Kanpainak

              

Europar Batasunean burujabe? Hitzaldi bira

Aspaldian Askapenatik, begirada Europara zuzenduta dugu, eta konturatu gara nolatan Euskal Herrian, Europar Batasunaren inguruko kritika zabala den arren, ezjakintasuna ere handia dela. Baina, begirada zorroztuz gero, argi ikusiko genuke, Europar Batasuna Estatu kapitalisten interesak defendatzeko europako burgesiak sortutako eta yankiek finantzatutako egitura politiko ekonomiko eta militarra dela. Gutxiengoaren interesak defendatzeko, esplotazioan oinarritutako egitura zapaltzailea, beraz. Antidemokratikoa, kapitalista, inperialista, xenofoboa, arrazista, matxista, eta abar luze bat.

Herriok ez dugu burujabetzarik, egun. Ez dugu gure klase interesak defendatzeko tresna egokirik, eta gure artean borrokatzera bultzatzen gaituzte, bai gerra inperialistetan, bai gure herrietan, xenofobia, arrazismoa eta lehiakortasuna sustatuz. Eliteek zapaldurik nahi gaituzte, geldi eta isilik, burujabetzarik gabe, geure baliabideen kontrolik gabe. Ondo dakitelako herriok eta langileok burujabetza eskuratzen badugu, haien estrategiak huts egingo duela.

Ez dugu egoera xamurra Europan. Langileon esplotazioak pobrezia normalizatzen du gure auzoetan, eta subordinaziora kondenatzen gaitu. Kontrolak eta errepresioak goraka jarraitzen dute, herritarrok estrategia kapitalistari kolperik eman ez diezaiogun eta sistemak nahi bezala funtzionatzen jarrai dezan, ordenan, zuzen, herritarron askatasunaren kaltera. Arrazismoa eta xenofobia areagotzen doaz ultraeskuinarekin batera, eta itsasoak geroz eta hildako gehiagoren hilerri bilakatu dituzte. Hori gutxi balitz, 3 urtez luzatzen ari den Donbasseko gerra dugu Ekialdeko Europan.

"Apurtu kapitalaren Europa" kanpainaren barruan, Askapenatik eztabaida sustatzeari begira «Europar Batasunean burujabe?» deituriko hitzaldi bira antolatu dugu. Europako herrialde ezberdinetatik (Alemania, Herrialde Katalanak, Grezia, Italia eta Donbass) etorritako kide ezberdinekin batera, Euskal Herriko luze zabalean Europar Batasuneko eraginez hitz egiteko parada izango dugu, herrion burujabetza erdigunean jarrita. Horrez gain, Europako ezkerrak etorkizunari begira dituen erronken inguruan hitz egiteko aukera izango dugu.

Beraz, dei egiten diogu Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikalei nola herritarrei eztabaida hauetan parte hartzera. Jarri dezagun Europar Batasuneko afera gure burujabetzaren eztabaidaren barrenean. Ez dezagun utzi hainbeste eragiten gaituen inposaturiko egitura honen arazoa soilik eskumaren eskuetan. Egin diezaiogun aurre kapitalari.


Apurtu kapitalaren Europa!

EHXIT!

 

Herri jantzia garaipenaren hazia!

Badatoz 2018ko brigadak!

#brigadak2018

Internazionalismotik Euskal Herria eraikitzen!


Munduko hainbat txokotara brigadak antolatu ditu Askapenak aurten ere, baina ahaztu gabe Euskal Herria dugula helburu. Izan ere, internazionalismoak gure herriaren askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean. Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat, izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta gureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehundaka euskal brigadistek, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaltzearekin batera. Horregatik diogu “Internazionalismotik Euskal Herria eraikitzen” ari garela.

Elkartasunak politikoa behar du izan, eta bi norabideetakoa, joan-etorrikoa alegia. Honela ulertzen dugu internazionalismoa, eta brigadek horri erantzun behar diotela uste dugu. Horregatik, Askapenaren brigadetan ez goaz turismo politikoa egitera, ezta karitatez lagundu edo irakaspen iraultzailerik ematera. Urte luzeetako esperientziak ederki erakutsi digu praktika horiek ez dutela zentzurik, eta jarrera paternalistak bultzatu zein besteen borrokak eskaparate huts izatera eramaten dute, gure herriarekiko onurarik ez dutenak.

