27 urte inpunitatearen aurka, oroimenaren eta justiziaren alde

Asteburuan, Ferrando Morroniren hiltzailearen bila joan dira  Coordinadora 24 de agosto eta Plenaria, Memoria yJusticiako kideak, Norma Morronirekin batera.
 

Urte askotako lan nekaezinaren eta ikerketen ondoren, hiltzailea identifikatzea lortu dute. Harengana hurbildu dira, baina ezkutatu egin da;  ihes egin du. Hala ere, Uruguai barnealdeko departamentuko Durazno herrian  escrachea egitea erabaki dute.
 

27 urte igaro dira Uruguaiko Montevideon Filtroko sarraskia gertatu zenetik. Orduan, hiru euskal militanteri asiloa emateko eta ez torturatzeko bermea aldarrikatu zuten Uruguaiko herriak eta herri-mugimenduko antolakunde ugarik, kontzientzia eta elkartasun internazionalista ardatz. Espainiako Erresumak hiru militante horientzat estradizioa eskatu zuen, ETAko ustezko kide izateagatik eta hainbat ekintzarengatik kondenatzeko. Arrazoi horregatik, Uruguaiko antolakunde, militante eta herritarrak hainbat egunez mobilizatu egin ziren, eta, protesta haiek ondorio latzak utzi zituzten: ehun zauritu baino gehiago, asko balaz, eta bi hildako, Fernando Morroni eta Roberto Facal.
 

27 urte igaro dira hilketen erantzukizun nahiz erantzule zehatzak ikertu eta auzitegietara bideratzeko borondate politiko eta judizialik gabe.
27 urte eman dituzte egiak ezkutatzen. Hiltzaileek eta errepresioa gidatu zutenek zigorrik gabe jarraitzen dute.
 

Baina azaroaren 20an herriak hitz egin zuen. Ahaldundu eta adorez betetzea erabaki zuen Fernandoren hiltzaileari eta inpunitateari aurre egiteko, oroimenaren eta  justiziaren alde. Duintasunagatik, egiagatik eta askatasunagatik. Etorkizun berri baterako bizia eman zutenen omenez.

 

 

NATO Euskal Herritik kanpora! Ez Gasteizen, ez inon!

 

Ez ditu hauts gehiegi harrotu NATOren etorrerak, eta kezkatzekoa da. Munduko gerra fronte suntsitzaileenetan muturra sartuta dutenak Euskal Herrian ditugu, eta oharkabean ari da pasatzen guztia. Burgesia inperialistaren adar armatua urriaren 27tik ari da pixkanaka Euskal Herrira etortzen. Gasteizko Arakako Kuartelera, Espainiako Armadak Euskal Herrian duen base nagusira, joan dira 1.000 militar baino gehiago; hain zuzen ere, NATOko militarrak eta goi-agintariak trebatzera, 2022tik aurrera eginkizun gehiago bete ahal izateko.

 

Gogoan izan behar dugu potentzia inperialista handiek 1949an sortutako armada dela NATO. 1945eko maiatzaren 9an, Armada sobietarrak Berlingo naziak garaitu ondoren, Mendebaldeko burgesiek bat egin zuten SESBri aurre egiteko, eta, horretarako, hainbat egitura administratibo eta politiko sortu zituzten. Helburua argia zen: askapen nazional eta sozialerako prozesuen aurrean, hegemonia kapitalistari eustea. Gaur egun 28 estatuk osatzen dute aliantza hori, eta Estatu Batuak eta Turkia dira potentzia militar nagusiak.

 

NATO sortu zenetik, estatu kideen interes ekonomiko nahiz politikoak eta haien burgesiak defendatzea izan da bere eginkizuna. Asko izan dira inbaditu dituen herri subiranoak. Ez dago Yugoslaviako sarraskiaren garaira joan beharrik NATOren interbentzio kriminalei buruz hitz egiteko, ezta Gaddafiren erailketaraino ere, egungo munduko miseriaren eragileetako bat edo, behintzat, konplizeetako bat izaten jarraitzen baitu. NATO, sortu zen unetik, neutraltasun eta bakezaletasunetik urrun baitago.

