Kanpainak

                          

"BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA" JARDUNALDIETARAKO IZEN EMATEA ZABALIK!

 

Gaur, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko egun honetan, Hernanin batu gara ekainean egingo ditugun “Bizi elkartasun internazionalista” lelopean antolatutako jardunaldi internazionalisten edukia aurkezteko.

 

Lehenik eta behin, munduan zehar dauden errepresaliatuen, eta bereziki, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen askatasuna exijitzen dugu, hauen lan militantea aitortzen dugularik.

 

Askapenak, Euskal Herriko erakunde internazionalistak, urte luze dirau Euskal Herri aske eta internazionalista baten alde lanean. Asko izan dira urte hauetan zehar burututako ekimenak,  euskal jendarteari kontzientzia internazionalista sortzera bideratuak egon direnak. Oraingoan ere, lan horrekin jarraitzeko beharra ikusten dugu eta bide luze horren hurrengo mugarria ekainaren 11,12 eta 13an Hernanin egingo ditugun jardunaldiak izango dira.


    
Jardunaldi horiek internazionalismo iraultzailearen oinarriak azaltzeko baliatuko ditugu, edozein herrik bere askatasuna lortzeko bidean ezinbestekoa duen tresna baita. Internazionalismoa norbere herriak beste askapen prozesuekin duen konpromisoa izateaz gain, norbere herria askatzeko behar dituen ikaspenak eta aliantzak lortzeko tresna ere badelako, eta zentzu horretan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Euskal Herri borrokalariak aurrera eramango duen internazionalismoaren oinarriak finkatzea.

"BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA" JARDUNALDIAK HERNANIN

Beti hala izan bada ere, garai bereziki zailak bizi ditugu zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat eraiki nahi dugunok. Garai zailak, jendearen arteko harremanak gidatuko dituen oinarrizko printzipio etikoa elkartasuna izango den mundua nahi dugunontzat. Horretaz guztiaz hausnartzeko, Askapenatik “Bizi elkartasun internazionalista” izeneko jardunaldiak antolatu ditugu ekainaren 11, 12 eta 13an, Hernanin.


Covid19ari (edo koronabirusari) aurre egiteko aplikatutako politikek kapitalismo heteropatriarkalari lotutako sintoma guztiak biderkatzea eta bizkortzea ekarri dute. Beldurra giza-harremanen zirrikitu guztietan zabaltzen da; “ahal duenak bere burua salba dezala” lelo famatuari segika, lehia biziak edozein kolektibitate-zantzu mehatxatzen du. Osasun-arazo orokor bati irtenbidea aurkitzea bezain oinarrizkoa den zerbait, merkatuko lege basatienek gidatu dute, kolpe, mehatxu eta pelotazoen laguntzaz. Mundua gelditu dela sinestarazi nahi digute, eta harekin batera guk ere gelditu behar dugula, langile-klasearen aurkako mundu mailako erasorik handiena burutzen ari den bitartean, eta esku-hartze inperialistek eta euren askapenaren alde borrokan diren herrien aurkako errepresioak jarraitzen duten bitartean.


Zalantzarik gabe, ezkortasunean eta atsekabean itotzeko elementu guztiak mahai gainean ditugu, baina, Askapenatik, jakin badakigu ezin dugula amore eman, pentsamendu horiek desesperatzera bakarrik eraman gaitzaketelako: ekintza eta erantzukizun guztiak gobernatzen gaituztenen esku utzi behar ditugula pentsatzera, alegia. Era berean, jakin badakigu Euskal Herriak eta munduko gainontzeko herriek kapitalismoaren erasoaldi berri horri aurre egiten jakin dutela, bai eta antolatzen ere.

Iaz, apirila eta maiatza artean egindako formakuntza-zikloan, hainbat esperientzia nola garatzen diren ikusi ahal izan genuen, Boliviatik Siziliara, edota Herrialde Katalanetan; besteak beste, zaintza-sareak, ehun militantea biderkatzea, kontzientzia kolektiboa hartzea eta herri boterea artikulatzea mehatxu faxistaren aurrean. Berehalako laguntza migratzen dutenei, kaleak borroka eta lan politikorako espazio natural gisa aldarrikatzea... Elementu horiek ezarri genituen oinarri gisa askapenaren bidean aurrera egiten jarraitzeko.


Horregatik guztiagatik, aurrera egiteko determinazio osoa dugu eta atzera egiterik ez dagoela uste dugu irmoki. Askapenatik argi daukagu internazionalismotik gure herria eta munduko gainerako herriak askatzeko borrokatzen jarraitu behar dugula. Gaur inoiz baino gehiago, eta egungo erasoari aurre egiteko. internazionalismoa borrokarako ezinbesteko tresna dela uste dugu. Izan ere, orain, ofentsiba kapitalista betean, inoiz baino beharrezkoagoa da ezarritako botereari hainbeste min ematen dioten harreman horiek elikatzen jarraitzea.

