2016ko brigadak

  • Bolibiako brigadaren lehen kronika

    Bidai luzearen ondoren, astearte arratsaldean, abuztuaren 2an, iritsi ginen Santa Cruzera. Lo egiteko lekua bilatu eta segituan deskantsatzera joan ginen, hurrengo egunean egun luzea baikenuen aurretik.


    Goizean goiz elkartu ginen ONG Desafioko Alejandro Dausárekin. Bera izatez argentinarra da, baina urte ugari daramatza Bolibian eta goitik behera ezagutzen du bertako errealitatea.  Bolibiaren sorreratik gaur egunerarteko ibilbidea egin zigun; zergatik eta nola sortu zen herrialdea, azken urteetan ematen ari den aldaketa politikoa, honen indargune eta kontraesanak…



    Santa Cruzeko egoera ere azaldu zigun. Eliteak bizi diren gunea da eta eskuina dago indarrean. 2008 urte inguruan tentsio une handiak bizi izan ziren, bertako autonomistek aldaketaren aurkako jarrera oso gogorra hartu baizuten, eta kalean indigenekiko arrazismoa eta bazterkeria oso handia zen. Egun ere,  Dausáren hitzetan, egoera asko lasaitu den arren klase zapalkuntza eta indigenekiko ezin ikusia oraindik ez da desagertu.


    Dausárekin ONG Desafioren eginkizunetaz ere aritu ginen. Gazteen ahalduntzean aritzen dira lanean, hauek gero euren talde eta mugimenduetara eraman dezaten. Giza eskubide eta ongi bizitzearen alde egiten dute, formakuntza eta dinamiken bidez.


    Arratsaldean IPELCko  (Instituto Plurinacional de Estudio de Lenguas y Culturas) zuzendaritzarekin bildu ginen. Kontu motza izango zen beraiek datorren urteko plangintza osatzeko bilera baitzuten, baina modu naturalean hizkuntzen normalizazioaren inguruko solasaldian hasi ginen. Beraien eginkizuna zein den azaldu  eta euren erronken berri eman ziguten. Guk euskararen errealitatea azaldu genien eta ikastolek, euskaltegiek… duten paperaren inguruan aritu ginen. Erreferentetzat zeukaten euskararekin egindako lana eta interes handia azaldu zuten bereziki trasmisioaren eta helduen alfabetizatzearen kontuarekin.


    Ostegunean Radio Santa Cruzekoek elkarrizketa egin ziguten. Nahiz eta Santa Cruzeko irratia izan, ia Bolibia guztira iristen da.  Bertan nondik gatozen, brigadaren egikinzuna, Euskal Herriko borroka… izan genituen mintzagai.



    Informazio gehiagorako:
    -ONG Desafio: desafio.org.bo
    -IPELC: ipelc.gob.bo

  • Bolibiako brigada Columna Sur-eko kideekin Cheren sua bizirik mantentzen

     

    Astea badoa aurrera eta hobeto ezagutzen ari gara Santa Cruzeko errealitatea. Azken egun hauetan Columna Sur gazte antolakundearekin elkartu gara. Columna Sur 2008an sortu zen Santa Cruzen. Aurreko kronikan aipatu genuen moduan, Santa Cruzen eskuina da nagusi, eta 2008an tentsio momentuak bizi ziren indigenen eta prozesuaren aldekoen kontra. Eliteak hauen kontra gogor oldartzen ari ziren eta honi erantzuna eman nahian sortu zuten gazte talde hau. Marxista-Leninista bezala definitzen dute euren taldea eta Santa Cruzen sortu zen arren gaur egun ia Bolibia osora hedatuta dago. Abuztuan euren taldearen inguruko hausnarketa nazionala egingo dute aurrera begira jartzeko.

    Abuztuaren 6a Bolibiako independentzia eguna da eta Santa Cruzen egingo den desfilerako prestakuntza lanetan harrapatu ditugu. Ostegunean, abuztuak 4,  beraien egoitzan bildu eta Euskal Herriaren errepasoa egin genien.  Beraiek ere euren borrokarako arrazoiak aipatu zizkiguten eta gero gure sentsazioak elkarturkatzen aritu ginen. Errealitate ezberdinetan borrokatzen dugun arren ikusi genuen baditugula batzen gaituzten gauzak eta kalean borrokatzearen garrantzia azpimarratu genuen, baita gazteok borrokako subjektu aktibo izatearen beharra.


