Gora munduko langileriaren borroka!

II. Internazionalak ezarri zuen maiatzaren 1a aldarrikapen eguntzat, 1889an. Munduko langileriaren eguna izateaz harago, langileon borrokarako eguna zela nabarmendu zen. Garaian, ugariak ziren, tokian toki, langileriaren alde lan egiten zuten antolakunde eta mugimenduak, baina, argi zegoen, munduko herri langile guztiok etsai bera izanik, internazionalismoa oinarritzat hartu beharra zegoela; alegia, ezinbestekoa zela nazioarteko aliantzak egitea. Halaxe sortu zituzten internazionalak. Maiatzaren lehena munduko langile guztion batasunerako eta borrokarako eguna da.

 

Dena den, Europako errealitatean, oro har, erreformismoak eta sozialdemokraziak bereganatu duten eguna bilakatu da. Egungo egoeran, ez du proletargoa buru duen mugimenduak aldarrikatzen maiatzaren lehenean kapitalismoa suntsitzeko beharra; aurkara, burokraziak eta estatuek irentsitako sindikatu eta alderdi instituzionalek biltzen dituzte maiatzaren lehen honetan manifestazio jendetsuenak. Aurten, hauteskundeak ate joka dauden honetan, langileriaren beharrak bere hartu eta instituzioetan borrokatu beharrean, alderdien interes elektoralistak izango dira manifestazio eta analisi ugaritan irakurriko ditugunak.

 

Azken urte eta hilabeteotan, zorroztu egin du burgesiak langileriaren aurkako erasoaldia; poliziaren autoritarismoa aipatzekoa da, baina baita langileriaren bizi baldintzen okertzea ere. Europar Batasuneko oligarkiak ofentsiba zuzena abiatu du munduko langileriaren aurka, eta mendeetan zehar Europako langileriak borrokaren bidez irabazitako eskubide eta baldintza materialak kentzen ari dira. Europar Batasuna Estatu Batuen beharretara erabat makurtuta dago, eta, gerrarekin azaldu bezala, Europako langileriaren bizi baldintzak defendatu beharrean, oinarrian duen oligarkiaren interesak defendatzeko sortu zela argi erakusten jarraitzen du. Datozen urteak ere gogorrak izango dira; aurrerapen teknologikoaren eta naturaren zaintzaren aitzakiapean hartutako neurriek langileriaren bizi baldintzak suntsituko dituzte.

 

Alderdi instituzionalak Europar Batasunaren demokrazia eta justizia defendatzen ari dira, eta langileok ez daukagu inolaz ere etorkizunik halako aldarriei jarraituz gero. Beraz, sozialdemokraziak erakutsitako mugen gainetik pasa, eta Euskal Herritik, Europako gainontzeko herri langileekin batera, kapitalaren Europa apurtzeko norabidean lan egiteko premia daukagu. Internazionaliston betebeharra da munduko langileria osoa batzen gaituen egun honen izaera iraultzailea berreskuratzea, eta langileriaren askapena buru izango duen prozesu iraultzailea martxan jartzea, gure kasuan, Euskal Herrian.

 

Internazionalismotik ere berreskura dezagun maiatzaren lehenaren izaera: hamaika herri, borroka bakarra!

 


Gora munduko langileria!
Gora Euskal Herria sozialista!

 

 

2023ko maiatzaren 1ean
Askapena, Euskal Herriko Erakunde Internazionalista