Azaroak 15 eta 16an nazioarteko jardunaldiak Iruñeako Katakraken!

Herrietatik Europa berria eraikitzen - JARDUNALDIAK

HERRIETATIK EUROPA BERRIA ERAIKITZEN
Azaroak 15 eta 16 Katakrak (Iruñea)


Europa geure guda zelaia zela esan genuen duela 2 urte, Askapenaren 30. urteurren ekitaldian, eta  Europar Batasunaren (EB) aurkako borroka ildo berri bat abiarazi genuen orduan. Herri langileon aurkako egitura politiko, militar eta ekonomikoa da EB eta egitura honen jatorrizko izaera agerian utzi asmoz kaleratu genuen EBren inguruko txostena, eta ondoren, nazioarteko borroka kideekin antolatu genuen hitzaldi bira bat Euskal Herri luze zabalean.

 

Oraingoan beste urrats bat eman nahi dugu aurrera, jardunaldi berri batzuekin: “Herrietatik Europa berria eraikitzen” izenburupean, Iruñeko Katakraken antolatuko ditugunak, azaroaren 15 eta 16an.

 

Jardunaldi hauetan eztabaida-mahai ezberdinak izango dira, teori(et)atik praktika eraginkorrera salto egin, ezkerretik iparra aurkitu eta bidea egiten hasi behar dugula uste baitugu. Horregatik, eztabaidari ekin eta hainbat galderei erantzuna topatzeko espazio bat eskeini nahi dugu: nola egin aurre Europar Batasunaren eta Troikaren ofentsiba neoliberalari? Eskuin muturraren gorakadaren aurrean, nola eraiki langile klasearen kontzientzia kolektiboa? Zeintzuk izan behar dira, gaurdanik Europako herri eta langileon artean aktibatzen ditugun borroka frenteak? EBko barne eta kanpo migrazioek zein arrazoi edota ondorio dituzte? Nazio zapalduok badugu aukerarik geure burujabetza eskuratzeko egitura honen baitan?

 

Honi guztiari buruz hitz egin eta hausnartzeko luxuzko gonbidatuak izango ditugu, alderdi politikoetatik hasi eta herri mugimenduko eragile ezberdinetaraino, Europa, Latinoamerika, Afrika edota Kurdistango kideak ere etorriko direlarik, ikuspegi ezberdinak uztartu eta EBri alternatiba erreal eta integral bat planteatzean hasteko bideorria marrazten hastera.

 

Ondorengo asteetan zehazten eta argitaratzen joango gara egitarauren xehetasunak. Bertan, eztabaida mahai ezberdinen, parte hartuko duten hizlari eta edukien informazioaz gain, Katakraken aforoa mugatua denez, izen emanteko aukera ere izango da.

 

Besterik gabe, Euskal Herriko norbanako eta eragileei deia luzatzen diegu jardunaldi hauten parte hartzera. Kapitalismoaren fase goren honetan, langile klasearen aurkako inperialismoaren oldarraldi etengabe honi aurre egin behar diogu Euskal Herritik, bestelako Europa bat eraikitzen hasteko.

 

Euskal Herritik Venezuelarekin elkartasuna! 10 urte bide komunalean!

(abajo en castellano y francés)

Euskal Herritik Venezuelarekin elkartasuna! 10 urte bide komunalean!

Lerro hauen bidez hurrengo hilabeteetan (2019ko ekainetik 2020ko martxora) abian jarri dugun elkartasun-kanpaina azaldu nahi dugu.

EL MAIZAL Venezuelan dagoen nekazal eremuko komuna bat da. Lara eta Portuguesa estatuen artean kokatua dago eta 22 kontseilu komunal batzen ditu. 2009Ko martxoak 5ean sortu izen zen eta azken urteetan Venezuelako komuna erreferentzialen artean kokatuta da. Bere hastapenetik Komuna oso aktiboa izan da, bai auto-antolakuntzan, autogobernuan zein eremu produktiboan. Komuna oso aktiboa, kritikoa eta dinamizatzailea da. Bere inguruko zonaldeetan beste komuna batzuen sorkuntza bultzatu izan du eta lurren okupazioa eta aktibazioa bultzatu ditu. Azken urteetako krisi ekonomikoarekin eta batez ere, gaur egun, Venezuelan bizi den egoera larriaren testuinguruan (gerra ekonomikoa, kanpo esku-hartzea, eraso inperialista desberdinak…), proiektu komunalek oztopo gehiago dituzte haien alternatibak garatzeko. El Maizalen, bereziki, azken hilabeteetan haziak lortzeko arazoak dituzte.

