A17. Elkartu besoak, ukabilak gora!

Apirilaren 17an, preso politikoen nazioarteko egunean, geure agurrik beroena helarazi nahi diegu munduko preso politiko guztiei eta, bereziki, euskal preso politiko guztiei. Haien herrien zapalkuntzaren aurrean askatasuna erdiesteko borrokatzeko hautua egin, eta haien askatasuna ematen ari diren horiei guztiei.

Errepresioa sistema gisa ulertzea ezinbestekoa da edozein askapen prozesu garatzeko orduan. Batetik, biolentzia espliziturik gabeko testuingurutan errepresioaren tamainaz jabetzeko; eta bestetik, errepresioa poliziaren eta epaitegien bortxaz harago aztertzeko. Errepresioa sistema gisa ulertzean, proiektu kapitalista garatzerakoan burgesiaren biolentziak dituen hamaika aurpegiak azaleratzen ditugu. Argi dago dominazio sistema kapitalista gainditu arte ezingo dugula errepresioa gainditu, ezingo dugula bakerik izan.

                                                                     [...]

 

Brigadak, brigadisten ahotan... Eman izena!

Agur eta ohore, Txe!

 

 

Azkenean heldu zaigu,
Txe, zu agurtzeko ordua,
baina tente mantentzen da
oraindik gure burua.
Erakutsi diguzuna
geratzen da segurua,
irabazi behar zaiola
kapitalari gudua.
Zuk egindako borroka
guretzako eredua,
jarraituko dugu berdin
askatu arte mundua.

 

Eskerrik asko, kamarada!

Newroz eguna, Kurduen erresistentzia eta askapen borroka aldarrikatzeko eguna.

Kurdistango askapen mugimenduak erabiltzen duen irudia erabiliz, historiak bi ibai ditu. Bata boteredunek idatzitako historia ofizialaren ibaia, bestea herriarena. Mendeak dira Mesopotamia ibarrean eta Ekialde Hurbilean, unean uneko bertako agintari boteredun eta munduko potentzia zapaltzaileek arpilaketa ematen dela aberastasun metaketa xede.


Sykes-Picot, Lausanne, EB-Turkia akordioa errefuxiatuen kontrolerako... asko dira aipa ditzakegun gertakari eta izen propioak Mesopotamia ibarrean eta Ekialde Hurbilean oro har dagoen aberastasunaren arpilaketari eusteko. Eremuko lehengaien aberastasuna eta duen kokaleku estrategikoa, funtsezko garrantzia dute inperialismoarentzat.


Kapitalismoak herri langileak zapalduta behar ditu bizirauteko, herriei euren burujabetza bahitu behar die aurrera egin ahal izateko. Horregatik herri langileak ezinbesteko atakan kokatzen ditu, zapalkuntza honek harekin dakarren heriotza isilik onartu edo bizi ahal izateko borrokatu.


Borroka hau da herrien historia osatzen duen ibaia, eta bestelako gertakariak azpimarratzen dira bertan. 70. hamarkadan, Kurdistanen eta Turkian oro har, kemalismoak ezarrita zuen erregimen zapaltzaileak erresistentzia handia piztu zuen honi aurre egiteko, eta honekin batera eta honen baitan hasi zen jaiotzen kurdu izatearen kontzientzia zuen gazte talde batek osatutako korrontea.


1978an inflexio puntua ezarri zen historia honetan, kurduen askapen mugimenduaren sorrera eta herri gisa abiatutako askapen borrokaren hasiera urtea. Kurdu eta langile izatearen kontzientziak bat eginda ekin zioten, eta hala jarraitzen dute egun ere. Amedeko espetxeko erresistentzia, lehen ekintza armatuak, Konfederalismo Demokratikoa, Jinealoji, Kobane, autonomia aldarriak Bakurreko udaletan, Surreko erresistentzia, Afrin, Shengal, Gare...


Kurdistango herria bere historia idazten ari da, eta honekin batera herri guztiak zapaltzen gaituen kapitalismoa borrokatzen.


Horregatik Askapenatik adierazi nahi diogu herri borrokalari honi geure elkartasun internazionalista, herri langile guztiok zapaltzen gaituen estruktura horren kontra borrokatzen direlako. Aurten bereziki, duela aste gutxi hamarnaka milaka hildako eragin dituen lurrikararen ondorioak pairatzen jarraitzen duten honetan. Ukaezina da estatu turkiarraren ardura behar bezalako azpiegiturak ez eraikitzeagatik, herri kurduaren ukapenaren beste adibide bat.


Turkiako ejerzitoarekin (gerrila kurduaren kontra arma kimikoak erabiltzen dituena) lankidetza estua duen ejertzito espainol berak okupatzen du gure herria, turkiar estatuarekin akordio ekonomikoak adostutako enpresak geure kontura aberasten ari dira era berean (Iberdrola, BBVA...), Euskal Herriko unibertsitateek turkiar estatuarekin akordio armamentistikoak dituzten enpresekin akordioak dituzte, euskal alderdiek NATO indartzeko balio duten aurrekontuei ez diete aurre egiten espainiar parlamentuan... hau da, geu ere herri gisa zapalduta izateak aukerak ematen dizkio klase kapitalistari geurearekin batera beste herriak zapaltzeko.


Askapenatik beti esan dugun moduan, internazionalistak garelako, borroka internazionalistaren lehen pausoa Euskal Herrian emango dugu; esan bezala, geure herria askatzearekin lagunduko baitugu gainontzeko herri langileak askatzen. Horrek batzen gaitu.


Eta borroka horretan lagun ditugun herri horietatik guztietatik ikasiko dugu.


Aurten Newroz eguna Euskal Herriko hainbat txokotan ospatuko da; hainbat erresistentzia eta elkartasun su piztuko dira, eta su horiek piztearekin batera herri gisa bizirik gaudela aldarrikatuko dugu, aske izatearen hautua egin dugula eta horregatik eta horretarako borrokatuko garela. Su horiek piztearekin batera geuk ere bizitza erresistentzia dela aldarrikatuko dugu.


Newroz Piroz Be!
Biji Berxwedana Kurdistan!
Gora Euskal Herria internazionalista!

Orriak