    Abuztuaren 7an autobusa hartu eta ordu luzeko bidaiari ekin genion. Vallegrande eta La Higuera bisitatzera eraman gintuen Columna Sur-eko lagun batek. Bertan Che Guevarak  eta bere gerrillak Bolibian egindako borrokaren berri eman ziguten. Che-k Bolibia aukeratu zuen iraultza egiteko, izan ere, Bolibia Hego Amerikaren erdigunean dago eta toki estrategikoa iruditzen zitzaion gerora iraultza Hego Amerika osora zabaltzeko. Zoritxarrez, gauzak ez ziren berak nahi bezala atera eta 1967an La Higuera inguruan preso hartu eta bertako eskolan tiroz hil zuten.

    Gaur egun bere omenezko toki bihurtu da eta eskolan bere historia eta omenezko mezuak azaltzen dira. Hau bisitatzeaz gain bertako emakume batekin hitz egiteko aukera izan genuen. Berak Che pertsonalki ezagutu zuen eta garai haiek nola gogoratzen dituen kontatu zigun. Garai gogorrak izan ziren; Che preso zuten bitartean ezin ziren etxetik atera bestela beraiek ere hiltzeko arriskuan egongo baitziren, eta beraz janaririk eta argindarrik gabe egon ziren denbora luzez. Hunkituta kontatu zizkigun oroitzapen haiek. Bera da ordutik La Higueran geratzen den biztanle bakarra, besteak hilda edo hirian bizitzen ari dira, baina berak ez du bertatik alde egin bere sustraiak bertan baitaude.


    49 urte eta gero Che eta ondoan izan zituen gerrillarien borroka gure eredu.
    Hasta la victoria siempre!

     

  • Bolibiako brigadaren argazkiak Che hil zuten lekutik

  • Bolibiako brigadaren kronika: Ramon Rocha idazlea eta Cochabambako ikasle mugimendua

    Abuztuaren 7an Santa Cruzen ospatu zen parada militarrean parte hartu genuen Columna Surreko gazteekin. 2007tik aurrera martxa honetan indar militarrez gain, jatorrizko herriek zein mugimendu sozialek hartzen dute parte, martxa koloretsu eta ikusgarria osatuz.

     


    “No queremos y no nos da la gana ser una colonia norteamericana. Y sí queremos y sí nos da la gana America Latina socialista y soberana”  moduko leloak errepikatuz agurtu genituen Columna Surreko kideak eta Cochabambarako bidea hartu genuen. Irakurri osorik

  • Bolibiako brigadaren 4. kronika eta argazki galeria: mARTadero

    Bilerak alde batera utzi eta Villa Coronilla auzoan dagoen mARTadero gune sozial autogestionatua bisitatzera joan gara. Auzoaren izenaren atzean emakume borrokalari batzuen istorioa ezkutatzen da.


    1812an, Bolibia independentziaren alde borrokatzen ari zenean, Cochabambako erasoetan batez ere emakumeak izan ziren La Coronilla izeneko mendixkan lubakietan egon zirenak. Soldaduek garaitu zituzten arren, Cochabambako historian garrantzi handiko gertaera izan zen eta geroztik modu batean edo bestean hiriko leku ezberdinetan omenduak izan dira. Irakurri osorik


  • Bolibiako brigada KUSKA emakume artisauen elkarteko Maria René Camachorekin

  • Bolibiako brigadaren 5. kornika: RAFA PUENTE eta JUANITA ANCIETA

    Cochabambako azken egunei zukua atera nahian Rafa Puente eta Juanita Ancietarekin bildu gara. Rafa Puente aldaketaren aldeko militantea da eta ibilbide luzea izan du Bolibiako aldaketa prozesuan eta baita gobernuan ere, nahiz eta azken urteetan gobernuarekiko ikuspuntu kritikoa azaldu duen. Bere etxean hartu gintuen eta ordu luzez aritu ginen azken hamar urteez berriketan. Puenteren iritziz Evoren lehenengo agintaldia Bolibiak izan duen onena da, baina uste du ordutik egin diren politikek hainbat hutsune dituztela. Onartzen du Evoren gobernuak indigenen errekonozimendua ekarri duela eta honek ez duela atzera bueltarik. Honetaz gain, ekonomian izan den gorakada eta pobreziaren jaitsiera nabarmena azpimarratu zituen. Irakurri osorik

  • Bolibiatik 6. kronika: Gobernua barrutik ezagutzen

    Iritsi gara La Pazera eta sartu gara brigadaren azken txanpan. La Pazen daude gobernuko instituzio gehienak eta ministerioak ezagutzen egon gara. Jarraian azalduko dizuegu ikasitakoa.


