sekula indarrez erantzun, baldin eta nazioarteko komunitatearen elkartasuna jaso nahi badute. Ustezko elkartasun selektibo mota horiek kolonizazio israeldarraren defentsa hutsak dira. Herri palestinarrari hamarkada luzez urratu dizkiote giza eskubideak, krimenek ez dute etenik, eta hala ere, hamarkadetan borrokari eutsi dion herria da, nazioarteko babesik handiena jaso duen kolonizazio krudelenetako baten aurrean eutsi duen herria.

 

Euskal Herrian ere horrelako posizioak ikusi ditugu egunotako gertakarien aurrean. Eta askotariko posizio horiek aise gelditzen dira agerian, historiari eta egungo egoerari begirada azkar bat botata. Askapenan argi dugu egunotan inoiz baino gehiago erakutsi behar dela elkartasun irmoa herri palestinarraren kolonizazioaren aurkako borrokarekiko, eta presio egin behar dugula Euskal Herritik eta Europatik garatzen diren konplizitateak eteteko. Une honetan oso larriak iruditzen zaizkigu EH Bilduko eta ezker abertzaleko zenbait ordezkari politikoren adierazpen ofizialak. Herri palestinarra da bere burua nola defendatu behar duen erabaki behar duen bakarra, kolonizazioari nola aurre egin behar dion deliberatu behar duen bakarra. Guri dagokigunez, Palestinako herriari babes irmoa eta eraginkorra erakutsi, eta kolonizazioa sostengatzen duten konplizitate guztiak salatu behar ditugu; izan ere, horien erruz ari da Israelgo estatua zuzenean herri palestinarra sarraskitzen, nazioarteko komunitatearen oniritziarekin.

 

Bada garaia Palestinarekiko pisuzko konpromisoa hartzeko, sionismoarekiko konplizitatea eta ekidistantzia agertzen duten horiek ez daitezen nekerik gabe atera, kosturik gabe. Eta hamaika modu daude Palestinar herriari konpromisoz erantzuteko eta elkartasuna erakusteko: bai propaganda sionista eta bere aliatuak desegiteko modu sinbolikoenak (banderak kalera ateratzea, Palestinako herriaren aldeko deialdietara joatea), baina baita EHren eta sionismoaren arteko konplizitatea amaitzeko kanpaina zehatzak ere, ez baitira gutxi loturak: Eusko Jaurlaritzaren eta erakunde sionistaren arteko harremanak, EAJ-ren kolonizazio sionistaren aldeko mezuak, Ertzaintzaren nahiz Poliziaren entrenamenduak eta ekipazioa Israelen, CAF enpresaren tranbia eraikuntza, kolonien garraio-azpiegituren zati gisa, etab.

 

Behin eta berriro eusten diote ideia honi herri palestinarrak eta mundu osoko militanteek: herri palestinarraren borroka, kolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako borroka, munduko herri guztion borroka da. Eta Euskal Herrian ere horretan berresten gara: zuen borroka gure borroka da. Herri palestinarraren askapena, sionismoaren eta Ekialde Hurbileko inperialismoaren porrota, munduko herri guztiontzako albiste ona izango da. Palestinarrek egin bezala, guri ere antolakuntzan sakontzea dagokigu.

 

Elkartasun internazionalista antolatu!

 

[CAS]  [FR]  [ENG]

Orriak