"Ospakizunaren hurrengo egunean Suruç nazioarteko komunikabideetan lerroburu nagusi bilakatu zen"

Aurten aurreneko brigadak antolatu ditugu Kurdistanera eta berez dagoeneko gatazka egoera oso agerikoa bada ere, uztaila bereziki nahasia izan da bertan. 32 militante internazionalisten erailketa, atxiloketa sistematikoak....  gaur dagoeneko Euskal Herrian ditugu eta pixkanaka bertan bizi, ikusi eta ikasitakoa azalduko digute ondorengo egunetan kronika bidez.

Behean irakurgai lehen kronika eta entzungai gaur goizean Irati Tobar eta Ane Belategi brigadako kideak info7 irratian izan dira solasaldian beraien esperientzia azaltzen.

Hasierako egunetan brigada Amed-Diyabarkirren (Turkiako Estatuaren menpe dagoen İpar Kurdıstango hiriburua) kokatu zen brigada. Bertan elkarte ezberdinekın biltzeko parada izan genuen. Besteak beste, KJA (Free woman congress) (1), Rojava associatıon (2), Peace mothers (3) eta ehungintza esparruko emakumeen kooperatiba bat (4).

Esparru ezberdinetako elkarte hauekin bildutakoan, Kurdistango herriak aurrera daraman borroka eta erresistentzia gertutik ezagutzeko lehenengo aukera izan zen hura. Herri eredugarri bat benetan, kontuan izanik guztiz militarizaturiko herri bat dela.

Hurrengo helmuga, Amed hiriaren kanpoaldean dagoen Shengal errefuxiatuen kanpamentua bisitatzea izan zen. Bertan, orain dela urte bat iritsitako yezidiak (iraketik heldutako berezko erlijioa duten komunitatea eta kurderaz aritzen direnak) bizi dira. Familia ezberdinen errealitatea ezagutu eta beraien egunerokotasuna elkarbanatu genuen. Eskuzabaltasun handiz hartu gintuzten, euren herrietatik ehundaka kilometrotara egonda ere.

Diyarbakirretik Hegoaldera jo genuen jarraian, Rojava izeneko errefuxiatu kanpamentua bisitatzeko asmoz. Kanpamendu hau Turkiıa eta Siriaren arteko mugatik hurbil 10 kilometro eskasera dagoen Kulunce herrian kokatzen da. Azken hau, Kobanetik heldutako ehun familiak osatzen dute, mila pertsona inguru. Bertan, bi egun igaro genituen, bertakoen testigantzak jasoz eta beraiekin batera, Euskal Herrian aritzen garen bezala, auzolanean jardunez.

Kanpamentua ezagutzearekin batera, gertuko familia baten etxean hartu gintuzten. Familia honen balore komunalak eredu, aukera paregabea eduki genuen, familia kurdu borrokalari baten bizimodu xumearen berri izateko. Gainera, ramadanaren bukaerak, etxe horretan harrapatu gintuen eta Ramadana bukatu eta hurrengo egunetan ohitura den bezala, bisita asko jaso genituen, Euskal Herriaren berri ere emanez.

Amedera itzuli aurretik, Turkia eta Siria arteko mugara hurbildu ginen. Kobani hirian gertatutako sarraskia, Turkiaren menpe dagoen Ipar kurdistanetik ikusi genuen. Egungo egoera dela eta, Kobanira sartzeko zailtasunak handiak izanik, ezin izan genuen bertatik bertara ikusi, bai ordea, pare-parean dagoen eta turkiari dagokion herrixka nekazari bateko jendea ezagutu. Sarraskia gertatu zeneko bizipenak elkarbanatu genituen, egun horietan beraien funtzio nagusiena zaurituak eta Kobanitik ihesitako jendea beraien etxean jasotzea izan zelarik.

Hirira bueltatu aurretik, Suruçen arratsaldea pasa genuen, bertan Rojavako kantoiak ezarri zireneneko 3. urteurrenaren ospakizunetan parte hartuz. Ospakizun hau, mugaren bi aldeetan gogorarazten da urtero. Zoritxarrez hurrengo goizean, Suruç nazioarteko komunikabideetan lerroburu nagusi bilakatu zen. 32 lagun internazionalista erailak izan ziren, erasotzaile suizida batek bere burua lehertu ostean. Brigadista hauek, Kobani eta rojavan elkartasuna adieraztea zuten helburu. Agur eta ohore!!

Bost egun hauetan bizipenak ikaragarriak bezain biziak izan dira, borrokan dirauen herri batenak, alegia. Brigadak aurrera darrai. Hurrengo helmuga AMED!!!

 

(1) Emakumeen askapenerako erakunde nagusia.ezagutu

(2) Errefuxiatuen kanpamentuen beharrizanak asetu eta nazioartetik elkartasuna jasotzen duen elkartea.

(3) Errepresalıatuen eta borrokan hildakoen amek osatzen dute. Babesa eskaini eta hainbat egoeren aurrean, salaketa ekimenak egiten dituzte.

(4) Jasartuak izan diren emakumeez, emakume preso eta politiko ohiez etab… osatutako kooperatıba. Bertako jantzi tradiziıonalak eta beste hainbat jantzi ehuntzen dituzte.