Evo Morales Ayma: eraldaketaren izena, izana edo ezina

2006an asanblada konstituziogileko kideen hausteskundeak egin ziren Bolivian. MAS-ek gehiengoa lortu zuen, baina ez zen bi herenetara heldu. Horregatik, hainbat neurri adostu behar izan zituzten. Adoste prozesu horretan, presidentea soilik behin berraukeratzea hitzartu zuten oposizioaren eskaeragatik. Geroztik, Evo Morales berriz hautatu ahal izatea da eztabaida politikoaren gako nagusienetariko bat. Baina, zergatik da hain garrantzitsua herri sektore handi batentzat Evo berriz izendatua izatea? Zer dago presidentearen figura horren atzean?

Diotenez, gaueko ordu txikietan itzartzen da Evo, eta berekin batera baita bere inguru gertukoak ere. Izango da nekazari ohiturengatik, izango da herritarrekiko arduragatik, batek daki zein den ordu horietan ministroak esnarazteko arrazoia. Hala ere, ez pentsa lotara iluntzean joaten denik, gau erdia jota oheratzen da. Badirudi, esana betetzen duen horietakoa dela, eta horri balio handia ematen diote boliviarrek. Irmoki sinisten dute Evorengan; izan ere, beldur handienetakoa da inor gobernuan sartu eta ustelkeriak jatea, prozesu eraldatzailera arte erreferentziatzat izan dituzten Estatu botere gehienak ustelak izan baittira. Baina Evok badu zer edo zer horrelakorik sekula ez duela egingo helarazten diena herritarrei. Horrez gain, umiltasunetik ideiak tinko ekiten dio bere lanari, eta sektore ezberdinak kohesionatzeko gaitasuna du.

    

Evo Morales Lauca Ñ-ko (Chapareko) VI. Osasun Ferian herritarrei zuzenduz

Zer da umiltasuna presidente batengan? Brigada honek aukera izan du zuzenean bere jardun publikoa ikusteko. Guk iruditerian genuena liderrak formala, tinkoa eta zorrotza izan behar zuela zen, etsaiaren aurrean bere ahultasuna jartzen ez duen horietakoa. Evori entzun diogu, ordea, ez zela mediku ebakuntzei beldur zelako, baita ez zela oilorik hiltzen ausartu ere nekazari garaian. Patxadatsu ekin zion ekitaldi ostean herritarrei agurtzeari. Hain da gertukoa non jendeari barruraino sartu eta subjektibitatean eragin dion. Orain 12 urte pentsaezina zen indigena batek Estatua gobernatzea. Gaur egun, berriz, Evo karguan nola mantendu pentsatzen ari dena gehiengoa da. Aldi berean, lehen aldia da boliviar haur indigena batek handitan bere burua presidente irudika dezakeena. Izan ere, urte batzuk atzera umeen iruditerian nekazari edo gidari izatea besterik ez zegoen.

Herritarrekiko gertutasuna ezin izan izaera kontua soilik, ikusi besterik ez da bere ibilibidea. Herri mugimenduetan du jatorria, baita bihotza ere. Chaparen jaioa da, lurralde tropikal, kokalero eta borrokalarian. Gaur egun 1000 dira Tropikoan dituzten sindikatuak, denak elkarlanean ari direnak, txinaurri lana egiten dutenak, eraldaketa prozesuaren sustrai sendoak direnak. Hori dela eta, soberan daki herritarren aldarrien garrantziaz eta botere instituzionala lortu bezain pronto ekin zion baliabide naturalen eta enpresa estrategikoen nazionalizazioari. Ahal bezain pronto soldata arrakala txikitu zuen, bere soldata jaitsi eta herri xumearena igoz. Horrelako praktikekin eta lan ordu luzeekin agintaritzaren lehen urtean bete zuen hitz emandako programa.

Baina zenbat denbora iraun dezake pertsona batek bizi erritmo hori jarraituz? Ezin dugu ahaztu pertsonon ezaugarririk garrantzitsuena zaurgarritasuna dela. Badirudi boliviarrek Evo betikotu dutela. Evorengan dute sinismena, ez hainbeste proiektu politiko batengan. Zer gertatuko da Evo egongo ez denean? Finean, herri oso baten eraldaketa prozesua pertsona baten mende jartzen ari dira. Latinoamerikako beste herrialde batzuetan eman den fenomenoa Bolivian errepikatzen ari da.

Evo betierekoa izango balitz ere, lidergoaren eredu hau herri jakintza indigenekin kontraesanean egongo litzateke. Esaterako, demokrazia komunitarioan, lidergoa bikoitza da: emakume eta gizon batez osatua eta aldiro-aldiro txandakatua. Aldiz, gobernuaren postu gorenak mantendu nahi diren bi gizonek betetzen dituzte. Hala ere, Evoren lidergoa aldatzearen aldekoak indar eskuindarrak dira. Izan ere, txandakatzearen arrazoi nagusia demokrazia liberalaren logikatik dator, “sasi diktaduraren” aitzakiapean botere instituzionala berreskuratu nahi dute, kontrol ekonomiko osoa edukitzeko.

 

Ikusgarria da Evorekin lidergo tradizionalaren ezaugarri batzuk eraldatu direla. Beste batzuek, ordea, indarrean diraute: ez al da, bada, Evo gizonezkoa? Ez al da, bada, Evo ezinbestekoa? Hausnarketa hauek Euskal Herrira ekarriz emango diogu kronikari amaiera: Zer ezaugarri jartzen dizkiogu lider bati? Zein lider eredu sustatu dugu? Euskal Herriak nahi al du liderrik? Behar al du? Nolakoa beharko luke izan? Edo nolakoak beharko lukete izan?