2016ko brigadak

  • Mexikotik brigadisten lehen kronika!

    Iritsi zaigu Mexikon den brigadaren lehen kronika: hezkuntza erreformaren aurrean herri mugimendua kalean

    Hemen aurkituko dituzue kronika, argazki eta bideo guztiak.

    #brigadak2016

  • Komunitate zapatistetatik, Mexikoko brigadaren kronika!

        Uztailak 13an iritsi eta 20rarte Agua Clarako lurretan zapatistek bereganatutako “El Salvador” bainuetxean izan ginen. Zapatisten gunea bost karakolek osatzen dute; Oventik, La Garrucha, La Realidad, Roberto Barrios eta azkenik gu izan ginena, Morelia. Karakol bakoitzak bere barnean munizipio autonomoak dituzte, gure kasuan Komandanta Ramona eta munizipioek bere barnean hainbat komunitate, bisitatu genuena Agua Clara.

     

    “El Salvador” bainuetxearen historia
        

    Agua Clara komunitatea osatzen duen lur eremua, Tuxtla Gutierrezko lurjabe baten finka zen. Honek abereekin lan egiten zuenez, lur eremuko berezko landaredia desagertuta zegoen. 1994ko urtarrilaren 1ean EZLNren altxamenduarekin gizon honek lur hauetatik ihes egin zuen eta lur hauek komuneroek errekuperatu zituzten. Sasoi horretan komunitatean 30 familiatik 18 zapatistak ziren. Hala ere, urteak pasa ahala gobernu estatal, zein federalak komunitateetan laguntza programa desberdinak ematen hasi ziren zapatismoa ahuldu asmoz.

        1998an gobernu berak Agua Clara errekaren magalean instalazio modernoak eraiki zituen; hala nola jatetxe bat eta hamar logelako hostala, gerora leku hau putetxe ere bilakatuaz. Egoera honek bertako bizilagunak arduratu zituen eta EZLNrengana jo zuten lurrak errekuperatzeko. Honetarako hitzarmen bat sinatu zuten 2008an EZLN eta bertako agintariek, non EZLNri lurren kontrola aitortzen zioten. Hau horrela familia zapatistek lurra landu eta zaintzeari ekin zioten eta horrela jarraitzen dute. Hortik denbora gutxira Agua Clarako komunitateak, (partidistak) egindako akordioa bertan behera utzi zuten eta ordutik arazo ugari izan dute.

        2012rarte Agua Clarako komunitatean 18 familia zapatista zeuden arren, gaur egun lau familia izatera iritsi dira. Mehatxu asko izaten dira eta azpimarragarriena “El Salvador” bainuetxea okupatzea eta zapatistak kanporatzea da.
        

    Komunitateko egonaldia

        “El Salvador” bainuetxera iritsi baino lehen, Moreliako karakolean izan ginen, han Junta de Buen Gobiernok hartu gintuen ongi etorria emateko.
        Behin Agua Clarara iritsita, oso ondo hartu gintuzten bertako kideek, behatzaileen presentzia asko eskertzen baitute. Gure lana giza-eskubideen behatzaile gisa jardutea izan zen, bertako bizimodua behatuz, inongo momentuan eskurik hartu gabe. Behatzaileen presentziak bertako erasoak murrizten ditu, azken batean gertakariak jakinarazteko baitaude.

        Komunitatera iristean partidisten erasoa zela eta urik gabe geunden, aurreko egunean ur-hodia moztuta eta trabatuta utzi baitzieten, beste hainbat alditan bezalaxe. Ur-jarioa aurkitzea asko kostatu zitzaien, baita hau konpontzea ere, horrek suposatzen zuen gastu ekonomiko zein materialak eskuratzeko zegoen zailtasunagatik.

        


        Bainuetxean bizi zen familiarekin egoten ginen batez ere, batik bat haurrekin, sukaldea elkarbanatzen genuelarik. Familia hau bertara joan berria zen eta tzeltalez hitz egiten zutenez ezin izaten genuen haiekin nahi beste komunikatu. Uneoro izaten diren mehatxuak direla eta JBGk zaintzaileak bidaltzeko neurria hartu zuen, zortzi eguneko turnoak egiten dituztelarik, hori dela eta beste kide bat ezagutzeko aukera izan genuen. Bainuetxetik gertu bizi zen beste familiarekin izan genuen harreman zuzenena, familia hau izan zen lurrak berreskuratzean bertaratzen lehena.

