"BIZI ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA" JARDUNALDIETARAKO IZEN EMATEA ZABALIK!

 

Gaur, apirilak 17, preso politikoen nazioarteko egun honetan, Hernanin batu gara ekainean egingo ditugun “Bizi elkartasun internazionalista” lelopean antolatutako jardunaldi internazionalisten edukia aurkezteko.

 

Lehenik eta behin, munduan zehar dauden errepresaliatuen, eta bereziki, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen askatasuna exijitzen dugu, hauen lan militantea aitortzen dugularik.

 

Askapenak, Euskal Herriko erakunde internazionalistak, urte luze dirau Euskal Herri aske eta internazionalista baten alde lanean. Asko izan dira urte hauetan zehar burututako ekimenak,  euskal jendarteari kontzientzia internazionalista sortzera bideratuak egon direnak. Oraingoan ere, lan horrekin jarraitzeko beharra ikusten dugu eta bide luze horren hurrengo mugarria ekainaren 11,12 eta 13an Hernanin egingo ditugun jardunaldiak izango dira.


    
Jardunaldi horiek internazionalismo iraultzailearen oinarriak azaltzeko baliatuko ditugu, edozein herrik bere askatasuna lortzeko bidean ezinbestekoa duen tresna baita. Internazionalismoa norbere herriak beste askapen prozesuekin duen konpromisoa izateaz gain, norbere herria askatzeko behar dituen ikaspenak eta aliantzak lortzeko tresna ere badelako, eta zentzu horretan, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu Euskal Herri borrokalariak aurrera eramango duen internazionalismoaren oinarriak finkatzea.

Valsusako Autoportoaren aurkako mugimenduarekin elkartasuna

90ko hamarkadan abiatu zen Lyon eta Turin lotu nahi dituen Abiadura Handiko Tren makroproiektuaren aurkako NO TAV mugimendua Alpeetako Val di Susa bailaran, Italia ipar-ekialdean. Ordutik erresistentzian darraien mugimendua da, oso anitza, eta euren borroka molde nagusia AHTeko lanak egiteko estrategikoak diren zonaldeak okupatu eta defendatzea izan da, "presidio" izenez ezagunak diren guneak sortuz.

 

Azken urteetako borrokaren apaltze fase baten ondoren orain berriz ere berpizten hasi da San Didero herrian eraiki nahi duten “autoporto” proiektuaren aurka, kilometro gutxitara eraikitzen dabiltzan AHTarekin hertsiki lotutako azpiegitura. “Autoporto” delakoa merkantziak kamioietatik trenetara eta alderantziz kargatzeko poligono erraldoia izango litzateke, egungo ekonomia globalizatuaren oinarrian dagoen logistika sareentzako ezinbestekoak diren nodo edo konexio gune ugarietako bat.

 

2020ko abendutik San Dideroko autoportoaren aurkako erresistentzia gunea antolatu zuten NO TAV mugimenduko kideek obrak egingo diren lurren okupazioaren bidez, eta azken asteetan ekintzaile ugari zementuzko bidoietara kateatu dira –Euskal Herritik ikasi duten teknika, euren hitzetan–. Apirilaren 12an hasi zen presidioaren desalojoa eta dagoeneko 3.500tik gora poliziak parte hartu dute operazioan. Lanen segurtasunerako 5 milioi euro presupuestatu dira, proiektu osoaren %10a baino gehiago. Une honetan polizia inguruko eremu guztia militarizatu, zuhaitzak moztu eta harresiekin ixten dabil.

APIRILAK 17: PRESO POLITIKOEN NAZIOARTEKO EGUNA

Apirilaren 17an, preso politikoen nazioarteko egunean, beste behin ere herri zapalduok jasaten dugun errepresioa salatu beharrean gaude. Egun honetan, urtero bezala, geure agurrik beroena helarazi nahi diegu munduko preso politiko guztiei eta bereziki euskal preso politiko guztiei.


Preso politikoak baldin badira, herriek zapalkuntzaren aurrean bere askatasuna erdiesteko borrokatzeko hautua egin dutelako da. Horrexegatik beragatik preso politikoak zapalketaren adierazle gordina dira, herriaren borrokarena diren neurri berean. Iazko apirilaren 17tik hona ere zapalkuntza eta borroka horren adibide ugari dugu.

 

PALESTINAR LURRAREN EGUNA 2021

Martxoaren 30ean, Palestinar Lurraren eguna ospatzen da. 1976ko egun berean, herri palestinarrak greba orokorrerako deia egin zuen Israelgo okupazio-indarren palestinar lurren etengabeko lapurretaren aurka protesta egiteko. Zazpi gazte palestinar hil zituzten.