 

Afganistanen, adibidez, urteak egon da sartuta, eta saldu zaizkigun demokratizazio-saiakera eta baketze prozesu faltsuak agerian gelditu dira: mendebaldeko potentziak Afganistanera sartu zirenetik, herria kaos eta miseria betean utzi dute. Edo zuzenki NATOko militarrak izan gabe, Europar Batasuneko proiektu “progresisten” etiketapean, herriarekiko atxikimendua eta borroka iraultzailea ezabatu diete.


Ekialde Hurbileraino joan gabe, Europa mendebaldean ere ohikoa izan da NATOren esku hartzea, nagusiki AEBen eraginpetik aldentzen saiatu den ororen tokian. Bielorrusia demonizatzen saiatzen ari dira komunikabideak egunotan: Bielorrusiak, errefuxiatuak erabiliz, Europako Batasunaren aurkako gerra hibrido bat deklaratu omen duela, beste aitzakia askoren artean. Poloniak argi eta garbi adierazi du mugak itxiko dituela eta NATOri dei egingo diola, mugetara gertura dadin, “egoera larritzen bada”. Hau da, errefuxiatuak Europako Batasuneko herrialderanzko joera hartzen badute. Polonia NATO bidaltzeko prest dago mugetara, errefuxiatuei bidea blokeatzera. Horrek argi erakusten du, beste behin ere, EBren ekialdeko herrialdeetan barrera militarra eraiki nahi dutela, Donbassekin egin bezala.

 

Espainiako Estatua 1986an bihurtu zen NATOkide. 1986ko martxoaren 12an, Euskal Herriak, Kataluniak eta Kanariek ezezkoa eman zioten NATOra batzeko erreferendumari; zalantzarik gabe, mugimendu sozial guztiek eta, batez ere, herri mugimendu antolatuak egindako lan eskergari esker izan zen. Hala ere, nahiz eta urtetan lan egin dugun bai NATO Euskal Herrian egon ez dadin, bai erakunde kriminala bera desagerrarazteko, NATOk gure lurraldea erabiltzen jarraitzen du  operazioetarako, hala nola Bardeatako basea eta, egunotan, Arakako base militarra. Zoritxarrez, horiek ez dira EHk inperialismoarekin dituen konplizitate bakarrak. Horregatik, gaur egun herri mugimenduaren antolaketa indartu behar dugu eta NATOri EZetz esaten jarraitu. Internazionalista garen aldetik, gure eginbeharra da ahal dugun guztia egitea gure herrialdean, tokiko eta atzerriko burgesiek beste herri zapalduetan egiten dituzten krimen inperialisten konplize ez izateko.

 

Urriaren 27tik, ehunka militar mobilizatzen ari dira Béterako (Valentzia) kuartel militarretik.  Gasteiz osoa eta inguruak militarizatuko dituzte; poliziaren presentzia eta errepideetako kontrolak areagotuko dira.


Internazionalista gisa, gure betebeharra da Euskal Herria militarizatzeko azken saiakera honi aurre egitea. Argi adierazi behar dugu ez ditugula militarrak eta NATO gure lurretan onartuko, ezta beste inon ere. Horretarako, dei egiten dizuegu azaroaren 19an Gasteizen egingo den kontzentraziora batzera eta egingo diren hurrengo mobilizazioen inguruan adi egotera.


    
NATO EUSKAL HERRITIK KANPORA!
EZ HEMEN, EZ INON!

Gdeim Izik-en oroimenez, eutsi Sahara!

[...]

Gdeim Izik, duintasunaren akanpalekutzat ezaguna, borroka eta erresistentziaren adibidea dugu; saharar herriak jasaten duen zapalkuntzaren aurkako adibidea. Azken urteotan sahararrek behin eta berriz errepikatu diguten gisan, Sahararen deskolonizazioagatiko gatazka ez da auzi humanitarioa, gatazka politiko bat baizik, eta, horren aurrean, gure konpromiso eta elkartasun internazionalista agertu behar dugu. Gainera, herrialde inperialistek kooperazio-lana darabilte haien aurpegiak zuritzeko eta horrek sekulako kaltea eragin du Saharan. Kooperazio lan hori elkartasuntzat saltzen digute. Gatazka betikotu dute, konponbiderik jarri gabe mahai gainean eta, ondorioz, amaierarik gabeko gatazka bihurtu dute. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, besteak beste, kooperazio proiektu horiek erabiltzen dituzte Marokoren okupazioarekiko konplizitatea estaltzeko; bitartean, ordea, sahararren lurrak ustiatzen dituzten enpresak diruz hornitzen dituzte.

