Herri palestinarraren borrokarekiko elkartasuna!

 

Urriaren 22an, autoritate sionistak beste behin saiatu dira erakunde palestinarren jarduera eteten eta borroka isilarazten, kriminalizazioaren bitartez. Egun horretan bertan, “terrorista” izendatu zituzten hainbat sektoretan herri palestinarraren eskubideen alde borrokan dabiltzan sei erakunde: Al-Haq, Addameer, Defence for Children International Palestine, Bisan Center for Research and Development, The Union of Palestinian Women’s Committees eta Union of Agricultural Work Committees, hain zuzen ere.

 

Zalantzarik gabe, beste errepresio eta kriminalizazio urrats bat gehiago da, Palestinaren askapenerako borrokan ari den erakunde eta mugimendu ororen aurka. Izendapen horren asmoa, zehazki, erakunde palestinarrak isilaraztea eta kolpatzea da, baita elkartasun internazionalista moztea ere. Oraingo honetan, emakumeen eskubideen eta gazteen nahiz presoen eskubideen alde lanean ari direnei zuzendu diete, bereziki, erasoa.

 

Estatu kolonial honetako autoritateen erasoek ez dute etenik. Herri palestinarraren autoantolatze eta erresistentzia adierazpen ororen aurka errepresioa darabilte eta, aldi berean, abiadura handian garatzen jarraitzen dute kolonizazioan, okupazioan, apartheidean, herria kanporatzean eta garbiketa etnikoan oinarritzen den proiektua. Hori guztia, nola ez, proiektu kolonial israeldarra sustatzen duten potentzia inperialisten babesaz eta inpunitate lotsagarri osoz.

 

Azken eraso honen aurrean, Askapena erakunde internazionalistak gure babesa adierazi nahi dio erasoa jasan duten erakundeei eta, bide beretik, gure elkartasun osoa helarazi herri palestinarrari, askapenerako borrokan. Konpromiso osoa hartzen dugu kolonizazio sionistaren krimenekiko konplize den oro salatzeko Euskal Herritik.

 

Sarritan esaten da inperialismoaren eta kapitalismoaren aurka borroka egiten dugun guztion auzia dela auzi palestinarra. Bide horretan, beraz, ondoan gaude.

 

Hamaika herri, borroka bakarra!
Gora Palestina askatuta!