Palestinar herriarekiko elkartasuna, «bihotz eta buruarekin» (biladi hadi! kultur brigada Gaur8-n)

biladi hadiEgileak Euskal Herritik Palestinara udan joandako Biladi Hadi kultur brigadaren berri ematen digu. Musikariak, kazetariak, ikasleak, pedagogoak, pailazo bat eta definitu ezin daitezkeen titiriteroak izan dira bertan.

Alberto Pradilla/GAUR8


Zertaz ari gara Palestinara doan euskal brigada bati buruz hitz egitean? Nortzuk dira protagonista nagusiak? Egia esan, brigadista bakoitza Euskal Herria zapaldutako beste herri batekin lotzen duen zubi bat da. Ezberdintasun asko egon arren, euskaldunek bat egiten dute zapaldutako beste herriak batzen dituen sentimenduarekin.

Horrela ikus daiteke Biladi Hadi brigadak esperientziaren inguruan egin duen blogean: «Zuek hemen egotea garrantzitsua da. Badakit euskaldunok gurekiko elkartasun politikoa izateaz gain, giza elkartasuna ere adierazi izan duzuela». Jerusalemen bizi den Ali Jedda PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteko preso ohiaren hitzak dira. Afrikar jatorriko ekintzaileak ongietorria egin zien brigadistei, Euskal Herriko egoera zein den ezagutzen duela erakutsiz: «Oso arazo larria jasaten ari da Euskal Herria».

Egoera ezberdinak alderatzea gehiegitan egiten den akatsa da. Hori ederki asko ikasten dute honaino etortzen diren brigadistek, apartheid sistemaren funtzionamendua ezagutzeko aukera izan ondoren.

Palestinan ia ez dago rock and rollik. Ez check-point-ean, ez «insert-coin»-ean. Baina dantzak ez dauka itzultzaileen beharrik. Ramala hirian, esaterako, gazteek erabiltzen duten kultur zentro batean, edo Bir Zeiteko meza bukatu ondoren, Ozores zenaren filmetan bezala -alkatearekin eta apaizarekin, baina udaltzainik gabe-, musika tresnak okupazioa salatzeko arma bihurtu dira. Ez dago letra ulertu beharrik gauza berberaz ari garela konturatzeko.

Zortzikotik dabka izeneko Palestinako tradiziozko dantzara doan bidean dago Biladi Hadi brigadaren helburua. Israeleko kolonoak ere konturatu ziren horretaz. Orain bi aste edo, bafleak atera zituzten kalera, Arramazka euskal taldearen musikari aurre egiteko.

Arramazka eta Ghawitarrak

Arramazkakoak Ghawi familiarekin zeuden, Jerusalemeko ekialdeko Sheikh Jarrahko etxetik okupatzaileek bidalitako familiarekin. Baina elkartasunezko musika ez zen kolonoen gustuko izan. Ghawitarrek urtebete baino gehiago daramate kalean, kanpin denda batean bizitzen, eta egunero izaten dute atzerritik etorritako norbaiten bistaren bat, kolonoen eta Poliziaren jazarpenetik palestinarrak babestu nahian. Kasu honetan, euskal gitarra kolonoen dezibelioen aurka, okupatutako lurraldean.

«Musikaren botere koxkor hori baliatuz, ehunka palestinarren bihotzetara heltzeko aukera izan dugu, Ballatan, Al Ainen, Sheikh Jarran, Hebronen... eman ditugun saioei esker», esan digute Arramazkakoek. Musika bi herrien arteko zubi izan da. Nazaret Israelen dagoen gehiengo palestinarreko hirian egindako Mikel Laboaren «Gure hitzak» abestiaren grabazioan ederki asko ikusi ahal izan zen hori. Rim Banna abeslari palestinarrak ipini zuen ahotsa, Nazareteko DAM talde palestinarraren laguntza ere izan duen proiektuan.

Uztaileko brigadak ere bere soinu banda propioa izan zuen. Alde batetik, azkenean Ramala, Bir Zeit eta Belengo alkateek ere abestu zuten «epo-etai-tai-e» dioen kanta ezaguna. Bestetik, definitzerik ez dauden titiriteroek Nabuluseko edo Jeningo hiri zaharretako umeei eskainitako musika. Fredi Paia bertsolariak Freedom Theatre antzokiko emanaldia bukatu ondoren esan zuenez, «momenturik zirraragarrienetakoa izan da».

