Duela 25 urte Filtron, abuztuaren 23an Hendaian!

25 urte igaro dira, munduari uruguaiko herriak emandako duintasun erakustaldiaren ondotik. 1994ko abuztuaren 24an gertakari batek Euskal Herria eta Uruguaiko herria astindu eta bide batez bi herrien arteko harremana betiko elkartasunez lotu zituen. Milaka uruguaitar Filtroko ospitalearen ateetan bildu ziren Josu Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel Ibañez euskaldunei elkartasuna adierazteko. Hauek gose eta egarri greban zeuden borrokan, Estatu Espainiarrak beraien estradizioa eskatu ondoren. Era berean, han bildutakoek Uruguain aspalditik ezarritako asilo-eskubidea mantendu zedin aldarrikatzen zuten. Poliziaren basakeriak bi hildako eta ehundaka zauritu utzi zituen Montevideoko kaleetan.

Orain, 25 urte eta gero, eta ez soilik duintasunaren izenean, gertakari hura gogoratu eta omenduko dugu, urtero lez.  

Gogoan izango  ditugu eta omenduko ditugu Fernando Morroni eta Roberto Facal eta bortizki jazarriak izan ziren pertsonak, egiazko elkartasuna eta internazionalismoaren benetako praktika aurrera eramateagatik. Fernando eta Robertok dena eman zuten.

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu duela 25 urte kalera irten ziren milaka uruguaitarrak. Arduraz, duintasunaz eta kontzientziaz, irmoki Estatuen injustizia eta interes politiko zekenen aurka borrokatu zirenak.

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu, gaur egun munduaren edozein txokotan inposatutako inperio kapitalista eta munduko orden txikitzailearen errealitatea aldatzeko borrokan diharduten esperantza izpi guztiak.

Eta nola ez, gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu, Norma Morroni eta Filtroko martxa urtero antolatu eta hauspotzen duten kideak, benetako militantzia internazionalistaren adibide praktikoa eginez denontzako eredu eta ikur bilakatu direnak.

Baita ere gogoan izango dugu, eta ez dugu barkatuko Uruguaiko herriaren subiranotasunaren eta asilo eskubidearen aurka Estatu Espainiarraren  bortxaketa,   poliziaren errepresioa eta erantzule politikoen inpunitatea.

Ekitaldia G7ren aurkako kontragailurraren baitan izango da . Duela 25 urteko sarraskiak ez du gaurkotasunik galdu, zoritxarrez hau ez zen gertakari isolatu bat izan. Gaur egun ere, injustizia , inpunitatea eta eskubide urraketak sistematikoki nonahi ageri dira. Gurean omenaldiak jazartzen dira, Espainiako eta Frantziako Estatuak eredu dira gizarte zibila inpunitate osoz jazartzen. Negozioak agintzen du mundu osoan, gudaz konkistatzen dira merkatu berriak. Politikaren molde burges klasikoen agorpena gertatu dela edonon dago agerian. Demokraziarenak egin du. Botere ekonomikoak gainerako botere guztiak bahitu ditu; legegilea, exekutiboa, judiziala, mediatikoa. Herritarrak kontutan hartu gabe nazioz gaindiko erabakigune kapitalistek gobernatzen dute mundua, aberatsen nahierara egin eta deseginez, eraiki eta suntsituz, bere garro hiltzaileak planeta osora hedatuz. Hau ikusten ez duenak zeharo ezjakina da edo itsututa dago.

Guk argi daukagu, duela 25 urte Uruguaiko herriak azaldu legez;  Inperialismoaren aurrean, INTERNAZIONALISMOA eta herrien INDEPENDENTZIA aldarrikatuko dugu. Ezinbestekoa da. Herri desberdinetako matxinoen saretzea, elkartasuna eta borroka beharrezkoak izango dira orain eta etorkizunean.

Hau honela, herriari omenaldira bertaratzeko deia egiten diogu. Hilak 23an 13:00ean Hendaiako portuan (Kaneta gunean) izango da zita. Ezin dugu hutsik egin!