Mexikoko brigada, 3. kronika: 'Triki herria bizirik!'

mexiko brigada copala trikiMexiko brigadak 2010, Copalako Trikien Komunitate Indigena Autonomoa osatzen duten kideen gertaerak zuzenean jasotzeko aukera izan du Mexiko Hirian, Distrito Federalean.

Carmen, Armando Martinez eta bi kide trikirekin elkartu gara haien bizi esperientziak elkarbanatzeko. Carmenek, Cactus elkarteko kidea eta berriki erahildako Betty Cariñoren ahizpa, azalean bizi izandako amorrua erakutsi digu. Armando irakaslea da eta hezkuntza mailan Triki komunitatearekin lanean ari da, babesa eta elkartasuna adierazteko tailerra martxan dauka.

"Independentzia" eman zenetik, Triki herriek erresistentzian iraun dute. Kazikeak, paramilitarrak eta gobernuak beraien lurraldea eta izaera zatitzea bilatu dute; 32 komunitate eta baliabide natural aberatseko lurraldea, gobernurako goxoki ezin hobea.Aspalditik 3 komunitate administratiboetan banatuta egon dira, hauen artean elkarlanean eta bizilagun izaera guztiarekin. San Juan Copala tradizionalki garrantzitsuena zenez, Trikien indar metaketa bertan biltzen zen. Trikien kultura eta antolakuntza maila propioa Espainiar kolonizazioaren jo puntua izatea bilakatu zen. Lurren desjabetza, deforestazioa eta bioaniztasunaren eraldaketa eman zen. Horrez gero Trikiak iraupen borrokan bizi izan dira.

Indepentzia borrokan Trikiek ere, parte hartze handia izan zuten, Ilari Alonso izan zelarik gerlari aipagarrienetakoa. Behin Independentzia lortuta, Triki gerlarien historia mapa ofizialetatik at geratzen da; 1970 urtera arte, beraien gobernua eta botere organoa autogestioaren bidez aurrera eraman zuten. Urte honetatik aurrera PRI (Partido Revolucionario Institucional) eta bere “demokrazia” agertu zen, beraien autoantolakuntza suntsituz. Demokrazia kapitalistaren agerpenarekin batera, lurrak kendu, produktu berriak landatu eta esklabotza ezarri zen. Erlazio komertzial horiek ustelkeria, xantaia, mehatxuak eta beraien arteko konfrontazioak ekarri zituen.

Egoera horren baitan, gazte mugimendu asanblearioa sortu eta kooperatibismoa aldarrikatu eta ezarri zuten. Testuinguru honetan 1981ean MULT (Movimiento de Unificación y Lucha Triki) sortu zen Triki herriaren defentsan. MULT-eko sortzaileak hainbat istiluetan erahil zituzten, agintari berriak ahulagoak ziren eta Gobernuari euren buru-bihotzak saldu zizkieten. Hori dela eta, 2003an MULT-ek alderdi politikoa sortzen du, PUP (Partido de Unidad Popular ) izendapean. Orduan haien arteko liskarrak, hasi ziren. Izan ere, Trikiek ez zuten jardun politikoetan sinisten.

Barne arazoak sortzen dira, eta kideen arteko banaketak erakunde berria sortzera behartzen die: MULT-I (Movimiento de Unificación y Lucha Triki Independiente).
2004 hauteskundeak PRI-k irabazi zituen, Ulises Ruiz buru zela. Altxamendu sozialaren beldurpean, PRI-k Unión de Bienestar Social para la Región Triqui (Ubisort) estrategia politiko bezala sortu zuen; PRI-ren maskara berria indigenen botoak eta errekonozimendua lortzeko helburuarekin. Egiazki, paramilitarismoa izenarekin ezagutzen duguna.

2007ko Urtarrilaren 1ean munizipio autonomoak sortzen edo izendatzen dira trikien lurretan; San Juan Copala erreferente izanik, bake lurraldean eta autogestioan oinarriturik.

Autonomiarekin batera zenbait lorpen ematen dira, irrati komunikabideak, hezkuntzan antolakuntza propioa eta ekoizpen proiektuak. Emakumeek irratia okupatu zuten, hemen hasten da Ubisort eta PUP-ren haserraldi bortitza.
Horren eraginez, San Juan Copala komunitate guztien erreferente izanik, Oaxaca Estatuko estrategek zonaldea blokeatzen hasten dira. Setio egoeran bizi dira San Juan Copalako jatorrizko herritarrak.

Egoera salatzeko mobilizazioak ematen dira. Esanguratsua da lehengo Karabana Humanitarioren gertaera iluna. Karabana hark herriarentzako lehentasunezko beharrak asetzeko produktuak zeramatzan. Estatuaren gerra zikinak aktibista ziren Betty Cariño eta Jiry Jaakkolaren heriotzak eragin zituen. Tiroka eraso zuten 2010eko apirilaren 27ko karabana hura. Ez zen kasualitatea izan, Betty herrialdearekiko elkartasunaren adierazpenean asko borrokatutako emakumea eta Cactuseko kidea, gobernuaren jo puntuan mehatxatua baitzen. Jiri Jaakkola internazionalismoaren elkartasunean aritutako Finlandiarra zen. Gerora, maiatzaren 20an Timoteo Alejandro MULTI-ko sortzailetarikoa hil zuten.

Bigarren karabana 2010 eko ekainaren 8an izan zen eta ezin izan zuten sartu.
2010eko Uztailaren 30ean Anastasio Juarez, lehenengo karabanaren erasoan eskusartze sakona izandakoa erahil zuten bere korrupzio ilunetan aritzeagatik. Mexikar Gobernuak koiuntura hura erabiliz, Trikiei leporatzen die gertatutakoa, San Juan Copalan gorpua utziz.

Trikien egoera hau, gobernuak eratutako trikimailuen ondorio da. Paramilitarismoak bereak eta bi egiten ari da Trikien zapalkuntzarako. Ekintza bortitzak, erahilketak eta ustelkeria tresna bezala erabiliz; euren izaera identitarioa, hizkuntza eta ohiturak lurralde haietatik desagerrarazteko.

Halere, Trikien borrokak tinko dirau, ez dute nolanahi etsiko!!