Venezuelako brigada, 3. kronika: 'Elikagaien ekoizpena: subiranotasuna lortzeko beste pauso bat'

venezuelako brigadaVenezuelako Errepublika Bolibariarrean, zehazki Caracas hiriburuko 23 de Enero auzoan gauden euskal brigadistok, Nekazaritza eta Lur Ministerioko CIARA fundazioko kideek emandako hitzaldi batean egoteko aukera izan dugu.

Hitzaldi honen helburua, hiriguneetan akuikultura garatzeko xehetasunak hiritarrei modu zuzenean azaltzea izan da. Proiektu honen xede nagusia, hiritar orok elikadura burujabetza lortzea da. Horretarako, akuikultura tresna garrantzitsua izan daiteke; izan ere metodo honen bitartez hiritarrek elikadura orekatuagoa izateko aukerak zabaltzen dira. Hala ere, elikadura burujabetzak ez digu elikadura osasungarriaz eta iraunkorraz soilik solasten, herri guztien eskubideei buruz hitz egiten digu. Hiritarrek beraien jakiak askatasunean ekoizteko duten eskubidea berebizikoa baita. Gaur egun hein handi batean elikagaien ekoizpena eskuinaren eskuetan aurkitzen da, nahiz eta gero eta gehiago diren gobernuaren kontrolpean dauden elikagai enpresak. Eskuinak indar hau aprobetxatuz, ez du dudarik egin gatazka momentuetan gailentasun hau arma moduan erabiltzeko, elikagai horniketa etenaz. Beraz, arazo hau ikusirik, elikadura burujabetza eskuratzea eskuinaren botere murrizketan aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke.

Hiri komunitateetan akuikultura proiektuak garatzeko Nekazal eta Lur ministerioak hainbat laguntza eskaintzen ditu. Laguntza hauek baliatuz hainbat esperientzia burutu dira. Hauen emaitzak erabat baikorrak izan dira orain artean. 2010. urterako CIARA fundazioak Caracaseko hirigunean horrelako bederatzi egitasmo martxan jartzeko asmoa azaldu du. Horietako bat 23 de Enero auzoan gauzatzekoa da, bertan lau ur deposituz osatutako unitate bat prest dago jada. Unitate bakoitzak uraren kalitatea ziurtatzeko baliabideak ditu (ura oxigenatzeko sistema kasu) eta bertan 530 cachama ekoitziko dira. Aipatutako proiektu pilotu hau, elikadura subiranotasuna lortzeko bidean Venezuelako gobernu bolibariarrak martxan jarri dituen proiektuetariko bat besterik ez da.