Brasilgo brigadaren azken kronika: Brasil, ezkutuko estatu kolpea, agerian

Olinpiar Jokoak Brasilgo egoera politikoaren muina ezkutatzen saiatzen ari diren arren, azken egunotan ugaritu egin dira Michel Temerren eta haren estatu kolpearen kontrako protestak Brasilgo hirietan. Gu ere mobilizazio horietan izan gara, eta brigada bukatzear dagoen honetan, egoeraren zenbait elementu bildu ditugu irakurketa politiko bat egite aldera. Senatuan ere hasi berri dira Dilma Rousseffen kargugabetzearen azken bozketa prozesuan (abuztu bukaeran amaituko da). Horrek erabakiko du estatu kolpea baieztatzen den ala ez, eta Euskal Herritik ere adi jarraituko dugu. Irakurri osorik


Komunikabideek hala saltzen duten arren, Rousseffen kontrako kargugabetzea ez dago soilik ustelkeria kasu batean oinarritua. Eskuineko indarrek, Rede Globo telebista kate hegemonikoaren laguntzarekin, 2014ko hauteskunde kanpainaren hasieratik zehaztutako estatu kolpe bat izan da aurten emandakoa. Hautesleen %56aren babesarekin (54 milioi boto) lortu zuen Rousseffek Brasilgo presidentziara iristea 2015ean, baina behin gobernura iritsita, ez zituen hauteskunde programan agindutako neurri ezkertiarrak bete –are gehiago, neoliberalismoan sakondu zuen-, eta horrek herriaren babesa ere gutxitu zuen.


Egoera baliatuz, eskuineko eliteek gogor jo zuten Rousseffen kontra, ustelkeria kasua aitzakiatzat erabiliz, eta kanpaina misogino gogorra ere egin zuten haren aurka. Esaterako, autoetako pegatinetan bere irudia modu sexistan erabili zuten. Urteetan sakontzen zihoan Brasilgo krisi ekonomiko eta politikoak ere ez zion lagundu PT Langileen Alderdiari gobernuari eusten. Eta testuinguru horretan bozkatu zuten Rousseff kargugabetzea, apirilaren 17an, Diputatuen Ganberan.
Estatu kolpea eman duenez geroztik, Temerrek herriaren eta behartsuenen kontrako neurri gogorrak hartu ditu. Esate baterako, pentsioen erreforma, hezkuntza eta osasunaren pribatizazio saiakerak, eta hainbat ministerioren itxiera (laborantzakoa, emakumeena eta giza eskubideena). Beste neurri neoliberal batzuk ere iragarri ditu, esaterako, asteko lan ordua 80 ordura igotzea (egun 44 ordutan dago), transnazionalei ateak irekitzea, eta Petrobras petrolio enpresa publikoa esku pribatuetan uztea (hau ere ustelkeria kasuek zipriztindu arren, gobernuarentzako diru iturri garrantzitsua izan da, munduko petrolio enpresa handienetariko bat delako). Mugimendu sozialen kontrako errepresioa ere areagotu egin du kolpearen gobernuak: atxiloketak eta istilu gogorrak eragin ditu poliziak Temerren kontrako protestetan (haren kontrako kartelak daramatzan pertsonei atxiloketa mehatxua egin die), eta  MST bezalako mugimenduei eraso zuzenak egiten ari da.


Herri mugimenduak Temerren estatu kolpea bertan behera gelditzea eta Rousseff itzultzea eskatzen du, konstituzioa errespetatu gabe eta modu antidemokratikoan bota dutelako presidentziatik. Halere, Rousseff itzultzekotan, gobernua ezkerrerantz biratzeko eskatzen diote, baita erreforma politiko sakon bat garatzea ere. Horretarako, Frente Brasil Popular ezkerreko mugimenduen elkarguneak konpromiso batzuk eskatu dizkio PT Partido dos Trabalhadores alderdiari. Esaterako, hauteskunde sistema demokratizatzea, ustelkeria borrokatzea eta eskuineko komunikabide hegemonikoekin apurtzea.


Dena den, inor gutxik espero du Senatuko bozketan garaile atera eta Rousseff gobernura bueltatzea, eskuinak eta eliteek ongi lotuta daukaten prozesu bat delako. Halaber, hauteskundeak berriro egitea ere ez du nahi ezkerreko mugimenduak. Izan ere, horrek estatu kolpeari zilegitasuna emango lioke. Litekeena da, beraz, 2018ra arte gutxienez ezkutuko eta eskuineko diktadura batek jarraitzea Brasilen. Horren aurrean, mobilizatzen segitzeko deia egiten du Brasilgo herri mugimenduak, hala nola, urteetan lortutako eskubideak galtzeko prest ez daudelako. Guk ere elkartasun internazionalista ematen jarraituko dugu Euskal Herritik. Eta Brasilgo internazionalak dion bezala, Bem unidos, façamos nesta luta final, uma terra sem amos a Internacional!

GORA MUNDUKO HERRIAK!
FORA TEMER!