Guk, gure herriaren askatasuna dugu helburu, jakitun baikara hori dela gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik handiena. Internazionalismoak nazioa behar du, herritik herrira joan-etorriko eta berdintasunean oinarritutako elkartasun politikoa bideratzeko. Eta horretarako, herrion borroken elkar-ezagutza bultzatzeko brigadak dira gureak, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatu ditzaten.

Askapenatik egindako analisien harira, munduko hegemonia hiru eremu geografiko nagusitan jokatzen ari da, eta herri langileen etorkizuna dago jokoan, borroka zinez interesgarriak egonik. Beraz, Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europara brigadak izango ditugu aurten:

  • Latinoamerikak inperialismoaren eraso bortitza bizi du egun, eta herri langileen erresistentzia borrokak, zein prozesu iraultzaileen nolakotasunak ezagutuko ditugu. Herri boterearen eta burujabetzaren eraikuntza, neurri neoliberalen aurkako erresistentzia, jatorrizko herrien borroka zein memoria historikoa landuko ditugu besteak beste.

  • Ekialde Hurbileko brigadan inperialismoaren aurkako herri erresistentziak, askapen borrokak, okupazio militarra eta honek dakarren ondorio nagusia, milaka errefuxiatu izatea, izango dira ardatz nagusiak.

  • Azkenik, Europan, periferiako herriek bizi duten egoera landuko dugu, ezkerreko mugimenduen errealitate eta borrokak zein nazio zapalduen askapen prozesuekin batera.

    Beraz, Euskal Herriko internazionalistei internazionalismotik Euskal Herria eraikitzera dei egiten diegu, brigadetan parte hartu eta joan-etorriko elkartasuna indartzeko.

     


Gora Euskal Herria Internazionalista!

Gora brigada internazionalistak!

 

Izena emateko: brigadak@askapena.eus

Apurtu kapitalaren Europa!

Euskal Herria bi estatu kapitalistaren zapalkuntzapean bizi dela gutxik ukatzen du, oinarri ezkertiar eta abertzaleetan. Hala ere, begirada Europara zuzenduta, miopiaren dioptriek ez digute uzten ikusten Europar Batasunaren benetako aurpegia; zapaltzen gaituzten Estatuek darabilten egiturarena, hain zuzen ere. Begirada zorroztuz gero, argi ikusiko dugu, ordea, Estatu kapitalista horien interesak defendatzeko Europako burgesiak sortutako eta yankiek finantzatutako egitura politiko ekonomiko eta militarra dela. Gutxiengoaren interesak defendatzeko, esplotazioan oinarritutako egitura zapaltzailea, beraz. Antidemokratikoa, kapitalista, inperialista, xenofoboa, arrazista, matxista, eta abar luze bat.

Jerusalem Palestina da!

Askapenatik gure gaitzespen handiena helarazi nahi diogu aurreko astean Donald Trumpek egindako adierazpenei. AEBek Jerusalem Israeleko hiriburua dela onartzeak, guztiz justifikatzen baitu 1948tik Israelek bultzatu duen kolonizazio prozesu eta okupazio militarra.

Atzo, Haifa, Nazaret, Eilat edo Neguev zena, gaur Jerusalem, Belen, edo Gaza delako. Hitzak hitzak dira, baina, oso kezkagarria da adierazpen honek atzetik duen pisu guztia. Ez da berria AEBk sionismoarekin duen harremanaz hitz egitea. Aspaldidanik dakigu lobby Sionistek Washintongen egiten duten lana, eta alderantziz, Israelen bidez AEBk Ekialde Hurbilean egiten duen desegonkortze lana. Baina, deklarazio honek ez du soilik Palestina jomuga, Ekialde Hurbileko egoera are gehiago desegonkortzea du helburu.

Orriak