    Ekonomia ministerioa
    Maria Nela Prada ekonomia ministesterioko gabinete buruak egin zigun harrera aurrekoan. Berarekin bi ordu luzez aritu ginen solasean. Ekonomian gobernuak dauzkan erronkak azaldu zizkigun ikuspuntu zintzo batetik. Aldaketa nagusiak aipatze aldera, oraingo ekonomia ereduko subjektuak bolibiarrak direla azpimarratu digu.


    Eredu ekonomikoa hiru ardatzetan definitu dute; soziala, komunitarioa eta produktiboa. Soziala dela dio, Evo gobernura iritsi arte irabaziak eta baliabideak kanpora joaten zirelako eta orain Bolibian geratzen dira, bono sozialetan, pentsioetan… Onartu zuen ekonomia komunitario batera iristeko oraindik asko falta dela, baina azpimarratu zuen dagoeneko eredu horren balore batzuk bere egin dituztela, elkartasuna esaterako. Ekonomia produktiboari dagokionez, Bolibia betidanik lehengaien esportatzailea izan da, balio erantsirik gabe. Orain ordea, horrekin hautsi eta matrize produktiboa dibertsifikatu nahi dute.
     

    Osasun ministerioa

    Ariana Campero ministroa bera izan zen osasun arloan gobernu honek aurrera eramaten dituen politikak azaldu zizkiguna. Camperok aitortu zuen oraindik ere lan handia dagoela egiteko osasungintzan, baina orain arte martxan jarritako zenbait programa arrakastatsu kontatu zizkigun. “Mi salud” programa da horietariko bat. Herritar guztiek lehen mailako atentzioa izateko lanean ari dira, eta bereziki etxez etxeko atentzioa ematen da programa honen bidez.


    Juana Azurduy bonoaz ere aritu ginen. Bono hau haurdun dauden emakumeek jasotzen dute haurdinaldian zehar egiten dituzten kontroletan, haurrak 2 urte betetzen dituen arte. 7 urte dira dagoeneko programa martxan jarri zela eta emaitza oso onak eman ditu. Besteak beste, jaioberrien heriotza tasa gutxitzea lortu dute.


    Mediku kubatarren elkartasun zerbitzuak Bolivian duen garrantzia azpimarratu zuen Camperok. Zerbitzu honek hamar urte bete ditu aurten eta besteak beste, honi esker 172.000 bolibiarrek ikusmena berreskuratu dute


    Herritarren ahalduntzea (fortalecimiento ciudadano)


    Presidenteordetzaren barruan dagoen sekzio bat da herritarren ahaduntzearena eta bertako zuzendari Juan Carlos Pintorekin egoteko aukera izan genuen. Luze aritu ginen aldaketa prozesuaz, biltzar konstituziogileaz… baina zenbat elementu azpimarratzen saiatu zen. Batetik, lidergotza berriak sortzearen garrantzia aipatu zuen. Bide beretik, oinarri sozialean formakuntza politikoa bultzatzearen beharra nabarmendu zuen. Pintoren ustez, herritarrek kontzientzia politikoa izan behar dute, aldaketa prozesuaren oinarri baitira azken finean. Eta zentzu honetan, mugimendu sozialak onuradunak izatetik protagonista izatera pasa behar dira.


    Autonomia ministerioa

    Rafael Arancibia, Javier Rocha eta Yuri Horacio Pazek hartu gintuzten ministerio honetan. Lau autonomia mota daudela esan ziguten; udal autonomia, eskualdekoa, departamendukoa eta indigena. Indigenek betidanik aldarrikatu dute autonomia, baina azaldu ziguten gerora Bolibiako eskuinak eta oligarkiak aldarrikapena “lapurtu” eta bere egin zutela, Evo Morales gobernura iristean, hain justu.


    Mugimendu sozialekin koordinazioa

    Evo gobernura iritsi zenean sortu zen lehen ministeriordetza izan zen. Mugimendu sozialen artikulatzea eta gobernuarekin harreman zuzena izatea bilatzen du. Marcelo Oliva zuzendariarekin izan ginen eta horrelak ministeriordetza bat egotearen garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere, Olivaren iritziz mugimendu sozialak dira benetan aldaketa prozesu honen protagonista. Hauek gobernuak aurrera eramaten dituen politiketan inziditzeko tresnak behar dituzte eta ministeriordetza horietako bat da.

