"Hurbiletik bizi ahal izan genuen momento gogor hura"

Lehen kronikan Suruçen Rojavako kantoiak ezarri zireneneko 3. urteurrenaren ospakizunean utzi genituen brigadistak. Orango honetan, sarraskiaren ondorengo egunak hubiletik nola bizi izan zituzten azalduko digute.

Amed hirian konturatu ginen zer nolako oihartzun eta garrantzia edukitzen ari zen Suruç-eko sarraskiak. Hirian tentsioa ere goruntz zijoala nabaritzen zen. Eraildakoen gorpuak jaioterritara heltzen ari ziren eta horien artean ere, Amed-ekoak. Hurbiletik bizi ahal izan genuen momento gogor hura. Bertakoekin batera eraildakoaren lehenengo harreran egoteko aukera izan genuen. Gorpuak Suruç-etik anbulantziatan ekarri zuten txalo zaparraden artean. Une latzak ere bizi genituen, senideen mina bertatik bertara. Ondoren, kotxe karabana handi batek jarraituta hiri barruko hilerri baten atetara iritsi ginen.

Bi hil-kutxak bizkarrean hartuz jende multzo handi batez lagunduta gorpuak agurtu eta lurperatu zituzten. Aipatzekoa da, hilerrian sartzeko herritarrek antolatutako segurtasun neurriak esanguratsuak zirela.

Sarraski honen ondorioz gure brigadaren plangintzak gora- beherak jasan zituen arren, aurrera jarraitu genune. Horrenbestez, bildutakoen artean udalgintzan aritzen den emakume batekin elkartu ginen, aipatzekoa gainera 2009ko hautetsien kontrako sarekadan atxilotua izan zela. Sarekada honetako 10.000 militantek 5 urteko espetxe zigorrra bete dute. Hain zuzen ere, gu bertan geundela turkiako gobernuak aurrera eramaten ari zen polizia operazioarekin konparatu genezakena, bi egunetan 700 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.

Bilera interesgarriak eduki genituen HDP (parlamenturako azken hauteskundeean 80 parlamentari atera zituzten botoen %13-arekin) eta DBP alderdi politikoekin. Preso politikoen abokatuak izan ziren gure hurrengo batzarraren jomuga. 4500-5000 tartean dago preso politikoen kopurua 92 kartzeletan sakabanatuak; gurean bezalaxe dispertsio politika aplikatu egiten zaie. Hala ere, erakunde propioa dute eta ekintza bateratuak aurrera eramaten dituzte; adibidez gu bertan ginela, 3 eguneko gose greba burutzen hasi ziren Suruç-eko sarraskia eta Turkiako gobernuaren esku-hartzea salatzeko. Oso aberasgarria izan zen esparru honetan, zoritxarrez ditugun berditasunak elkarbanatu ahal izatea.

Amed-en ere, Jinha emakumeen berri agentziarekin ere izan ginen. Orain dela 4 urte jaio zen emakumeen ahotsa ikustarazteko proiektu komunikatiboa da. Emakumea gizartean subjektu politiko aktibo gisa aldarrikatzen dute eta gure bisitari erantzunez brigadako 2 emakume elkarrizketatuak izan gara. Erasoak areagotzen eta gatazka bera intentsitate berean handitzen doazen honetan, kurduen gaineko berriak zabaltzen dituzten medio eta sare sozial kontuak zentsuraten ari da Turkiar gobernua. Hauen artean Jinha besteak beste.

Indarkeria zurrunbilo honetan, egunez egun tentsioa handitzen ari da kaleetan eta mobilizazioak ere bide berdinetik doaz. Eraso armatuak ere ugaritzen ari dira eta ondorioz kaleetan presentzia militarra itogarria da.

Beste behin ere , Hoteleko lehiotik “Kazek“ iluntzen dute gure begirada!!