"BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA" JARDUNALDIETARAKO IZEN EMATEA ZABALIK!

Gaur, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko egun honetan, Hernanin batu gara ekainean egingo ditugun “Bizi elkartasun internazionalista” lelopean antolatutako jardunaldi internazionalisten edukia aurkezteko.

 

Lehenik eta behin, munduan zehar dauden errepresaliatuen, eta bereziki, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen askatasuna exijitzen dugu, hauen lan militantea aitortzen dugularik.

 

Askapenak, Euskal Herriko erakunde internazionalistak, urte luze dirau Euskal Herri aske eta internazionalista baten alde lanean. Asko izan dira urte hauetan zehar burututako ekimenak,  euskal jendarteari kontzientzia internazionalista sortzera bideratuak egon direnak. Oraingoan ere, lan horrekin jarraitzeko beharra ikusten dugu eta bide luze horren hurrengo mugarria ekainaren 11,12 eta 13an Hernanin egingo ditugun jardunaldiak izango dira.


    
Jardunaldi horiek internazionalismo iraultzailearen oinarriak azaltzeko baliatuko ditugu, edozein herrik bere askatasuna lortzeko bidean ezinbestekoa duen tresna baita. Internazionalismoa norbere herriak beste askapen prozesuekin duen konpromisoa izateaz gain, norbere herria askatzeko behar dituen ikaspenak eta aliantzak lortzeko tresna ere badelako, eta zentzu horretan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Euskal Herri borrokalariak aurrera eramango duen internazionalismoaren oinarriak finkatzea.

 

Internazionalismoaren oinarriak ezartzeaz gain, gurera ekarri eta Euskal Herrian burutu beharreko internazionalismoaz ere jardungo dugu, gure integrazio markotik hasi eta herriz herri, auzoz auzo, herri boterearen bidez, burutu beharreko praktiketara.

 

Horretarako, beharrezkoa dugu argi izatea zer den internazionalismoa, eta noski, zer ez den. Zergatik eta zertarako borrokatu, eta bereziki, nondik abiatu eta nola eraiki. Ekaineko asteburuan ideia hauetan sakondu eta hauek izango dira landuko ditugun gaiak:

 

    • Eraso inperialisten aurka, elkartasun internazionalista:


        ◦ Azterketa historiko batetik, inperialismoaren garapena berrikusi nahi dugu, kapitalismoaren fase goren gisa; herrien eta haien langile-klaseen aurkako eraso- eta menderatze-politika. Era berean, herriek eraso horien aurka egiten duten borrokari balioa eman nahi diogu, eta, horien barruan, elkartasun internazionalistaren funtsezko rola, langile-klasearen kontzientzia argi batetik abiatuta, borrokarako eta herri-erresistentziarako tresna gisa.


          
    • Internazionalistak garelako, lehen urratsa Euskal Herria (Kuba-Askapena):


        ◦ Lema soil bat baino askoz gehiago da historikoki Askapenatik erabili dugun lelo hau. Munduko gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik handiena gure herria bera askatzea dela aintzat hartuta, abiatu gaitezen bada munduko askapen prozesu askorentzako itsasargi izan den herri batetik: Kuba. Emakume eta gizon haiek egindako iraultzari esker Kuba askatu eta horrekin batera elkartasun internazionalistaz zipriztindu ditu hamaika herri eta hamaika borroka, COVID19 izurritearen aurkako kudeaketa izan delarik azken adibidea.


      
    • Nondik gatoz? Euskal internazionalismoa eta Askapenaren bilakaera :


        ◦ Euskal internazionalismoaren historia zein Askapenaren sorrera eta 3 hamarkada luzez izandako ibilbidea aztertuko ditugu. Erakunde honen internazionalismoaren zutabeak deskribatuko ditugu, baita euskal internazionalismoan egon diren eta dauden zenbait erronka ere.


          
    • Internazionalismo iraultzailea vs elkartasun instituzionalizatua:


        ◦ Elkartasun internazionalista ulertzeko dugun moduari buruz hausnartu nahi dugu, nazioarteko beste ekintza mota asistentzialista eta erreformistetatik bereizten den horretan zentratuz; adibidez, "garapenerako laguntza", "garapenerako lankidetza" edo "elkartasun politikoa", askotan internazionalismoarekin nahasten direnak.

 

Nazioarteko hainbat borrokatan parte hartzen dutenak gonbidatu nahi ditugu, internazionalismoari buruz hausnartzeko eta lankidetzaren dinamikek eta bestelako elkartasun-modu asistentzialista eta erreformistek beren borroketan duten eraginari buruz hausnartzeko, instituzionaltasun liberal kapitalistaren bideen barruan.


          
    • Integrazio ereduak: Panafrikanismoa Europar Batasunaren alternatiba gisa:


        ◦ Nazioarteko harremanen ikuspegi herrikoi batetik, integrazioko bi esperientzia zehatzetan sakondu nahi dugu: alde batetik, Pan-Africanism Today-ren proposamenean artikulatutako herri mugimendu, sindikatu eta alderdi iraultzaile eta dekoloniaren integrazio panafrikarra, beste aldetik, integrazio neoliberalaren proposamenaren aurkakoa, bankuen eta multinazionalen interesetan oinarritua eta Europar Batasunean gorpuztua.


          
    • Herri boterea:


        ◦ Internazionalismoak eskaintzen digun aukera aberatsenetako dugu borroka esperientzien konpartitzea. Nagusitasun-hegemonia integral berri bat sortzeko asmoarekin (hegemonia kultural, sozial, ekonomikoa, politikoa, etikoa eta abar) hamaika Herri Botere esperientzia aurki ditzakegu. Herri bakoitzak dituen baldintzak zein ezaugarriak kontuan edukita, esperientzia hauetako batzuk ezagutuko ditugu eta irakaspen batzuk modu kolektiboan ateratzen saiatuko, gerora gure eguneroko praktikan kokatu ahal izateko.


    
Gai mamitsu hauek lantzeko saio teorikoez gain, internazionalismoa modu praktikoan bizitzeko jardunaldiak izango dira hauek, ulertzen baitugu kontzientzia internazionalista modu kolektiboan sortzen den zerbait dela, norbanakotik herri mugimendu antolatura.

 

Gai hauek jasoko dituen programa lantzen jarraizten dugu oraindik. Ostiral arratsaldean hasi eta igande arratsaldera arte luzatuko dira jardunaldiak eta Hernanin espazio ezberdin zein forma ezberdinak barnebildu nahi ditugu.

 

Gaurtik aurrera izena emateko epea martxan jartzen dugu, maiatzaren 30era arte izango duzue jardunaldietan izena emateko aukera. Horretarako jardunaldiak@askapena.eus email helbidea jarri dugu martxan.

 

Hurrengo asteetan informazio gehiago aurkezten jarraituko dugu.

 

Euskal Herriaren askapenaren alde, gora borroka internazionalista!

Hernanin, 2021eko apirilak 17an