Valsusako Autoportoaren aurkako mugimenduarekin elkartasuna

90ko hamarkadan abiatu zen Lyon eta Turin lotu nahi dituen Abiadura Handiko Tren makroproiektuaren aurkako NO TAV mugimendua Alpeetako Val di Susa bailaran, Italia ipar-ekialdean. Ordutik erresistentzian darraien mugimendua da, oso anitza, eta euren borroka molde nagusia AHTeko lanak egiteko estrategikoak diren zonaldeak okupatu eta defendatzea izan da, "presidio" izenez ezagunak diren guneak sortuz.

 

Azken urteetako borrokaren apaltze fase baten ondoren orain berriz ere berpizten hasi da San Didero herrian eraiki nahi duten “autoporto” proiektuaren aurka, kilometro gutxitara eraikitzen dabiltzan AHTarekin hertsiki lotutako azpiegitura. “Autoporto” delakoa merkantziak kamioietatik trenetara eta alderantziz kargatzeko poligono erraldoia izango litzateke, egungo ekonomia globalizatuaren oinarrian dagoen logistika sareentzako ezinbestekoak diren nodo edo konexio gune ugarietako bat.

 

2020ko abendutik San Dideroko autoportoaren aurkako erresistentzia gunea antolatu zuten NO TAV mugimenduko kideek obrak egingo diren lurren okupazioaren bidez, eta azken asteetan ekintzaile ugari zementuzko bidoietara kateatu dira –Euskal Herritik ikasi duten teknika, euren hitzetan–. Apirilaren 12an hasi zen presidioaren desalojoa eta dagoeneko 3.500tik gora poliziak parte hartu dute operazioan. Lanen segurtasunerako 5 milioi euro presupuestatu dira, proiektu osoaren %10a baino gehiago. Une honetan polizia inguruko eremu guztia militarizatu, zuhaitzak moztu eta harresiekin ixten dabil.

 

Okupatutako lurretako erresistentziaz gain Susa bailara osoan mobilizazio handiak egin dira, ehundaka pertsonako akanpada bat tartean. Pasa den larunbatean manifestazio nazionala antolatu zen, Italia osotik gerturatuko jendea elkartu zuena. Manifestazioaren ondoren istiluak egon ziren eta manifestariak babesten zebilen bailarako emakume bati CS gas negar-eragilearen bote batekin buruan eman zioten poliziek. Egoera larrian dago ospitalean eta begi bat galtzeko arriskua du. Argitu beharrekoa da CS boteek ke toxikoa jaurtitzen dutela eta Genevako Konbentzioak arma kimiko izendatu eta debekatzen ditula; AEBk Vietnameko inbasioan erabili izanagatik ezagunak dira.

 

Estatuak darabilen bortizkeria guzti honek ez du inor harritu, hala ere. Kapitalak merkantzien etengabeko mugimendu geografikoa behar du, eta errepide, trenbide, itsaso eta airezko garraio-bideen blokeoak suposatu ditzakeen kalteen jakitun da, Suezeko kanalean ontzi bakarrak sortu dituen ondorio eta zalapartak frogatu duen bezala. Valsusako kideak ere ohartu dira logistika sare hauen garrantzia estrategikoaz, eta borroka ekologista eta antikapitalista bereizezinak direla erakusten ari dira.

 

Euskal Herritik gure babes eta elkartasun guztia adierazten diegu gau eta egun erresistentzian dabiltzan NO TAV eta Presidio Ex-Autoporto San Didero mugimenduko kideei.

 

AHTrik ez! Ez hemen ez inon!