Venezuelatik hausnarketak, salbuespen egoeren aurrean

Martxo erdialdean ezarri zituen Venezuelako Gobernuak konfinamendua eta beste zenbait neurri herrialde osoan. Kontinente mailan neurri zorrotzak hartu zituen lehenengo herrialdetako bat izan zen eta, zalantzarik gabe, horrek pandemia kontrolatzen lagundu zuen. Gaur egun 2000 gaixo baino gutxiago daude herrialdean eta 20 lagun baino gutxiago hil dira COVIDa dela eta. Horrez gain, neurriak goiz hartu izanari esker, etengabe herrialdera itzultzen ari diren migranteen egoerari eta horrek ekar dezakeen osasun arazoari aurre egin zaio.

 

Venezuelak aspaldanik jasaten duen eraso ekonomikoei gehitu zaio osasun larrialdi hau, eta horregatik, Kuba, Txina eta Errusiatik jaso dituzte pandemiari hobeto aurre egiteko mediku eta baliabideak.

 

Goiz hartutako neurriak eta jasotako elkartasuna izan dira Venezuelan gaixotasuna kontrolatua mantendu izanaren gakoak. Zentzu horretan, herritarrek bere burua nahiko babestua sentitzen dute, baina aste hauetan kanpo erasoak inoiz baino gehiago areagotu dira, besteak beste, petroleo ontzien blokeoa, Maduro bahitzeko saiakera eta oposizioaren kanpo-eraso eskaerak.

 

Bestalde, konfinamenduari luze eustea zaila da, ekonomia informalaren menpekotasuna handia da Venezuelan, eta ekonomia mota horrek kale bizitzaren beharra dauka. Egoera honi eusteko, besteak beste, Gobernuak diruz lagundutako elikagaien banaketa sistema indartu eta oinarrizko zerbitzuak moztea debekatu du.

 

Erronka berri honen aurrean dago gaur Venezuela, azken urteetako irakaspenek benetako indarra herri antolakuntzan dagoela soberan erakutsi dute eta Chavezen oihua “COMUNA O NADA “ inoiz baino ozenago entzuten da aspaldidanik. COVIDa dela edo inperioaren edozein eraso dela, badakigu Venezuelako herriak amorerik emango ez duela eta borrokan tinko eutsiko duela.

 

Horretaz guztiaz aritzeko, Corriente Revolucionaria Bolivar y Zamorako kidea den Zuleima Vergel ekarriko dugu gure hausnarketa internazionalisten ziklora, larunbat honetan. Animatu eta batu solasaldira!


 

Salbuespen egoeren aurrean, herriok tinko!