>>> ELKARTASUN KANPAINA: LAGUNTZA BEHAR MATERIALETAN ETA PROIEKTU EMANTZIPATZAILEAREN BABESA

El Maizal Komunaren proiektuak EHko pertsona desberdinekin harreman eta lotura izan ditu, bai brigadista internazionalistekin zein ikertzaile-aktibistekin. Eta gaurko egoera aintzat hartuz, Venezuelarekin elkartasuna garatzeko ikuspegi erreal eta materialean garatzeko proposamen bat pentsatu dugu: proiektu zehatz bat laguntzea, bere behar zehatzetan laguntzea eta bere proiektuaren ezaugarriak zabaltzea. Horrekin eta hortik abiatuta, gaur egun Venezuela jasaten ari den eraso inperialista ere denuntziatu nahi dugu, baina esan bezala, elkartasun erreal eta material batetik abiatuta. Venezuelaz hitz egin behar da, baina batez ere, Venezuelan garatzen ari diren proiektu eraldatzaile desberdinen inguruan, izan ere, hori da hain zuzen ere, erasoekin kolpatu eta deuseztatu nahi duten proiektu emantzipatzailea.

Elkartasun kanpaina hau El Maizal Komunaren 10. urteurrenaren testuinguruan kokatu nahi dugu. Ospakizun horrekin EHtik bat eginez, haien proiektua ezagutzera emateko. Horrela, lelo nagusia “Euskal Herritik Venezuelarekin elkartasuna! Comuna El Maizal: 10 años de camino comunero” litzateke. Kanpaina 2019ko Ekainetik 2020ko martxora luzatuko lirateke (10. urteurreneko data-epeak errespetatuz). Eta printzipioz, bi ildo-jarduera nagusiekin kanpaina abiatzea pentsatu da (nahiz eta gerora beste gauza batzuk ere integratu ahal izango diren, ala ez):

  • HAZIEN BILKETARAKO KANPAINA: 80. hamarkadan Nikaraguarekin abian jarritako “Balas para Nicaragua” kanpainaren leloaren ideia jarraituz, gaurko egoera honetan “Semillas para Venezuela, Semillas para El Maizal” leloa bururatu egin zaigu. Ideia nagusia, El Maizalek haziak lortzeko dituen zailtasunak zabaltzeaz gain, haziak lortu ahal izateko diru bilketa bat zabaltzea litzateke. Horretarako, kontu korronte bat martxan jarriko litzateke eta kanpainarekin batera zabalduko litzateke. Ekimen honekin, haziak lortzeko elkartasun materiala eta zehatza bultzatu nahiko genuke, erreala eta kualitatiboa, baina era berean kuantifikatu ahal izango duguna eta ekoizpenaren arloan hurrengo urteko uztan emaitza argiak emango dituena. Kanpaina honen ildo edo ekimen hau Ekainetik martxora zabalduko litzateke. Ekarpena, hazien bidez, edo haziak erosteko diruaren bidez ahal izango da.

Kontu korrontea: El Maizal_Kanpaina ES40 3035 0028 16 0280101602 (Laboral kutxa)

  • EL MAIZAL KOMUNAren PROIEKTUA (ETA, OROKORREAN, IRAULTZA BOLIBARTARRAREN PROIEKTU KOMUNALA) ZABALTZEA: Elkartasun materialarekin batera, Venezuelan Iraultza Bolibartarraren eskutik zabaltzen eta garatzen ari den proiektu komunala ezagutzera ematea eta zabaltzea bilatzen da. Bereziki, herri auto-antolakuntza, herri boterea, alternatiba ekonomiko herritarrak eta autogobernuaren ideietan sakonduz. Hori, El Maizal Komunaren esperientziatik abiatuta egingo genuke hitzaldi desberdinen bidez. Irailetik Martxora bitarte garatuko genuke hitzaldi zikloan, hitzaldiak antolatuko lirateke Euskal Herriko hiriburu eta zonalde desberdinetan. Hitzaldi horietarako material desberdinak prestatuko ditugu, eta lagungarri izango zaigu ere 10. urteurrenerako EHtik bultzatutako El Maizalen blogaren zabalpena. Hitzaldi hauek, antolatuko diren tokietako eragileren batekin elkarlanean antolatuko dira.

Elkartasun kanpaina honetan, bi ildo hauetaz gain, bestelako ekimen, idei edo proposamen batzuk garatu ahal izango dira. Kanpaina irekia da eta era dinamiko batean garatu eta eraikitzea gustatuko litzaiguke.

Eragileak: Amerika Latina Parte-Hartuz, Askapena, Komite Internazionalistak, Euskal Herriko Hazien sarea, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa, Ehne bizkaia, Paz con Dignidad, Etxalde, Argia eta Bizilur.

Orriak