Tamalez, benetako munduak ez dauka Porrotxek ume palestinarrei margotzen zien koloretako munduaren tankera handirik. Pailazoak berak eta Ainara Gorostizu «Berria» egunkariko kazetariak hori ulertu ahal izan zuten judu ortodoxo bat builaka etorri zitzaienean, Porrotxi apartheid-aren hormaren ondoan argazki bat egiten ari zirela. Zer espero daiteke hormigoi grisarekin ohituegia dagoen herri bati koloreak eraman nahi dizkion pailazoa mehatxutzat hartzen duen pertsonen aldetik? Hori bai, edozein lekutan, Mardako eskolako patioan, Haifako Abnaa Al Balad klubaren ondoan edo Ramalako dantza ikasleak elkartzen diren tokian, umeek beti erakutsi dute ez dutela hitzen beharrik Porrotxek adierazi nahi zuena ulertzeko.

«Palestina asko sufritzen ari den herria da, lehen ere asko sufritu duena, eta, tamalez, hemendik aurrera ere seguru asko sufritzen jarraitu beharko duena. Hala ere, gizatasunari, laguntasunari eta aurrera egiteko borondateari dagokienez, eredugarriak dira palestinarrak».

Xabier Lasa Leioako Unibertsitateko ikaslearen hitzak dira. Bera bitan egon da aurten Palestinan, uztailean eta irailean. Lurralde okupatuetara joatea erabaki zuen bera bezala egunero fakultatera ikastera joaten diren ikasle palestinarren egoera negargarria bertatik bertara ezagutu ahal izateko.

Hezkuntza sistema nazionala abian jartzeko arazo ugari ezartzen diete okupatzaileek ikasle palestinarrei, Euskal Herrian gertatzen den moduan. Hala ere, Lasak esan digunaren arabera, «Palestinan nolabaiteko desfase bat daukate, beste edozein lekutan lauzpabost urtetan bukatzen diren ikasketak egiteko, herri horretan bederatzi urte behar baitira, ikaslea kartzelara sartu dutelako edo unibertsitatea bera itxita eduki dutelako». Edonola ere, Lasak nabarmendu nahi du lurralde okupatuetan hezkuntzari ematen zaion garrantzia ikaragarria. Izan ere, palestinar erresistentziaren buru ugari unibertsitateetako gelatan sortutako mugimenduetatik atera ziren bere garaian. Unibertsitatean hasi zuten askapen prozesua, palestinar gizarte osora hedatu zuten gero.

Palestinar herriari elkartasuna adierazi nahi zioten euskal ekintzaileetako batzuk iritsi ziren lurralde okupatuetara, baina ez Euskal Herritik helburu berarekin irtendako guztiak. Horixe gertatu zitzaion Martxelo Diaz GARA egunkariko kazetariari.

Arazo ugari muga zeharkatzeko

Itsaso Gorrian dagoen Aravako sarbidetik iritsi nahi zuen Israelera Martxelo Diazek, baina ezin gainditu daitekeen oztopo batekin egin zuen topo. Beraz, Jordanian geratu beharra izan zuen. Palestinara iristea lortu zuten lagunek umorezko izena jarri zioten orduan brigadari: Al Martxel Martiriaren XIV. Brigada.

Bi herrien arteko mugaz hitz egiten den negoziazio garaiotako paradoxa da gertatutakoa: Armada okupatzaileak erabakitzen du atzerritar batek Gazan edo Zisjordanian sartzerik ba ote duen. Ofizialki, Israelera sartu behar dute horretarako, ez baitago lurralde okupatuetara joaterik Israelen mende dagoen lurra zapaldu gabe. Israeleko lurra zapaldu beharra daukazu, nahi ez baduzu ere. Martxelo Diaz izan zen lurralde okupatuetara iritsi gabe geratu zen brigadista bakarra. Hala ere, gainerakoek ere izan zuten arazorik mugak zeharkatzean, Israelgo segurtasun indarrei ez baitzaie batere gustatzen atzerritarrek palestinar herriaren sufrimenduaren berri munduari ematea.

Guztira, bi txandatan, 30 lagun. Ehunka kontu Euskal Herrira itzultzen direnerako. Guztiek dakite benetako lana orain hasten zaiela, Euskal Herrian. Zer egin daiteke milaka kilometrora? Jon Aranburuk gogorarazi digunez, «palestinar guztiek gauza bera eskatu digute, Israelen aurkako boikot kanpainan sakontzeko». Eta, horrekin batera, jakina, Euskal Herriaren askapen prozesuan aurrera egiteko. Bide horretatik noizbait lortuko da irailean Balatako iheslari eremuan euskal eta palestinar selekzioen artean jokatutako adiskidetasunezko partida selekzioen arteko partida ofizial bihurtzea. Horrek adieraziko du bi herriek beraien helburuak lortu dituztela.