        Behin aste bete bertan pasa ostean, berriro ere Moreliako karakoletik pasa ginen, gertakarien berri eman eta agurtzera. Deigarria egin zitzaigun partidistei buruz hitz egiterakoan “nuestros hermanos partidistas” esatea, uneoro mehatxuka dagoen jendea baita, hauek baina indigenak eta pobreak dira. Hauen erasoen aurrean ez dute inongo momentuan erantzuten, erresistentzia baino ez dute egiten. Azken finean, benetako etsaia ez dira komunitateetan dauden partidisitak, horiei ordaintzen dieten alderdi politikoak baino, askotan gainera konfrontazioa bilatzen dutenak.

  • Mexikoko brigadaren kronika bertako espetxeen egoera azaltzen

        Txiapaseko egonaldian, bertako preso politiko eta borrokan dauden beste hainbat presoekin (denak ala denak “la sexta” rekin bat egiten dutenak) lan egiten duen No estamos todxs taldearekin elkartu gara.


        Aipaturiko taldearen lan-ildoak presoenganako elkartasuna, familiekin harremana, presio politikoa eta kasuen kaleratzea dira. Guzti honen aurrean taldea batik bat kartzela politikaren aurka lerrokatzen da eta egoera berean dauden gainontzeko estatuko taldeekin saretuta daude.


        Egun lan egiten duten presoen kopurua hamar kide ingurukoa da; El Amate, Playas de Catazaja, Villa de Comatitlan (segurtasun handikoa dena) eta Cerezo 5 espetxeetan barreiatuak, Txiapasen guztira hamalau espetxe daude.


        Txiapasen ere dispertsioa presente dago, ondorioz presoak urrundu eta familien egoera ekonomiko kaxkarra dela eta zailtasunak izaten dira bisitan joateko. Egoera honen aurrean taldearen ekarpen ekonomikoa presoei bitartekoak ematea litzateke, adibidez haien artisau lanak edo komunitate batean eginiko eztia salduz.

    Irakurri osorik

  • Mexikoko brigada San Cristobalgo Lurraren Unibertsitatetik!

    Irakurri osorik

    Centro Indigena de Capacitación Integral


    San Cristobaleko Centro Indigena de Capacitacion Integral (CIdeCI) edota Universidad de la Tierra ezagutzen izan ginen, lehenengo bertako ikasle baten eskutik eta amaieran bertako sortzaile den Raimundorekin.

    Raimundo Sanchez-en arabera CIdeCI 1983tik garatzen doan sistema bat da, aurrez beste leku batean bazegoen ere, 2005eko maiatzaren 20an finkatu zena San Cistobal de las Casas-en, zapatistek berreskuratutako lurretan. Hezkuntza proiektu hau unibertsitate moduan definitzen da,  Universidad de la tierra de Chiapas izenez ezaguna dena.

    Aurrez parte hartzeko aukera izan genuen osteguneroko mintegien aretoan hasi genuen unibertsitateko bisita. Saio  horietan, asteroko gertakarien irakurketa zabal eta sakona egiten dute, horretarako emaniko idatzietan oinarrituaz. Bertan izan ginenean bertaratutako perfil anitzek harriturik utzi gintuzten, emakume heldu indigena zein zortzi urteko mutikoak ikusi genitzazkeen hainbat jenderen artean. Osteguneroko mintegiez gain, hau ere pentsamendu kritikoa garatu asmoz, hileko lehen larunbatetan liburuak eztabaidatzen dituzte, honakoan ordea intelektual jendea hurbiltzen omen da batik bat.

    Ikaragarria iruditu zitzaigun lehenengo unetik unibertsitatea osorik ikasleek ikastaro ezberdinetan ikasitakoarekin egina izatea, aroztegian eginiko mahai eta aulkiak, telareetan eginiko errezelak, adobezko horma, leihoak...