Galizia “hain hurbil dugun borroka indartsu eta ezezaguna”

Sarean ikusi ditugu, Galizian zehar, atzera eta aurrera, bileretan. Gaurkoan, lehen egunetako kronika bidali digute brigadistek. Lehen egunean bertan Ceivar, Sculca, CIG (Confederación Intersindical Galega), Xeira, Briga, Isca, Agir, Ligareki eta Sementeko kideekin batu ziren. Topera dabiltza gero! Beittu, beittu!

San Ferminak atzera utzita eta pilak kargatuta abiatu ginen askapenako lehenbiziko brigada Galizara. Herrialde guztia zeharkatuko zuen bidaia esperoan genuen eta gogotsu geunden bertako errealitatea ikasteko eta esperientziak elkar trukatzeko.

Ongi etorria Ceivarren eskutik Ourensen Brigadiston artean gehiago elkar ezagutzeko baliagarria izan zen bidaiaren ostean, Ourense hirira heldu ginen eta bertan gure zain zeuden Ceviarreko kideen ongi etorri beroa jaso genuen. Etxeetan banatu eta deskantsatu ondoren hurrengo egunean haiekin bilkura formala izan genuen Ourenseko Miño ibaiaren ertzetan. Ceivar antolakundeak errepresioaren kontrako lana egiten du eta bere lan ildo nagusiak errepresioaren prebentzioa, sozializazioa eta asistentzia dira. Gure herrian bezala Galizan ere errepresioaren ondorio latzak pairatzen dituzte, batez ere azken aldian mugimendu independentistak hartu duen indarrarekin. Estatu espainola hortaz konturatu eta gogor kolpatzen saiatu egin da, mugimendua ito nahian. Hala ere gogotsu daudela eta indartsu diardutela erakutsi digute, esan ziguten bezala: “Estatuaren ekintza errepresibo oro, aukera bat izan daiteke, buelta ematea lortzen badugu”.

Ourenseko alde zaharrean bazkaldu eta gero Sculca antolakundearekin bildu ginen. Sculca giza eskubideak errespetatzen direla bermatu nahi duen taldea da. Bere jarduna bereziki eskubideen urraketa egon daitekeen eremuetan ikerketa eta salaketa egitean datza. Eguna amaitzeko Euskal Herriko egoera soziopolitikoaren inguruko hitzaldi bat eman genuen bertako “Centro Social” batean.

Hurrengo goizean kostaldean dagoen Vigo hirira mugitu ginen. Bertan izandako lehenbiziko kontaktua CIG (Confederación Intersindical Galega) sindikatuarekin izan zen. CIG Galizako sindikatu nazionalista indartsuena da eta bertan aurrera eramaten duten lanak azaldu zizkiguten, azkenaldian aurrera eramaten ari dituzten borrokak gurekin konpartituz. Goraipatzekoa da Euskal Herrian bezala sindikalgintza abertzaleak espainolista baino indar handiagoa daukala. Arratsaldean bertako gazte eta ikasle antolakundeekin bildu ginen Revolta “centro sozialean”, Xeira, Briga, Isca, Agir eta Ligarekin egon ginen. Agerian utzi zuten bezala, Galizako zatiketa politikoa ikustarazi ziguten, halere, elkarrekin lan egiteko prestutasun handia erakutsi ziguten eta erakunde batzuen artean konfluentzia prozesuak aurrera eramaten ari dituzte, independentismoarentzako etorkizun oparo baten alde. Afari autogestionatuaren ondoren esperientziak elkatrukatu genituen trago batzuk hartzen.

Goxo lo eginda, euskal herriaren ikastolen sorreran oroitarazi zigun Sementeko kide batekin egon ginen. Semente 2 eta 6 urte arteko haurrentzako galegoa irakasten duten eskolak dira, laikoak eta naturaren aldeko lana egiten dutenak.

Brigadistak harrituak ginen, Galizako kideek izugarrizko lana egiteaz gain, kristoneko ilusioa transmititu zigutelako. Hain hurbil dugun borroka indartsu eta ezezaguna plazaratzeko esfortzuak egingo ditugu!

Adi hurrengo kroniketara!

Viva Galiza ceive!