Joanekoa

Euskal Herritik munduko Herri eta borroka ezberdinei egiten diogun elkartasun internazionalista

Iraultza bolivartarraren defentsan, Venezuela aurrera! ¡No al golpe!

(abajo en castellano)

AEBetako gobernuak, oposizio venezolarrarekin, Latinoamerikako gobernu sateliteekin, komunikabide handiekin eta Europar Batasuneko aktore politiko zenbaiten konplizitatearekin batera – Eusko Jaurlaritza eta Espainiako gobernua barne-, Venezuelako herria erabateko jazarpen egoeran dauka. Helburua: Nicolás Maduro hautatutako presidentea kargugabetu eta gobernu txotxongilo bat ezartzea botere korporatiboari Venezuelako petrolioa, gasa, koltana eta urrea bermatzeko.

Bost urteko gerra ekonomikoaren, talde faxisten bortizkeriaren (guarinbak), estatu kolpe militar zein  magnizidio saiakeren ostean, Donald Trump-en gobernuak azeleragailua sakatzea erabaki du: txotxongilo kolpista bat “behin behineko presidente” ezarri du (Juan Guaidó); 80. hamarkadan Ertameriketan gerra zikinaren erantzule kriminala izan zena “AEBetako Venezuelarako arduradun berezi” ezarri du (Elliott Abrams); eta gainera, mota askotariko zigor eta blokeo ekonomiko finantzieroa ezarri du – dagoeneko Estatu venezolarrarenak diren 30 mila miloitik gora dolar izoztu ditu-. Hori gutxi balitz, martxoan, herrialdearen sistema elektrikoa erasotua izan zen, herria, hilabete batean birritan, hainbat egunez argirik, urik, garraiobiderik zein telefonorik gabe utziz.

Nazio Batuen Erakundeko aditu independientea zen Alfred de Zayasek “gizateriaren aurkako krimen” gisa ezaugarritu du azken erasoaldi hau.

Baina hedabide koporatiboek – euskaldunek barne- mota guztietako fake news eta gerra psikologikoan hain ezagunak diren mezuak zabaltzen dituzte Venezuelaren aurkako jazarpena eta balizko interbentzio militar bat justifikatzeko asmoz. “Laguntza humanitarioa” diote – venezolar aktibo publikoen lapurreta baino 1500 aldiz gutxiagoko balioa zena-, “Kubako eskuartzea” nabarmena dela diote – Guaidók komunitateetan lanean dauden 20.000 mediku kubatar kanporatzea proposatzen duela isilarazten duten bitartean-, ekonomiaren “kudeaketa eskasa” izan dela diote – Euroclear-ek eta banka britainiarrak Estatu venezolarrarenak diren 2500 milioi dolar erretenituta dituen bitartean-; “sendagaien gabezia” dagoela diote – Kolonbia zein Espainiako gobernuek hauen erosketa edo bidalketa galarazi duten bitartean-. Ezin dira zinikoagoak izan.  

Jazarpen ekonomiko, diplomatiko eta mediatiko honek iraultza bolivartarra garaitu nahi du. Prozesu honek baliabide naturalen kontrola berreskuratu du, lehenago ikusezinak ziren milioika herritar ahaldundu eta ahotsa eman die, eskubide sozialak bermatu ditu, demokrazia parte hartzaile eta protagoniko baterako mekanismoak garatu ditu eta Latinoamerikako herrien arteko integraziorako elkartasunezko mekanismoak bultzatu ditu, besteak beste.

Komunikabideek zentsuratzen duten arren, munduan Venezuelan gertatzen ari denarekiko haserrea nabaria da eta hamaika dira Venezuelako herriak jasotako elkartasun keinuak. Euskal Herrian ere hamaika dira Venezuelarekiko elkartasunez antolatutako ekimenak eta datorren maiatzaren 4ean, beste behin ere, kalera irtengo gara. Hitzordua, arratsaldeko 18.00etan Bilboko Eliptika plazan. Manifestazio nazional batek kolpeari, kanpo eskuhartzeari eta gerrari ezetz esango dio ozen eta iraultza bolivartarrari bai borobil bat emango dio. Izan ere, iraultza bolivartarra defendatzeak gaur Venezuelako herriaren burujabetza eta herritarren bizitzak defendatzea esan nahi du, guztiz aurkakoa bilatzen duen sistema politiko baten aurrean.


#M4Bilbora

#VenezuelaAurrera

Iraultza bolivartarraren defentsan, maiatzaren 4ean MANIFA NAZIOANALA Bilbon

 

Euskal Herria iraultza bolibartarrarekin!

Julio Borges, ez zara ongi etorria Euskal Herrian

(abajo en castellano)

Venezuela Aurrera plataformak Venezuelako justiziatik ihesi dagoen Julio Borges Euskal Herrira gonbidatu nahi dutela salatu eta Euskal gizarteari ohartarazi nahi dio. Zehazki pertsonai honek Euskal Herriko eskuinak zein Europako eskuinak gonbidatuta, datorren azaroaren 21 eta 23rako Bilbon antolatu dituen ekimen batzuetan parte hartuko du.


