Preso politiko maputxeak: hilabetez gose greban

maputxeak gose grebanGabi Basañez Askapeneko kidea (gara.net)

Ez da lehen aldia Preso Politiko Maputxeak gose greban ari direna. Aspaldi ekin zioten borroka tresna hori erabiltzeari. Harritzekoa izan daitekeena da, bai 2006an zein 2008an egindako gose grebetan aldarri berberak egon izana: maputxe komunitateen desmilitarizazioa eta Lege antiterroristaren deuseztatzea.

Pinochete gobernutik joan eta “konzertazio”ren gobernuak egon izan dira hamarkada luze batez Txilen, sozialdemokratak. Oraintxu berriz, Piñeira eskumako presidentea heldu berri da. Eta Gulumapun (Txile administraziopeko lurraldean) maputxe herriarentzat ezta egoera aldatu: euren kultur izaera eta burujabetzaren alde diharduten komunitateetan (sendiez osatutako auzo edo herri txikiak) behin eta berriro poliziaren sarraldiak, bertoko pertsonen iraindu, kolpatu, eraman, kartzelaratu. Bachelet andrearen azken gobernu “progresista”ren emaitzetako bat ume maputxeak torturatzearen salaketa jasatea izan da, ONUren kezka ere publikoki agertu zelarik. Bestalde, geroz eta arruntago bilakatzen ari da txielko karabineroenen razzia hauetan asaldatzen duten komunitateko autoritate espiritualak erasotzearena.Beraz, maputxe komunitateei Txileko gobernutik beti egurra datorkie, kolore batekoa zein bestekoa izan.

Gaur Txilen indarrean den Lege Antiterrorista Pinocheten gobernuak egindakoa da, nahiz eta Aylwin presidentearen sasoian aldaketa batzuk egin zitzaizkion. Pinocheteren Lege antiterrorista hori maputxeei soilik aplikatzen zaie gaur egun, maputxeen aurkako gerra tresna bihurtua. Horren deuseztapena ere aldarri.

Preso Politiko Maputxeen kolektiboa sano handitu da azken bi urtetan, gaur egun 60 bat direlarik Txileko sei kartzeletan sakabanaturik. 2010.eko Uztailaren 12an ekin zioten gose grebari eta hilabete egina dute jada.

Hilabetearen zehar aipatzekoak dira behin eta berriro Gulumapun sortu diren mobilizazioak, Puerto Montt, Osorno, Temuco, Valdivia, Concepcion, Angol, santiago, batez ere erakunde maputxeen eskutik. Gose greba aurrera egin ahala, hauetako mobilizazio baketsutako batzuk gogor jazartuak izaten ari dira, Osornon bezala, giza kate batean 16 maputxe atxilotuak, irainduak eta komisaldgira eramanak izan direla. Nazioarteko komunikabideetan inoiz baino sarrera handiagoa izaten ari den bitartean, Txilen bertan isilarazten saiatzen dira komunikazio kate garrantzitsuenak.

Garrantzitsua ematen du ere instituzionalki ematen ari den erantzuna. Navarro senataria txiletarrak duela bi aste bisitatu zituen grebalariak, bat eginez euren aldarrikapenekin. Bestalde, herenegun oposizioko diputatu talde batek justizia militarra soilik militarrei aplikatua izan dadin Lege proposamena aurkeztu dute Txileko kongresuan. Gose grebalarien beste aldarrikapen batekin bat egiten du ekimen honek, justizia militarra desagertzearena. Izan ere , maputxe gehienak bi aldiz dira epaituak, batean justizia zibiletik eta bestean militarretik. Harrigarri bada ere, lege hauste bat egina bi kondena jaso ditzake maputxe batek.

Suediako parlamentari talde batek ere, bat egin Preso Politiko Maputxeen aldarrikapenekin. Era berean Torturaren aurkako Komisio Etikoak publikoki gogoratu du presoen aldarrikapenak bat datozela ONUk hartutako erabakiekin, Wallmapuren okupazio txiletarrak dakarren aferari buruz.

Txileko gobernuaren inguruetatik baina, argi eta garbi adierazi da orain arte, ez dutela gose grebalarien presioa onartuko eta ez dutela asmorik eurekin elkarrizketarako biderik sortzeko. Jaso duten bestelako erantzuna ere, eliteko polizi aparatu berri sortuko dela maputxeen aurkako borroka gidatzeko

Gose grebalarietako batzuek Espainiako gobernuari eskakizuna egin diote, Cubako presoen kasuan egin bezala, bide diplomatikoa jorra zezan euren kasuan ere. Orain arte ez da erantzunik egon horren inguruan.

Izan ere, maputxeak ez dira yankien zerbitzutara dabiltzan mertzenari kartzeleratuak. Ez eta ezkerreko mugimendu klasikoa. Gainera lurraren sema-alabatzat dute beraien burua, eta lurra amatzat. Ondorioz, ez dute munduko gobernu askoren laguntza izango, oraindik erregaietan oinarritutako produkzio sistimaren gatibu den ezkerraren laguntza txikia izan dezake, eta multinazionalen aurkakotasun osoa.

Euren indarretan sinistu behar eta sinisten dute bereziki, Argentina eta Txile estatupean erdi itorik dauzkaten ia 3 miloi pertsonadun Maputxe herriaren aldeko borrokalariek. Hausnarketa garrantzitsuena eragin diezaiguketenak europako ezkertzaleei. Lurra, hizkuntza, kultura eta batera berdintasunean bizitzearen beharra eta ederra.

Preso Politiko Maputxeek erakusten ari diren duintasun eta indarra lagun dezagun.