 

Are gehiago, azken urte honetan, asko dira Estatu espainolean nahiz Euskal Herrian dauden enpresek Saharan eragindako basakeriak. Beste hainbat herrik egin duten gisan, palestinarrak adibidez, Gobernuen eta enpresen esku hartze inperialistaren aurka egiteko, Siemens Gamesa enpresaren aurkako boikot kanpaina abiatu dute. Enpresa horrek lantokiak ditu Euskal Herrian. Hori dela eta, internazionalismotik jazarpenaren konplize diren instituzio eta enpresak salatzeko dei egiten dugu , herri sahararri babesa emateko. Internazionalismotik halako dinamika kolonialistak salatzea dagokigu, baita elkartasuna aldarrikatzea ere.

 

Eten dezagun Marokoren blokeoa eta eraiki ditzagun saharar herriarekiko elkartasun eta internazionalismo zubiak!

 

Gora Gdeim Izik!
 Gora Sahararren borroka!
 Sahara hurra!

Elkartasuna Chadli Aloui kide siziliarrarekiko!

Duela urtebete inguru, Chadli Aloui, ikasle eta artista gazte siziliarrari kontrol bereziko neurriak ezarri zizkion Palermoko justizia auzitegiak. Chadli, Palermo erdiguneko auzo pobretuetako nerabe eta gazteekin egindako heziketa lanagatik ezaguna da eta herri gimnasioan entrenatzaile eta antzerki sozialetako aktorea izanik, ez ditu bere balore antiarrazista eta antifaxistak ezkutatu lan militantea egiterako garaian. Pertsona migranteen eskubideen alde, erraustegien aurkako borroketan, espetxeratutako gazteen alde eta Siziliaren defentsan ere aritu izan da Chadli.


Joan zen urtean "arrisku berezidun subjektu" izendatu zuten autoritateek eta ezarritako neurrien artean ondorengoak daude: bizi den herritik irtetzeko debekua, etxean egon behar du 21.00etatik 07.00ak bitarte (gainera, indar polizialak etxean azaldu daitezke edozein momentutan bere etxean dela segurtatzeko), gida-baimena kentzea, manifestazio, ekintza edota bilkura politikoetan parte hartzeko debekua...


Palermoko Justizia Auzitegiak ondoko arrazoiak erabili zituen Chadliri aipatutako neurriak ezartzeko: istiluetan parte hartu izana, egoitza publikoen okupazioa, indar polizialen aurkako erasoak eta eskuin muturreko mugimendu eta antolakundeetako kideak mehatxatu eta erasotu izana.


Bere aurka hartutako neurriek militantzia politikorako eskubidea larriki urratzeaz gain, aurrekari larri eta arriskutsua suposatzen du Siziliako disidentzia politikoarentzat. Gogoratu beharra dago, neurri berezi hau, gainera,  italiar faxismo garaiko kode penaletik oraindik orain mantentzen den neurria dela.


Gainera, duela gutxi polizia goizeko ordu txikitan bere etxera indarrez sartu zen eta Chadliren aita salatu eta Chadli bera atxilotu zuten. Bihar, azaroaren 3an, Chadlik epailearen aurretik pasatzeko bista du eta besteak beste, pasa den urtean ezarritako neurriak berraztertuko dizkiote.


Askapenatik gure elkartasunik beroena luzatu nahi diogu Chadliri eta Sizialiako lagun guztiei. Autoritate faxisten aurrean elkartasun antifaxista eta internazionalista adieraztea ezinbesteko betebeharra da. Konpromiso soziala ez da delitua!


CHADLI LIBERO!
L'IMPEGNO SOCIALE NON È PERICOLO SOCIALE!
NO ALLA SORVEGLIANZA PER CHADLI!

Orriak