Venezuelako brigadaren 3. kronika: Lurralde Antolaketarako ministro-ordearekin topaketa
Edgar Alberto Valero Acosta Venezuelako Errepublika Bolivarianoaren Lurralde Antolaketarako burua da, Planifikaziorako Herri Boterearen Ministerioaren ministeriordetzetako bat. Askapenaren brigadarekin izandako topaketan bere ministerioaren funtzioei buruz aritu zen baita 2019-2025 Aberri Plana osatzeko prozesu parte-hartzaileari buruz ere.
Berak azaldu duenez, Planifikaziorako Herri Boterearen Ministerioan (HBM) oinarrizko lau ildoetan egiten dute lan, alegia, instituzional eta sozialean, ekonomikoan, lurraldetasunean eta estrategiko-politikoan. Instituzio eta gizarte ministeriordetza, Venezuelako Estatuaren estruktura antolatzera dedikatzen da eta ekonomiarako ministeriordetzan kate produktiboen azterketak egiten dira. Lurraldearen planifikaziorako ministeriordetzaren planak bost mailetan garatzen dira: nazionala, herrialdekoa, azpi-herrialdekoa, lokala eta komunitatearena. Azkenik, ministeriordetza estrategiko-politikoaren lana Aberriaren Plana garatzean datza.
Valerok argi utzi digu Planifikaziorako HBMren erronka nagusia Estatuak komunitateei protagonismoa ematea dela, nahiz eta nahiko zaila izan, egungo entitate gehienak laugarren errepublikatik jasoak izan direlako. Momentu honetan Estatuaren eraldaketan ari dira Estatu Komunala lortzeko. Horretarako, antolatuta dagoen jendeari tresnak ematen dizkiote herri boterea bermatzeko.
Aberri Plana garatu ahal izateko Estatistikako Instituto Nazionalaz eta Venezuelako Geografia Institutoaz baliatzen dira, besteak beste, errolda nazional digitalizatu bat garatzeko. Aberri Plan hau Chavez komandanteak 2012ko kanpainan planteatu zuen eta, ondoren, Nicolás Madurok abian jarri zuen. Herritarrei boterea eta hitza emanez, herri galdeketa bat egin zen 34.000 asanbladen bidez, non 3.400.000 lagunek hartu zuten parte. Aberri Planaren sistema bitartez, herritarrek, maila pertsonal zein kolektiboan, proposamenak eta iradokizunak egiten zioten gobernuari, zer herri mota sortu nahi zuten azaldu ahal izateko. Ironia puntu batekin, Valerok Aberri Plana Guaidók Unibertsitate Zentralean aurkeztu zuen bere Venezuelarako Planarekin alderatzen du, 20 diapositiba baino ez zeukana.
Era laburrean Valerok nazioaren eraikuntzari lotuta dauden bost helburu nagusiak azaldu dizkigu ere: independentzia nazionala mantendu; XXI. mendeko sozialismo bolibartarra eraikitzen jarraitu, kapitalismoaren sistema suntsitzaile eta basatiaren alternatiba gisa; eremu sozial, ekonomiko eta politikoan, Venezuela potentzia bihurtu; bakean eta orekan oinarritutako nazioarteko geopolitika berri bat garatzen lagundu; eta planeta bizirauteko eta gizakia salbatzeko lagundu.
Aberriaren Plana alde batera utzita, gazte profesionalizatuak herria uztearen problemaz mintzatu da. Beste edozein gudan gertatzen den bezala, bajak daude eta, kasu honetan, migrazioan aurki daitezke, horietako asko hedabideen eragina dela eta. Baja hauen artean teknologia-profesionalena esanguratsuena da baita enpresa pribatura doazenak ere, enpresa pribatuek dirua bolibarretan ordaintzeaz gain, dolarretan ere ordaintzen dietelako. Dena den, Aberrira Bueltatzeko Plana badagoela azaldu digu eta jada 16.000 gazte Venezuelako Errepublika Bolivartarrera bueltatu direla.
Amaitzeko, Venezuelako herriak herrien arteko elkartasunean sinisten duela adierazi digu eta, horregatik, bihotzez eskertu digu egindako lana eta Venezuelara etorri izana, bakarrik ez daudela sentiarazten dielako.