 

Lurren okupazioaren eta garbiketa etnikoari esker sortu zenetik, Estatu sionistak ez dio kolonizazio-proiektuari uko egin. Lurraren Eguneko sarraskitik 45 urtera, Israelek Palestinako lurrak okupatzen jarraitzen du, palestinarrak beren lurretatik kanporatzen jarraitzen du, beren etxebizitzak eta bizibideak suntsitzen jarraitzen du, eta koloniak eta azpiegitura berriak eraikitzen jarraitzen du, hala nola, apartheidaren harresia, chekpointak edo kolonientzako garraio-sareak. Horiek, palestinarren mugimendu-askatasuna mugatzeaz gain, lurren konfiskazioa eta okupazioa areagotzen dute. Horren adibide da Jerusalemgo Tranbiaren proiektua, CAF euskal enpresaren parte hartzearekin, Jerusalem ekialdeko asentamendu israeldarrei zerbitzua emango diena.

 

Eta orduztik, 1976an bezala, herri palestinarrak etengabe egin dio proiektu kolonizatzaileari aurre, antolakuntzaz eta borrokaz, beren lurra defendatzeko, errefuxiatuak jatorrizko herri eta hirietara itzultzeko eta autodeterminazioa eskubidearen alde eginez. Euren lurretan aske bizitzeko borrokatuz. Kolonizazio bortitzenetako baten eta eskualdeko esku-hartze inperialisten aurkako etengabeko erresistentziaren adibide bihurtu da herri palestinarra. Horren adibide dira Jerusalengo Sheikh Jarrah auzoko bizilagunak, 1972a geroztik euren etxeetatik kanporatu eta horien gainean kolonia bat eraikitzeko planari aurre egiten diotenak. Datorren maiatzean, egunero kolonoen erasoei eta jazarpenei aurre egiten dieten 550 palestinar kanporatze arriskuan izango dira beste behin, Israelgo auzitegi baten epai batek aginduta.

 

Newroz eguna, Kurduen erresistentzia eta askapen borroka aldarrikatzeko eguna.

Kurdistango askapen mugimenduak dioen bezala, historiak bi ibai ditu: bata, boteredunek idatzitako historia ofizialaren ibaia; bestea, herriarena. Mendeak dira Mesopotamia ibarrean eta Ekialde Hurbilean, unean uneko bertako agintari boteredun eta munduko potentzia zapaltzaileek guztia arpilatzen dutela, aberastasuna metatzeko xedez.

 

1978an, inflexio puntua ezarri zen historia honetan: kurduen askapen mugimenduaren sorrera eta herri gisa abiatutako askapen borrokaren hasiera. Kurdu eta langile izatearen kontzientziak bat eginda ekin zioten, eta hala jarraitzen dute egun ere. Are gehiago, urteen poderioz, emakumeen zapalkuntzaren inguruko nahiz emakumeen borrokaren inguruko hausnarketa oso indartsuak egin dituzte, eta ondorioak nabarmenak izan dira: emakume iraultzaile kopurua izugarri hazi da urtez urte, bai kapitalismoaren, bai patriarkatuaren aurka egiteko. Amedeko espetxeko erresistentzia, lehen ekintza armatuak, Konfederalismo Demokratikoa, Jinealoji, Kobane, autonomia aldarriak Bakurreko udaletan, Surreko erresistentzia, Afrin, Shengal, Gare... 


Kurdistango herria bere historia idazten ari da eta, aldi berean, herri guztiok zapaltzen gaituen kapitalismo heteropatriarkala borrokatzen. Horregatik Askapenatik adierazi nahi diogu herri borrokalari honi geure elkartasun internazionalista, sistemari leku desberdinetatik eraso eginez eta elkartasunez soilik lortuko dugulako berau garaitzea. 

Aurten Newroz eguna Euskal Herriko hainbat txokotan ospatuko da; Bilbon, Baigorri-Garazin, Donostian... erresistentzia eta elkartasun suak piztuko dira, eta su horiek piztearekin batera herri gisa bizirik gaudela aldarrikatuko dugu, aske izatearen hautua egin dugula eta horregatik eta horretarako borrokatuko garela. Su horiek piztearekin batera geuk ere bizitza erresistentzia dela aldarrikatuko dugu, zuekin batera.

[...]

 

Newroz pîroz be!
Biji berxwedana Kurdistan!


Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria internazionalista!

Orriak