Pertsona honek (betiere bere iritziz) Venezuelan eta Latinoamerikan gertatzen ari denarekiko lekzioak eman nahi dizkigu. Eskualdeko herrien burujabetzak etengabeko erasopean dira eta faxismoa bidea egiten ari da, besteak beste stablishment-aren eta gurean EAJ-PNVren laguntzari esker. Abya Yalako prozesu aurrerakoiak arrisku bizian daudela ezin dugu ahaztu eta orain ez hainbeste irabazitako hamarkadaz ari baginen, agian Macri, Duque eta Bolsonaaroen tankerakoen eskuetan galdutako hamarkadaz hasi beharko dugu hizketan. Eskenatoki konplikatua eta gogorra dudarik gabe aurrean duguna, euren askatasunaren alde borrokan duaden herriei ahotsa eman eta babesten jarraitzeko gure konpromiso internazionalistan berresten gaituena.


Julio Borgesi dagokionez, gogoratu behar da, Venezuelako herriari zuzenean eragin dioten hainbat delituta nahastuta egon dela. Besteak beste “La Salida” gisa ezagutzen dugun 2014ko operazioa Nicolas Maduroren gobernuaren erorketa bilatzen zuena; Venezuelaren aurka Estatu presidenteei, erakunde publiko eta erakunde finantzieroei eginiko zigor eskari eta blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzieroa, inperio estatubatuarraren aginduei men eginez martxan jarritako presio neurri bezala; Gobernu Bolibartarraren eta oposizioaren artean Errepublika Dominikarrean nazioarteko bitartekariekin erdietsitako Bizikidetza eta Bake akordioak sinatzeari uko egin ondoren, elkarrizketak etetea eta berriki Venezuelako Justizia Epaitegi Gorenak ikertua eta deitua izan da Caracasen pasa den abuztuaren 5ean Errepublikako presidente den Nicolas Maduroren eta goi kargu militarren kontrako atentatuan bere balizko parte hartzearen inguruko zantzu, froga eta egitateen harira.


Arrazoi guzti hauengatik Venezuela Aurrera plataformatik honakoa diogu; Julio Borges, ez zara Euskal Herrian ongi etorria eta pertsonai hau Nazioarteko Zuzenbidea urratuz eta gure herriari iseka eginez gure herrira gonbitu izana gaitzesten dugu, eta Venezuelako herriaren burujabetza eta autodeterminazio eskubidearen aldeko konpromisoa berresten ditugu. Era berean datorren azaroaren 21ean 19:00tan Sabin Arana Fundazioaren aurrean, Mandobide kalea 6-3-n, eginen den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.

 

¡VENEZUELA AURRERA!
EZ DIRA PASAKO!
HERRIEN BURUJABETA ETA AUTODETERMINAZIOAREN ALDE!


Bilbao, 2018ko Azaroak 14

Kanakiako independentzia erreferenduma: menderatzailearengandik askatzeko bidean herriok elkartasuna indar

Igande honetan, Ozeaniako Kanakian – Kaledonia Berrian- independentzia erreferenduma eginen da. Herritarrek «Nahi al duzu Kaledoniak subirautasun osoa lortzea eta independente bilakatzea? galderari erantzun beharko diote baiezkoarekin edo ezezkoarekin. 1858an, Frantziak kolonizatu zuenetik, lehenengo aldia da herritarrek beraien etorkizunaz hautesontzietan iritzia eman ahalko dutela.

Nahiz eta kolonizazioak iraun duen urteetan zehar menderatzailearengandik askatzeko altxamenduak egon diren herritarren partetik, eta Nazio Batuen Erakundeak «deskolonizatu beharreko herrien» zerrendan daukan Kaledonia Berria, azken mendean, Frantziar estatu zenatralak bere menpe dauka Kaledonia Berria. Eta beraz, deskolonizatu beharreko herri horrek egun oraindik kolonizatua segitzen du. Garaian kolonia izena erabiltzen zen, egun frantses estatuko itsasoz harateko kolektibitate izena du, baina funtsean kolonia bat izaten jarraitzen du, XXI. mendeko Kolonia bat.

Igandeko erreferenduma Frantziako gobernu zentralarekin adostuta burutuko da, 1988ko Matignoneko akordioek marraztutako agendaren baitan.

Amaigabea dirudien deskolonizazio prozesuko ekitaldirik garrantzitsuena izan arren, zeresan handia eman du galdeketak. Jatorrizko herritar asko zentsutik kanpo egonen direlako alde batetik, eta ordura arte Matignoneko akordioen baitan, frantses gobernuak hartu beharreko engaiamendu ekonomiko politiko eta sozialen emaitzarik ez delako ikusi bestetik.

Gatazka denboran luzatu izanak eta deskolonizazio prozesua amaiera gabekoa diseinatu izanak, eraginak izan ditu eta, Independentisten artean ere badira erreferendumarekin desadostasunean direnak. FLNKS alderdi independentista historikoak baiezkoaren alde kanpaina egin badu ere, sindikatu independentista nagusiak, USTKEk, erreferendumean ez parte hartzeko deia luzatu du.

Igandean, herritarrek erabakiko dute parte hartu, edo ez. Bai bozkatu ala ez. Hautesontzien bidez edota eguneroko borrokaren indarrez, goiz ala berant, artxipelagoko biztanleek beraien independentzia eta jatorrizko herritarrek duintasuna berreskuratu beharko dute. Kapitalaren indartzeko, Frantziak menpeko mantendu dituen herrien zapalkuntza egoera jasanezina delakoan, askatasuna dugu herrion etorkizunaren berme bakar. Herriok menderatzailearengandik askatzeko bidean elkartasuna dugu indar.

 

Orriak