  • 7. kronika Bolibiatik: mugimendu sozialak ezagutzen


    Gobernua eta ministerioak barrutik ezagutzeaz gain, mugimendu sozialen lana ere ezagutzeko aukera izaten ari gara La Pazen. Mugimenduak dira prozesu honen sustengu eta ezinbestekoa zen hauek ere ezagutzea.


    Jorge Barronekin bildu gara lehenengo. Bera Videoteca Barbarrojako zuzendaria da eta zine latinoamerikarra zabaltzea dute helburu, betiere ikuspuntu sozial batetik. Jorgek erreferendumean artisten manifestua kudeatu zuen. Egun hauetan Fidel Castroren 90. urtebetetzea ospatzeko egiten ari diren ekintzak antolatzen egon da: zine emanaldiak, kontzertuak, erakusketa… eta bertan izan gara dokumental baten proiekzioan.


    Bestetik, hezkuntzaren garrantziaz aritu gara Benecio Quisperekin, bera unibertsitate indigenen bultzatzaileetako bat izan da. Hezkuntzan oraindik konkistak utzitako arrastoak sumatzen dira eta hezkuntzaren deskolonizaziorako beharra azpimarratu digu Quispek. Hezkuntzak deskolonizatzailea, produktiboa eta komunitarioa izan behar du. Momentu honetan hiru unibertsitate indigena daude helburu honekin, baina Quisperen hitzetan oraindik lan handia dago egiteko.



    Confederación Sindical Única de Trabajadores Campesinos de Bolivia (CSUTCB) batasun paktuan parte hartu zuten 5 mugimenduetako bat da. Sindikatu honetako Rodolfo Machakak momentu honetan dituzten erronkak adierazi dizkigu. Eredu ekonomiko komunitario baten alde dabiltza lanean, lurrak kudeatzearen subirautza izan nahi dute, beraiek izan daitezen herrialde honetako ekonomiaren oinarrietako bat. Bestalde, jende asko landatik hirira joaten ari dela aipatu digu, eta horri buelta emateko ere lan egin behar dutela azpimarratu du.


    Emakumeak ere sektore garrantzitsua izan dira aldaketa prozesu honetan eta horrela adierazi digu Julieta Paredes feminista komunitarioak. Urte luzez ibili da bera borroka feministan, baina 2000. urtean hausnarketa prozesu batean sartu ziren. Konziente ziren Bolibia mailan ezagunak zirela, baina ez zutela  herriarengan inzidentziarik. Horregatik kontzeptuak berdefinitzeko beharra ikusi zuten eta feminismo komunitario kontzeptua sortu zuten. Beraientzako feminismoa edozein emakumek bere eskubideen alde egiten duen borroka da. Komunitatean egin behar da borroka eta denon erantzukizuna da patriarkatuarekin amaitzea.


    Santa Cruzen eta Cochabamban bezala, Columna Sur gazte antolakundearekin biltzeko aukera izan dugu oraingo honetan ere. Beraien bileran izan gara eta aurrekoan aipatu genuen bezala egingo duten kongresua  antolatzen dabiltza burubelarri. Azkenean urrira arte atzeratu dute kongresua eta bertan erakundearen barne antolakuntza eta talde motorra aukeratuko dituzte. Oraingo honetan ere Euskal Herriaz hitz egiteko aukera izan dugu. Torturaz, estatu espainiarren errepresio mekanismoez… ere aritu gara solasean.

    Gure lana komunikabideetan azaltzeko tarte ere izan dugu. Abya Yala telebistan eta Bartolina Sisa irratian aritu gara Euskal Herriaren egoeraz, internazionalismoaz, aldaketa prozesuaz… hitz egiten.


    Gelditu gabe pasa dugu astea, baina prozesua ulertzen jarraitzeko oso baliagarria izan zaigu.

     

  • Azken kronika Bolibiatik: JALLALLA BOLIBIA!

    Hiru aste eta gero Bolibiako brigada iritsi da amaierara. Aldaketa prozesuan sakontzeko eta herri indigenen borroka ezagutzeko asmoz iritsi ginen abuztu hasieran Santa Cruzera eta aste hauetan zehar errealitatea ahalik eta ikuspuntu zabalenetik ikusten saiatu gara. Irakurri osorik