Mexikoko brigada: Villas de Savalcar, Juarez hiriko auzo borrokalaria eta duina

Villas de Salvacar auzo erreferente bilakatu da Juarez Hirian, Mexikon. Bizilagunak beraien artean elkar ezagutzen ez duten hiri honetan, auzoetako bizitza desagertu den momentu honetan, Villas de Salvacarreko biztanleak inoiz baino elkartuago daude, inoiz baino indartsuago.

Elkartasun hori 2010eko urtarrilaren 31n eman zen sarraskiaren ondorio da. Polizia Federala auzoan sartu eta bertako 15 gazte erail zituen, narkotrafikoaren aitzakiapean. Gazte horietariko gehienak adin txikikoak ziren, ikasle edo langileak eta etxe batean festa ospatzeko elkartuta zeuden
polizia sartu eta tiroka hasi zenean. Gobernuaren bertsioak, narkotrafikoan sarturiko gazteak zirela, haserrea sortu zien senitarteko eta bizilagunei, auzoaren izaera aldaraziz. Sarraski horretan bere bi semeak galdu zituen Luz María Dávila, irudi bilakatu da herriaren borrokan, segurtasun neurriak
saihestuz, Felipe Calderón berarengana iristea lortu baitzuen, komunikabideen aurrean agintariari bere lotsagabekeria aurpegiratuz.

Auzoa elkartzen hasi zen, antolatzen, egia exijitzen… Indar metaketa horrek, bere fruituak eman zituen duela hilabete batzuk poliziak adin txikiko 2 neska bahitu zituenean; lekukoen bidez ezagutu zen gertaera. Hasiera batean poliziak beraien eskuetan zeudela ukatu zuen arren, auzokoek poliziaren eraikin batera martxa antolatu zuten eta neskak onik berreskuratzea lortu zuten.
Emakume desagertuak onik agertzea ez da eguneroko gauza Juarezen, auzoaren indarrak lortutako garaipena izan zen hura.

Luz María Dávila Felipe Calderoni kontu eske, ongi etorria ez dela esanez.

Gaur egun, etxe huts batean sortu duten liburutegi xume batean biltzen dira astero, duela hilabete batzuk ezagutzen ez zen jendea elkarlanean dabil, auzoa indartzen. Auzoaren beharrei erantzuna ematen saiatzen dira, otsailetik Villas de Salvacarren finkatuta dauden poliziek futbolean
jarduten duten bitartean, Juarezeko hainbat mugimendu eta pertsona proiektu honetan parte hartzen ari dira: tailerrak, bideo emanaldiak, mediku zerbitzuak, terapia psikologikoak etab. eskainiz.

2006.urtetik, Felipe Calderonen agintaldia hasi zenetik, 24.800 hildako egon dira estatuan “narkotrafikoaren aurkako guda” dela eta, horiek batzuen ustez pobrezia eta mugimenduen aurkako gerra zikina estaltzeko erabiltzen diren hitzak besterik ez dira. Abuztuaren 6an 450 polizia federal matxinatu ziren beraien agintarien kargutik kentzea eskatuz, bahiketak, hilketak eta xantaia egitera behartzen zituztela aldarrikatuz. Momentu honetan Luz María Dávila gobernuak jarritako bizkartzainen zaintzapean dago, ez al da kontraesan bat? Kontraesanez beteriko lurralde honetan, Villas de Salvacar mugimendu eta indarraren erreferente bilakatu da Juarezen.